GAUR8 - mila leiho zabalik
FILIPINAK

Polizia etxe bateko horma-hobi sekretu batean atxilotuak aurkitu dituzte

Rodrigo Duterte Filipinetako presidenteak abian jarritako «drogaren aurkako gerrak», 8.000 hildako eragiteaz gain, poliziek egindako delituei ateak zabaldu dizkie. Manilako poliza etxe batean hamabi lagun bahituta zeuzkaten ziega txiki batean eta «atxilotuei» erreskatea exijitzen zieten. Bisitari batzuek entzun zituzten bahitutakoen garrasiak.


Polizia etxeko altzari baten atzean ezkutatuta zegoen espazio txiki batean hamabi lagun pilatuta aurkitu zituzten apirilaren 27an, Rodrigo Duterte Filipinetako presidenteak abian jarritako «drogaren aurkako gerran» gehiegikeriak egiten direla dioen tesia indartzeko. Giza Eskubideen Gobernu Batzordeko kideek eta beraiekin zihoazen kazetariek egun hartako arratsaldean aurkitu zituzten gizon eta emakume horiek, aldez aurretik jakinarazi gabe Manilako auzo bateko polizia etxera egindako ustekabeko bisitan aurkitu zituzten.

«Hemen gaude, hemen gaude», entzun zuten bisitariek. Norbait garrasika ari zen, baina hormaren barrutik ari zela zirudien. Apalategi baten atzean ezkutatuta ate bat ikusi zuten. Zabaldutakoan barruan zeudenak irten egin ziren. Batzuek ura eskatzen zuten bitartean, beste batzuek negar egiten zuten. Batzordekideei eskatu zieten leku hartan ez uzteko.

Agenteek eskatutako erreskatea

Atxilotuek kontatutakoaren arabera, astebete zeramatzaten leku txiki hartan pilatuta, ustez legez kontrako drogen saltzaile edo kontsumitzaile izateagatik atxilotuak izan ondoren. Poliziei leporatu zieten erreskate moduan diru asko exijitzea, beraiek aske uzteko. «Drogaren aitzakiarekin espetxeratu dituzte, baina ez diete inolako kargurik egotzi», esplikatu zion France Presse agentziari Gilbert Boisner Giza Eskubideen Gobernu Batzordeko Manilako zuzendariak.

Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu du drogaren aurkako gerraren harira egiten diren abusuen beste kapitulu bat baino ez dela polizia etxean bizitakoa. Aipatu gerrak dagoeneko milaka hildako eragin ditu Filipinetan. «Espetxe sekretu horren aurkikuntza, Duterteren drogaren aurkako neurriz kanpoko kanpaina poliziek beren poltsikoa loditzeko nola erabiltzen duten esaten digun azken seinalea baino ez da», esan du AEBetan egoitza duen HRWk.

Tankerako zerbait gertatu zen orain hilabete batzuk eta presidenteak Poliziaren ustelkeriari aurre egingo ziola esan zuen. Urtarrilean gertatu zen, ikerketa batek jakinarazi zuenean Estupefazienteen Brigadako ofizialek Hego Koreako enpresari bat bahitu eta hil egin zutela, biktimaren familiak dirutza ordain zezan. Dutertek esan zuen orduan «Polizia barne-muinetaraino ustelduta» zegoela eta «garbiketa» iragarri zuen. Baina handik hilabete gutxira hitz horiek haizeak eraman zituen eta poliziek beren lanpostuetan jarraitu zuten. Iragarritako erreforma handiaren arrastorik ere ez da inon ikusi.

8.000 hildako

Giza eskubideen aldeko ekintzaileek zalantzan jarri zuten orduan Polizia «garbitzeko» presidentearen borondatea, Dutertek berak kalkulatu baitzuen agenteen %40k legez kontrako jardueretan esku hartzen dutela. Testuinguruak ere Dutertek esandakoaz duda egitera animatzen du, Poliziak esan baitu gutxienez 2.724 pertsona hil dituztela «drogaren aurkako gerran», hori bai, «bidezko defentsan». Gainera, HRWk emandako datuen arabera, herrialdean sortu diren miliziek ere milaka lagun, ustezko gaizkile, hil dituzte.

Egun batzuk lehenago Filipinetako abokatu batek Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean esan zuen aipatu gerrak dagoeneko 8.000 hildako inguru eragin dituela, eta herrialdeko presidenteari leporatu zizkion «erailketa» horiek.

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak otsailean adierazi zuenez, Filipinetan gertatzen ari dena gizateriaren aurkako krimena izan daiteke. Bere burua defenditzeko gaitasunik ez zuten pertsonak hil izana leporatu zion Amnesty Internationalek herrialdeko Poliziari, eta proba faltsuak prestatzea. Baita trafikatzaileak hiltzeko hiltzaile profesionalak kontratatu izana eta biktimei zein senideei lapurtzea ere.

Robert Domingo komisarioa zen hamabi bahituak aurkitu zituzten polizia etxeko burua. Berak kazetariei adierazi zienez, apalategiaren atzean ezkutatuta zeudenak ordu batzuk lehenago atxilotu zituzten (ez astebete lehenago, atxilotuek esan bezala), eta agenteak akusazioa prestatzen ari ziren ustekabeko bisita iritsi zenean. Baina ondoren egindako ikerketa baten eraginez Domingo zigortu egin zuten, Oscar Albayalde Manilako poliziaburuak jakinarazi duenez. Agenteak onartu behar izan zuen azken bolada honetan legez kontrako atxiloketak orokortzen ari direla Filipinetan.

Inpunitatea bultzatu

Robert Domingo Manilako komisarioa gezurretan harrapatu eta zigortu badute ere, Filipinetako Polizia Nazionaleko buruak ziega ezkutuetan atxilotuak edukitzea bidezkoa dela uste du. Horrela esan zuen Ronald Dela Rosak: «Presoei torturak edo kalteak eragiten ez zaizkien bitartean, nire ustez ondo dago». Giza Eskubideen Gobernu Batzordeko kideei Exekutiboa lotsarazteko azpilana egitea leporatu zien Dela Rosak.

Jose Gascon batzordeburuak erantzun zion Ronald Dela Rosari legez kontrako jarduerak barkatzeko asmoz egindako adierazpenak ez direla egokiak, era horretan inpunitatea bultzatzen delako, eta injustiziak betikotu.

 

Giza eskubideen alorrean atzera egiten ari dira Asiako hego-ekialdeko herrialdeak, Dutertek eta Trumpek zabaldutako bidetik

Ezagunena bada ere, Dutertek abian jarritako «drogaren aurkako gerra» ez da Asiako hego-ekialdeko herrialdeetan egiten den giza eskubideen bortxaketa bakarra. Ekintzaileek diote herrialde horiek, aurrera egin beharrean, atzera egin dutela azken urteotan. Baina gaia ia ez da aipatu ere egin ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoak Filipinetan egin berri duen bileran.

Phil Robertson Human Rights Watch erakundeko zuzendariordeak esplikatu du giza eskubideen alorrean ez direla eredugarri agintari horiek, eta apirilaren bukaeran egin duten gailurrean bestelako gaiei eman dietela lehentasuna. «ASEANeko herrialde guztietan giza eskubideak goitik beherako zurrunbilo batean sartuta daude –adierazi du Robertsonek–. Myanmar izan daiteke salbuespena, baina lehen zuten egoeratik, gobernu militar batekin, atzera egitea ezinezko delako». Bere iritziz, edozein irizpide kontuan hartuta garbi ikusten da errepresioak, eskubideen bortxaketak eta diktadurek gora egin dutela; eta adierazpen eta manifestazio askatasunak, erlijioen arteko tolerantziak, printzipio demokratikoen errespetuak eta errefuxiatu zein migratzaileekiko tratamendu egokiak, behera.

Brunei herrialde txikia, esaterako, nekez ageri da Euskal Herriko hedabideetan. Sultan Hassanal Bolkiahk 70 urte ditu eta 49 daramatza aginte absolutuarekin. Horri esker, munduko pertsonarik aberatsenetakoa da. Orain hiru urte Xaria lege islamikoa ezarri zuen: harrikatzeak eta anputazioak legezkoak dira bere erreinuan.

Indonesian Joko Widodok hauteskundeak irabazi zituenean bazirudien hamarkadatako diktadura atzean uzteko bidean zeudela, baina hain herrialde konplexua eta handia aldatzea asko kostatzen ari zaio.

Hun Sen Kanbodiako agintaria karguan mundu osoan denbora gehien daraman lehen ministroa da (30 urtetik gora). Ustelkeria da ezaugarri nagusia.

Agintari komunista izandako Thongloun Sisoulithk 71 urte ditu eta Laosek duen ustelkeria ezabatuko duela esaten du, baina ez dugu bertan gertatzen denaren berririk, nazioarteko hedabideak debekatuta daude-eta.

Najib Razakek zuzendutako Malaysian alderdi politiko berak 60 urte daramatza agintean. Malaysiar etnia lehenestea leporatzen diote.

Myanmarren militarrek azkenean agintea zibilen eskuetan utzi zuten, baina Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren irudia erabat kaltetu du Armadak rohingya etniaren aurka egindako abusuak salatu ez izanak.

Lee Hsien Loongek zuzentzen du Singapur, herrialde txiki eta aberatsa. Bere alderdiak bozketa guztiak irabazi ditu.

Prayut Chan-O-cha da Thailandiako gobernu militarreko burua. Demokrazia itzularaziko duela agindu du, baina ez ditu hauteskundeak deitzen.

Nguyen Xuan Phuc da Vietnamgo lehen ministroa. Munduko hazkunde ekonomikorik handiena duen herrialdean Alderdi Komunista da legezko bakarra.

Donald Trump AEBetako presidenteak egiten duen moduan, Asiako hego-ekialdeko agintari batzuek hedabideak dituzte jomugan eta gero eta araudi zorrotzagoak ezartzen dituzte, informazio ezerosoak saihestu nahian. Kanbodiako agintariek, esaterako, Trumpen argudio berberak erabili zituzten zenbait hedabide iraintzeko. «Berri faltsuei» aurre egitea da agintari horien aitzakia. Eta jarrera aldatzen ez badute, kanpora!