Xabier Mikel Errekondo

#EzGaraEzberdinak

Kuban ustekabe galanta eraman nuen beltzen arteko arrazakeriarekin topatu nintzenean. Azal beltzekoek beltzagoa dutenak gutxiesten dituzte, alajaina.

Geroztik, garunaren gibelean iltzatu zitzaidan ideia hori maiz pizten zait gure herri aurreratuan mendekotasunarekiko ditugun jarrera negargarriekin. Istripuz ala eraginda, heriotza bat-batean topatzen dutenek salbu, guztiok bizi(ko) dugu mendekotasun mailaren bat. Konturatu nahi ez duenak ken ditzala betaurrekoak astebetez eta ikusiko du…

Horregatik orain hiru aste EiTBk mendekotasunaren eta kirolaren inguruan eskaini zuen erreportajeak tristura sortu zidan. Asmatu zuen baliabide ekonomikoak eta leiho komunikatiboa benetako sakonera soziala duen gaiari eskaintzean, baina ikuspegi zaharkituan geratu zen; «arazoak dituzten pertsonak gizartean integra ditzagun», laguntza hutsaren ikuspegia (lastima ere), gizartera ekarri bai baina eranskin gisa hartzeko. Aitzitik, gakoa gizarte inklusiboa da. Non herritarrok egunerokoan barneratuta dugun guztiok eskubide eta aukera berdinak ditugula ikasteko, lanerako, bizitzeko zein sexurako, pertsonaren gaitasunei diegun erreparatuko eta gabeziak baliabide nahiko jarriz estaliko. Adibidez, ahal den guztietan eskailerak kanpora. Eskaileren alboan arranpa = integrazioa (aulkian mugitzen denak aparteko bidetik moldatu behar); arranpa guztiontzako = inklusioa. Diseinu unibertsala orotarako. Posible dela guztiz sinetsita nago… Motxila21 taldearen #NoSomosDiferentes elkarlana datorkit gogora, #EzGaraEzberdinak (EzGaraEzberdinak bideoa).

Mentalitatea zabaldu eta irauli behar dugu. Pauso txikiak dira baina guztiok emanik emaitza erraldoia lortuko genuke. Adibidez, terminoak zaindu ditzagun: ez erabili “desgaitua”, baizik “desgaitasunen bat duen pertsona”; izan ere, aulkian mugitzeak ez du mugatzen beste milaka gaitasunetan.

Barneratu guztiok bizi dugula mendekotasun mailaren bat eta erreparatu pertsonen gaitasunetan gabezietan baino. •