22 ABR. 2017 infraganti JOXE AGUSTIN IRIONDO «TXUSTA» Futbol profesionala utzi ondoren, kartzelara bidean jaio zitzaion alaba nagusia. Urte askoan Txustaren taberna bertsolarien eta beste hamaika kolektiboren bilgune izan zen. 1981eko otsailean, Joxe Arregi ikusi zuen Madrilgo DGSan. Bizirik ikusi zuten azkenetakoa da. Xabier Izaga Gonzalez Abel Enbeita bertsolariak behin eta berriz aipatu zuen bere lagun Joxe Agustin Iriondo orain aspaldi ez dela, GAUR8rekin solasean. Arabako beste hainbat bertsolarik ere izan zuten hizpide herrialdeko bertsolaritzaren bilakaeraz jardutean. Halaber, Arabako Txapelketako finalaren aurkezpenean gogoratu zuten. Jende askok ez bide daki nor den Joxe Agustin Iriondo, baina Txusta esan orduko, haren irribarre puru batez hornitua gogoratuko zaie. Gasteizko Alde Zaharreko sarrerako plazatxo batean gaude goiz hozkirri bateko bederatzietan. Paseoa atzerarazi diogu, baina txangoaren ostean, egunero bezala, GARA irakurriko du, erdarazkoa taberna batean, «Amparo [Lasheras], Antonio Alvarez Solis…», eta gero, etxean, euskarazkoa, patxadaz. «Niri batua irakurtzea kosta egiten zait, horregatik uzten dut etxerako, baina bai, zuei ere irakurtzen dizuet». Emakume batek agurtu du. Parean dagoen gozotegira doa, ogia erostera. «Gozo-denda horretan Gasteizko txokolaterik onena dute», dio Txustak. Mendaroar batek esanda, argudio zorrotzak behar dira kontrakoa esateko. Izan ere, Txusta Mendaron jaio zen 1943an, Garagartza auzoan, hain zuzen. «Elgoibarko udalerrian zegoenean, eta ibaiaz bestaldeko auzoa, Azpilgoeta, Mutrikuko udalerrikoa zen. Nire karnetean, baina, Mendaro agertu da beti». Ez omen du Mendaroko oroitzapen askorik, bost urterekin etorri baitzen Gasteizera gurasoekin, amamarekin eta bi anaiekin. Gazte-gaztetatik, zazpiren bat urte zituela, hasi zitzaizkion Txusta izengoitiaz deitzen; lehena etxetik gertuko taberna bateko nagusi Bizentek. Eta 67 urte igarota, ez daki zer dela-eta izengoiti hori. «Euskara den ere ez dakit. ‘Txustarra’ edo ‘zuztarra’ bai, baina ‘txusta’...». Abel Enbeitak eskatuta bere taberna Gasteizko Bertso Eskolaren egoitza bihurtu zuen garaia gogoan, «guardia zaharra» aipatu du: Xabi Rico, Rikardo Gonzalez de Durana, Txipi eta Txerren Ormaetxea, Serapio Lopez... Baina baita gazteagoak ere, hala nola Ruben Sanchez, Asier Otamendi eta Oihane Perea gaur egungo txapelduna. Zenbait belaunaldi igaro dira Txusta tabernatik edo, zehatzago, Kirolak tabernatik, hala baitzuen izena taberna hark, inork erabiltzen ez bazuen ere. Beste herrialdeetako bertsolarientzat ere erreferentzia izan zen Gasteizen. Batzuek, bertan bizi izandakoek, oso maiz bisitatu zuten, hala nola Andoni Egañak eta Jon Maiak, baina beste asko ere igaro ziren handik, «famatuenak eta ez hain famatuak», Abel Enbeitaren hitzetan, «Arabako bertsolaritzaren epizentroa» baitzen. Hamaika saio, bertso afari eta bilera egingo zituzten han. Eta amama Luisa, Txustaren ama, bertsozalerik handiena zela zioen Abelek. Baietz dio Txustak, «ahal zuen guztietan, hara igotzen zen bertsoak entzutera». Bertso afariez gainera, bestelako ospakizun ugari egin izan dituzte Txustaren tabernan. 1980an, Tximist enpresak babestutako espedizioak Everesteko gailurra zapaldu zuen egun berean, Txustarenera eraman zuten enpresara iritsitako telegrama, Martin Zabaletak eta Pasang Tembak gailurra zapaldu zutela zioena. Kartel bat jarri zuen Txustak tabernako horman: «Euskadik Everest hartu du!». Espedizioa Euskal Herrira itzuli zenean Txustarenean afaltzen izan ziren kide guztiak, balentria hura ospatzeko. «Akordatzen naiz, bai, han izan ziren denak, Lorente, Rosen, Zabaleta…». Parranda, kultura eta konspirazioa Bertsolariena ez zen hara biltzen zen kolektibo bakarra, ordea. Besteak beste, komunikazio modu ezberdin baten alde lan egiteko asmoz, 1983ko abuztuan Hala Bedi irratia sortuko zuen gazte talde batek bilera ugari egin zituen. Halaber, hara bildu izan ziren langabeen asanblea, sindikatuak, hainbat enpresatako grebalariak… Ospakizun, kultura eta konspirazio gune izan da beti, beraz, taberna hura. Txustak hartu baino lehen, Gasteizko Amnistiaren Aldeko Batzordeek zuten tabernaren ardura, finantziazio iturri gisa, eta Txustak eta bere kuadrillak lagundu egiten zuten. 70eko hamarkadaren bigarren erdian, Batzordeek taberna utzi eta Txustak hartu zuen. Gogora etorri zaio Euskal Herri osoko ekologistak bertara bildu ziren eguna. Tabernaren goiko aldean, batzar gela gisa erabili ohi zuten jantokian, 120 lagun ziren. Halako batean, Poliziak taberna zegoen kalea itxi zuen. Hainbat polizia tabernara sartu ziren, bonba abisu bat jaso zutela esanez. Bezeroei dokumentazioa eskatu zieten, baita sukaldean zeudenei ere, tartean Txustaren emazte Begoñari, eta hiru gazte eraman zituzten atxilo. Txustari galdetu zioten ea goiko solairuan inor zegoen, eta Txustak ez zekiela, ezetz uste zuela esan zien. Ez ziren igo, eta alde egin zuten. Poliziak ondo ezaguna zuen Txusta aspalditik, 1968an espetxean izan baitzen ia urtebetez. Gasteizko Bake kaleko kartzelan egun batzuk eman ondoren, Carabanchelgora eraman zuten. Harako bidean zela jaio zen Ainhoa, Txustaren hiru seme-alabetan lehena, eta hango zuzendariak eman zion berri ona: «Ha sido usted padre, entra con buen pie». Aurrerago, ETAko presoak gose greban zirela, haien ordezkari joan zen Txusta zuzendari harekin hitz egitera, baina solasak ez omen zuen luze iraun, Txustak mahai gainean ukabilkada bat jo eta altxatuta bukatu baitzen bilera. Antzera amaitu omen zen hurrengo urtean Gasteizko gotzain Francisco Peraltarekin bildu zenekoa. Euskal presoez zihardutela, «terrorismoaz» hitz egiten hasi zitzaion gotzaina, baita damututa al zegoen galdetu ere, eta Txustak bertan behera utzi zuen bilkura. Ama haserretu egin omen zitzaion, fededun amorratua baitzen. Amama Luisa egunero joaten omen zen mezatara… Pilare Egunean izan ezik. Edonola ere, Txustak gizon onberaren ospea izan du beti, eta jende guztiarekin izan ditu harreman onak, baita apaizekin ere. Beti ere ziria prest, ordea, behin batean Gasteizko eliza bateko parrokoarekin erakutsi zuenez. Txusta beti bezala purua ahoan ikusita, errietan hasi zitzaion apaiza, txantxetan. «Niri medikuak ez dit erretzea debekatu, behintzat, zuri ez bezala», esan zion Txustak. Hala zela aitortu zion apaizak, baita zigarro paketea erakutsi ere, erdi agortuta, egun berean erosi zuen arren. Eta esan zion aginduta zeukala hildakoan hilkutxan berekin kartoi bat Ducados sartzeko. «Eta metxeroa?», galdetu zion Txustak. «Hara, hori ahaztuta neukan», erantzuten hasi zen apaiza, baina bukatu baino lehen Txustak bota zion: «Lasai, zoazen lekuan ez duzu behar izango, betiko sua izango duzu eta». Apaiz baten ahoan ez kontatzeko moduko erantzuna jaso omen zuen Txustak. Joxe Agustin Realekoa da. «Beti. Baina ez Athleticen aurkakoa, e?». Ez omen du ulertzen talde baten aldekoa izateko beste baten aurkakoa izan beharra. Realekoa lehenengo, baina «ni euskal talde guztietakoa naiz». Alavesekoa bigarrenik, jakina, bertako jokalaria izan baitzen. 1961ean fitxatu zuen Alaveseko gazteen taldeak, 18 urterekin; gero erregionalean jokatuko zuen, eta handik lehen taldera pasatu zen, bigarren mailan zegoela. 23 urterekin utzi zuen futbola. Jokalari ona zela dio harekin jokatu zuen edo zelaian ikusi zuen «gazte jendeak»; hala ere, berak dioenez, ez zuen asko jokatu. Futbolari ona baina parrandazalea ere... «parrandazale hobea», dio berak. Hurrengo urtean, Begoña Lopez de Munainekin ezkondu eta urtebeteren buruan, esan bezala, alaba nagusia Txusta kartzelara bidean zela jaio zitzaien. Baina bi seme-alaba gazteek ere izango zuten aita kartzelan ikusteko «aukera». 1981ean, aurreko eta ondorengo urteetan bezala, atxiloketak eguneroko ogia ziren. Urte hartako otsailean ETAko komando bat erori zen Madrilen, eta Euskal Herriko zenbait lekutan, besteak beste Gasteizen, atxiloketak izan ziren. Madrilgo DGS Segurtasun Zuzendaritza Nagusira eraman zituzten atxilotuak, haien artean Txusta. «Oso gogorra izan zen hura», dio Txustak aurpegiera goibelduta. Kalabozoetatik, galdekatzeko, bigarren edo hirugarren solairura igo zutenetako batean, lurrean zegoen koltxoi bati erreparatu omen zion. Haren gainean etzanda, gizon bat: Joxe Arregi. «Pentsa nola zegoen, ez zuten kalabozoetara ere jaisten». Carabanchelgo kartzelara sartu zirenean, han ziren presoek ukabilak gora eta “Eusko gudariak” abestuz hartu zituzten. Sartu berriek, harrituta, preso berriak sartzen zirenetan abesten zutela pentsatu omen zuten. Artean ez zekiten Arregiren heriotzaren berri. Txustari aspaldiko lagun batek esango zion, Abel Enbeitak, hain zuzen. Onbera eta adarjotzailea, edo alderantziz. Parrandazale eta konprometitua. Hamaika ikusitakoa, batzuetan gorriak eta beltzak. 1980an Everesteko gailurra zapaldu zuen Tximist espedizioa Euskal Herrira itzuli zenean, Txustarenean afaltzen izan ziren kide guztiak, balentria hura ospatzeko Kalabozoetatik, galdekatzeko, bigarren edo hirugarren solairura igo zutenetako batean, lurreko koltxoi bati erreparatu omen zion. Haren gainean etzanda, gizon bat: Joxe Arregi