Gorka Zozaia
Kimikaria

Noiz hasten da zientzia?

Galdera horixe pausatu nuen pasa den astean Leioako campusean egin ziren Herri Unibertsitateetako saio batean. Erantzunik ez nuela azaldu nuen orduan, eta berbera berresten dut hemen. Zientzialarion eginbeharra zein ote den kezkaturik, zientzietako ikasleekin batera egin ibilbidean galderak besterik ez dira azaleratzen, eta gehiago beharko dira, jarduera zientifikoa kapitalaren esku eta logikatik askatu eta zientzia herritar baten bidean jartzeko. Zalantza nagusi horiekin abiatu ziren eskolak eta askotariko ikuspegi eta iritziak azaleratu ziren hasiera-hasieratik. Zientzia gutxi batzuen esku dagoen adostasuna zabala bazen ere, zientziarekin ulertzen denaren gaineko dibergentziak agerikoak dira. Zientzia natural eta sozialen arteko banaketatik hasita, zientzia zenbakiekin egiten dela eta lege orokorrak ateratzea duela xede defendatzen zutenak baziren, baita zientziak oinarrizkoa behar duela (ingurunea esplikatzeko) aldarrikatzen dutenak ere, eta ez aplikatua (ingurunea eraldatzeko). Baliabideen ustiaketa besterik bilatzen ez duen zientzia ere aipatu zen, eta zientzia arrazoiak egiten duela ere entzun ahal izan zen.

Ageriko nahasmen horretan ikuspegi historikoak lagunduko zuela sinetsita, izenburuko galdera plazaratu nuen beste saio batean. Bote prontoan erantzun interesgarriak atera ziren: gertaerak interpretatzen hastean, objetibotasunak eta arrazoiak egiten dutela zientzia, kausa-efekto fenomenoak identifikatzean, jakintzaren transmisioa ematen denean, metodo zientifikoa sortzean kontzienteki, materia erabiltzean... Erantzunak bezala galdera interesgarriak ere azaleratu ziren: animaliek ere egiten dute zientzia? Berrikuntza zoriz egitea zientzia da?

Tira, esan bezala erantzun itxirik ematera ez nindoan, eta ariketa proposatu nuen irudikoaren moduko denbora lerroa osatzeko. Ikus daitekeenez milurtekoetan zehar hainbat eta hainbat asmakizun izan dira, ingurunea interpretatu eta eraldatzeko hainbat bide. Egun, adostu berri denez aro geologiko berri batean sartuak garela (antropozenoa), energia eta materia txanpon beraren aurpegi bi bezala ulertzen ditugu (E=mc2 erlazio ezagunetik), eta horretan oinarritzen dugu bai makro zein mikro unibertsoaren ezagutza. Oro har giro koperniarretik honakoa, zientzia modernoa deritzona, posibitatea duena, filosofia eta matematika hizkuntza, zalantzarik gabe identifikatzen dugu zientzia bezala, baina horrek hiru mende eskaseko ibilbidea du eta oso loturik dago une berean jaiotzen den kapitalismoarekin. Unibertsitateak, adibidez, zortziehun urte lehenago jartzen dira martxan, jakintza eskolastizismotik askatuz; eta filosofiaren sorrerara joateko askoz atzerago jo behar dugu, duela 2.500 bat urtera, Grezia Klasikoan arrazoia fabulen gainetik jartzen den unera. Hainbat zientziaren jaiotza garai horietakoa izanik, nahiko une aproposa dirudi zientziaren hastapenak bertan kokatzeko, baina, orduan, egun denbora eta angeluak neurtzeko erabiltzen jarraitzen dugun sistema sexagesimala ez al zen zientzia izan? Ez al da zientzia metalak funditzeko gai izatea? Eguzki egutegi bat osatu eta urteak 365 egun dituela ebaztea zientziatik aldenduta ulertzen al dugu? Eta nola ez, ehiza eta bilketaren mendeko izatetik naturako izaki bizidunak ulertu eta produzitzeko gai izatera igarotzea ez al da ba jarduera zientifikoa? Noski, horrela atzera, oso atzera ere egin genezake, 2,5 milioi urte atzera adibidez, homo generoaren sorrerara, homo habilis-aren harria lantzeko gaitasunak zehazten baitu, besteak beste, noiz bereizi ziren gure arbasoak animaliengandik. Baina itxoin, horiek ez al dute tresnarik erabiltzen? Eta ez naiz ari inurriak jateko zotzak darabiltzaten tximuez, inurriak artalde gisa erreserbarako erabiltzen dituzten armiarmak ere ei daude, adibidez... Eta haratago joanez, ez al dute finean izaki bizidun guztiek ingurunea hauteman eta beren probetxurako eraldatzen? Non kokatu bada zientziaren sorrera? Zer ote da zientzia?

Niri astelehen goizean emandako azalpena gustatzen zait; zientzia alor batean esperientzia, jakintza eta gaitasuna izatea dela. Oso irekia izan ahal da ikuspegi hori, baina nahiago gaur egungo zientziaren itxitasuna baino, egia objektiboarekin itsututa, inperialismo kuantitatibista besterik eskaintzen ez duena. Eta nahiago dut, batez ere, zientzia herritarron alde, emantzipaziorako, ingurunea eraldatzeko tresna gisa ulertzen baitut; borrokatzeko esparru bat gehiago, besteak beste, Herri Unibertsitatea utopiaren eremutik ateratzeko! •