Nagore Belastegi Martin
infraganti

MAITE BIDARTE

Dokumental bat egin zuen Maite Bidarte lesakarrak Koldo Garcia lagunarekin batera. Bertan, 28 urterekin izan zuen krisialdi pertsonala gainditzeko erabili zuen modu bitxia kontatzen dute: bere karta astral berbera duen pertsona bilatu nahi zuen, berak bakarrik ulertu ahal izango zuelako sentitzen ari zena.

B egirada bizia eta irribarre gozoa dituen emakumea da Maite Bidarte lesakarra. Info7 irratian egiten du lan egun baina aurretik zinemarekin harremana zuen lanbide batean aritu zen. Barton Films banatzailean Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko kide diren Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren “80 egunean” filmaren komunikazio arduraduna izan zen. Oso lan polita zela dio, baina gogorra ere bai. Orain irratian pozik dabil.

Zinemarekin izan zuen harreman hark eraman zuen nolabait Koldo Garciarekin batera bere lehen filma egitera, “Karta astrala”, film labur dokumentala. «Koldo nire pisukidea zen. Berak ikus-entzunezko master bat egiten zuen eta esan zidan Larrotxeneko ikastaro bat egin behar zuela. Eta nik daukat cursitis aguda! Izan ere, norbaitek esaten badit ikastaro bat egingo duela, nik ere egin nahi dut», kontatu zuen Bidartek barrez.

Ikastaro hura Moriartiko kideek eskaintzen zuten, eta haiekin harremana zuenez oraindik gustu handiagoz eman zuen izena bertan. «Beraiek zerbait egiten badute ni joango naiz, hagitz onak, jatorrak eta umilak direlako», aipatu zuen.

Eta orduan hasi zen euren ikus-entzunezko abentura. Kazetariak buruan bazuen ideia bat. Krisialdi pertsonal bat igarotzen ari zen, inork ulertzen ez zuena, eta horri konponbidea ematen saiatu zen. «Nire ama euskaldun berria da eta euskaltegian berarekin zebilen gizon batek karta astralak egiten zituen. Bada, nire ama animatu bat denez, erran zion bere hiru seme-alabei egiteko. Kontua da karta astrala bagenuela, baina ez genekiela leitzen, ez zegoen testurik. Normalean karta astrala testuarekin dator, baina hori ere ez da asko ulertzen... Nire amak bakarrik oroitzen zuen lagun aunitz izango nituela eta etxe aunitz izango nituela, baina ez genekien deus ere gehiago». Eta horretan behintzat asmatu zuen. Izan ere, Maite Bidarte pertsona alaia, ireki eta lagunkoia da, berak lotsatia dela dioen arren. Horrez gain, Bartzelonan, Danimarkan, Bilbon, Donostian... bizi izan da.

Hain justu, krisialdia bizitzen ari zen karta astrala egin zioten unean. «Gaizki zaudenean hagitz klabe dira ernatu eta lehen bost minutu horiek. Ernatu eta zure muskuluak hor daudela konturatzen zarenean, eta orduan esaten duzunean ‘kaka zaharra, berriro berdin nago eta hau ez da joan’. Ez duzu ohetik altxatzeko gogorik ere. Bajoi bat ematen dizunean, hain da zaila azaltzea nola zauden... Gainera, jendeak garrantzia kentzen dio. Pentsatu nuen aurkitu behar nuela norbait entenditzen ninduena. Eta nire itxaropen bakarra zen karta astrala. Sentitzen nuen norbaitek ulertu behar ninduela edo egon behar zela norbait ni bezain izorratua. Horrek itxaropena ematen zidan, pixka bat gaiztoa bada ere...», zioen bere nahia azaltzeko.

Eta horrela, bere karta astral bera duen pertsonaren bila hasteko proposamena egin eta prozesua filmatzea erabaki zuen. «Klasera joan ginenean esan ziguten dokumental bat egiteko ideiak behar genituela. Koldori nire ideia kontatu nion. Ni ordurako hobeto nengoen, gaizki zaudenean ez daukazulako ezertarako indarrik. Erran nion nirekin jaio zen norbait bilatzen ari nintzela. Ez zitzaion batere gustatu. Klasean aurkezpena egin behar genuen eta nonbait konbentzitu egin nuen. Nire bizitza kontatzen lerro kronologiko bat egin nuen argazkiekin eta esan nuen orain hasierara itzuli nahi nuela. Proiektuak bozkatu genituen eta Koldok ‘Karta astrala’ bozkatu zuen eta elkarrekin hasi ginen lanean. Eskerrak bi ginen... Pisukideak ginen eta ez dakizu zenbat ordu eman genituen ordenagailu aitzinean... Dokumentalean 30 urte betetzen ditut eta orain 32 ditut. Luze joan da; lana baduzu eta cursitis aguda baduzu, den-dena atzeratu egiten da!».

Eta horrela, bi lagunak fruitu oparoak emango zituen esperientzia berri batean murgildu ziren. Hasieran sare sozialetan egin zuen eskaera, ea 1984ko urriaren 8an Iruñean jaiotako norbait topatzen zuen. «Euskal Herria hagitz txikia da eta Nafarroa are gehiago», pentsatu zuen, baina ez zuen emaitzarik lortu. Google bidez bilatzen saiatu zen, ospitalera jo zuen... alferrik. Jaioteguna informazio pribatua delako eta garai hartan dena analogikoan zegoelako, ez zuen ezer lortu. Egunkarietako hemerotekak begiratu eta 22 izen eskuratu zituen azkenean. Euren datuak lortu ahala, telefonoz deitzen zien bere istorioa azalduz. «Flipatu egiten zuten. ‘Karta astral berdina dugu’. ‘Zer dugula?’, esaten zuten».

Bere bilaketan pertsona batekin egin zuen topo –pelikulan agertzen da istorio hori eta ezin dugu xehetasun askorik eman–. «Pertsona batekin gelditzera iritsi nintzen. Eta uste dut nahiko ongi hartu zuela den xelebrekeriarako. Lesakar batek egiten zuen lan berarekin eta uste dut horregatik eman zidala baiezkoa. Nik espero nuen lagun minak egingo ginela, eta ez da hala gertatu. Sanferminetan elkartu ginen, baina ez dakit deus ere berari buruz. Filma estreinatu zenean bidali nion gonbidapena eta agian ez zaio ailegatu. Ez du ‘Karta astrala’ ikusi oraindik! Agian berriz saiatu beharko nuke...», azaldu du Bidartek.

Pertsona horri jarraiki bidaia bat egin zuen Bidartek, baina helmuga ezin dugu kontatu. «Nire lagun batek bazuen etxe bat bertan. Hiri bat da, eta hain justu pertsona hau ere hiri horretan bizi zen. Nire lagunaren kalea Urriak 6 kalea zen, eta bere jaioteguna urriak 7. Eta gu urriak 8koak gara. Astroak! Ni emozionatuta nengoen», aitortu zigun Maite Bidartek, Koldo Garcia guztiari zentzua ematen ahalegintzen zela gogoan.

Bidaiaren ostean pelikulari amaiera eman behar ziotela erabaki zuten. 27 minutuko pelikula txiki eder bat atera zitzaien azkenean. Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu zuten Larrotxeneko ikastarotik ateratako lan guztiekin batera. «Ze urduritasun pasa nuen! Gurasoak ere joan ziren, eta ez zekiten filmean agertzen zirela. Hori polita izan zen. Aunitz gustatu zitzaien eta horrek poz handia eman zidan. Jendea barrez hasi zenean lasaitu egin ginen», aipatu zuen. Gainera, jendeak esan izan die istorioarekin identifikatuta sentitu dela, oso pertsonala bada ere kontakizun unibertsala ere badela. Ikusleen gustukoa izateaz gain, adituen txaloak ere jaso zituen lanak. Izan ere, sari bikoitza eraman zuen “Karta astrala” lanak Lekeitioko Zinema Bileran, Amateur atalean filmik onena eta gidoirik onenaren sariak eskuratu baitzituen. Hori dela eta indartuta sentitu ziren zuzendariak eta film bat nola egiten den kontatzen duen beste dokumental bat egiteko gogoa sartu zitzaien, ez baita batere erraza. «Gauza bat da kamera bat, ordenagailu bat... izatea eta beste bat film bat egitea. Egia da teknologia demokratizatu dela, baina dena ez da hain erraza. Sortzea ez da erraza. Gauza asko egin daitezke; lehen pertsonan edo hirugarrenean, umorearekin edo kutsu dramatikoarekin, azkarrago edo motelago… Ez dakit ona den ere hainbeste ekoizpen egotea. Beraz, momentuz, deskantsua», ziurtatu zuen. Hala, uneotan zuzendaritza ikastaro bat egiten dabiltza bi lagunak. Euren filma laster publikoki zabaltzeko intentzioa dute, eta bitartean prest daude eskatzen dieten edozein lekutan aurkezteko.

Bere krisialdiari dagokionez, bere burua helduago ikusten du Bidartek. «Pentsatzen dut holako zerbait berriro gertatzen bazait krisialdiak ez nauela berriro bete-betean harrapatuko».•