GAUR8 - mila leiho zabalik

Txontalezko azken hitzak


Chontecomatlan herrian laurehun biztanle, don Hilarino da telefono mugikorra daukan pertsona bakarra. Ezin du inorekin komunikatu, seinalea ez delako mendi hauetara iristen, baina berak etengabe hitz egiten du telefonoa eskuetan duela.

Zuhaitz baterantz zuzentzen du pantaila, bideo bat grabatzen hasten da eta hitz batzuk esaten ditu:

–Ijltaa a ek guishanajl (Hau ahuakatearen zuhaitza da).

Etxe bat grabatzen du ondoren.

–Ijltaa ley nejujlk (Hau nire etxea da).

Herrian aurrera jarraitzen du.

–Ijltaa lane ajlbae jlijuala gahi (Bide hau hurrengo herriraino doa).

Don Hilarino Torres Mendoza –56 urteko nekazaria, lastozko kapelua, bizar urdintzen hasia– Oaxacako txontal hizkuntzako esaldiak grabatzen ari da. Mexikon oraindik erabiltzen diren 68 hizkuntzetako bat da txontala. Oraindik, bai: 68 mintzaira horiek 364 aldaera dituzte, eta horietatik 187 desagertzeko arrisku ertain, altu edo oso altuan daude, Hizkuntza Indigenen Institutu Nazionalaren (INALI) arabera. Txontalarekin itxaropen gutxi dago: 3.500 hiztun bakarrik dauzka, gehienak 50 urtetik gorakoak, hiru dialekto erabiltzen dituzte eta mendietan sakabanatuta bizi dira.

–Gizon hau harrigarria da –dio Salvador Galindok–. Zenbait herritan mesfidantzaz hartzen gaituzte, testigantzak jasotzera eta hizkuntza suspertzeko planak proposatzera iristen garenean. Baina don Hilarino berehala etorri zitzaigun, gure bisitak asko pozten zuela esatera eta bideo mordo bat erakustera.

Arazo bat zegoen.

–Ez da oso ondo moldatzen telefonoarekin. Bideo bat erakusten zigunean, gero ezabatu egiten zuen nahi gabe. Zenbat informazio galdu ote du, okerreko botoia zapaltzen duelako edo bideoak jasotzeko memoria nahikorik ez daukalako!

Don Hilarinok txikitan bizi izan zuen ezabapen sistematikoaren azken hondarrak jaso nahi ditu telefonoarekin.

–Zer gertatzen zen garai hartan, bada maisuek debekatu egiten zizutela txontalez hitz egitea. Eta umeok isilik gelditzen ginen. Nik gaztelera ikasi nuen, eta ez nuen txontala ahaztu, baina oraingo umeek ez dakite, eta Gobernuak ez du laguntzarik bidaltzen zapaldu zuen hizkuntza salbatzeko.

Galindo maisuak ahal duena egiten du. 45 urte dauzka, aurpegi zabal zapotekoa, ile beltz nahasia, tarteka malenkoniatsua eta tarteka ironikoa den irribarrea. Hizkuntza babesteko helburua duen Oaxacako erakunde publiko batean egiten du lan, oso baliabide gutxirekin, eta urtero milaka kilometro egiten ditu herri isolatuenak bisitatzeko.

Oaxacako mendi eta oihanek kultur aniztasun harrigarria gordetzen dute: hemezortzi talde etniko daude –zapotekoak, trikiak, mixeak, txinantekoak...–, hamabost hizkuntza indigena erabiltzen dituztenak, dozenaka dialektorekin. Mixtekoak, adibidez, 81 aldaera dauzka; zapotekoak, 40...

Iazko ekainean, Txontal mendikateko hamasei herri txiki bisitatu zituen Galindok, etxez etxe altxor bat bueltatzeko. Disko konpaktuetan gordetako altxorra zen: 16 ordu eta 50 minutuko grabazioak, Paul Turner hizkuntzalari estatubatuarrak 1967an txontal hiztunei egindakoak.

–Grabazioen itzulera oso interesgarria izan zen –dio Galindok–, txontala bezalako hizkuntza hain txiki batek mende erdian izandako bilakaera erakusten zutelako. Tira: bilakaera baino, atzerakada galanta.

Turnerrek 1967an egindako galdera berdinak egin zizkien Galindok 2016ko hiztunei: gaztelerazko hitzak eta esaldiak txontalez esateko eskatu zien. Hutsune handiak gelditu ziren egungo erantzunetan.

–Turnerrek elkarrizketatutako gizon bat ere aurkitu genuen. Ez zituen grabazioak gogoratzen. Txontala oso galduta zeukan, ez zen gai galdera asko erantzuteko. Gero grabazioa jarri genion, bere burua entzun zuen mende erdi bat lehenago hitzak txontalez zuzen esaten, eta negarrez hasi zen.

Don Hilarinok ez du negarrik egiten. Bere buruari iruzurrik ere ez.

Hizkuntza berrindartu behar dugu, bai. Baina nik uste dut desagertu egingo dela eta horregatik jasotzen dut telefonoan: gure hitzak nonbait gorde daitezen.