Maider Iantzi Goienetxe

Historiaren letra xehea irakurtzen

Bada historia handi bat, eskoletan irakasten digutena, azterketak pasatzeko ikasi behar duguna, zifraz eta datuz betea sarri, biharamunerako erdi atzendua duguna. Bada historia handi bat, egunero hedabide eta sare sozialetan zabaltzen dena, tantaka-tantaka zurrupatzen joaten garena, gehienetan ohartu gabe, zalantzan jarri gabe.

Baina bada letra xehean (eta ez horregatik txikian) irakurtzen den historia ere, edo historiak erran beharko genuke, pluralean. Hauetan bizipenek hartzen dute garrantzia. Herri oso bati eta gehiagori eragin dion gertakari batek (Gernikako bonbardaketa etortzen zait burura, adibidez) pertsona zehatz batengan ze ondorio izan dituen kontatzen dute. 14 urterekin babeslekuan gordeta galtza luze estreinatu berriak zaintzen zituen mutikoaren kontakizuna izan daiteke, edo 80 urte geroago tragedia haren markak soinean dituen bilobarena, ahantzi ez baina gehiegi pisatzen duen motxila utzi nahian ari denarena. Letra xehea ez da ahazten.

Historia hauek argazkitan ere irakur ditzakegu. Beran, Rosa eta Totono Errandonea anai-arrebak ordaindu ezin den lana egiten ari dira urtetan herriko argazki eta kontu zaharrak bilduz. Artxiboa zabaltzen segitzen dute, gaur egungo istorioekin. Gustatzen zaielako egiten dute, eta material guzia konpartitzen dute, Beragureherria.com atarian zintzilikatuz edo norbaiti bere arbasoen argazki bat oparituz. «Garai batean, argazkiak batez ere aberatsen kontuak ziren eta argazki batek oroitzapen aunitz pizten ditu», adierazi dio Rosak “Ttipi-ttapa” aldizkariari.

Etxean bertan, kutxa ezkuturen batean galduta ditugun altxorren balioaz ohartarazten gaituzte Rosak eta Totonok. Agian gaur egun klik egitea hain erraza delako, edo dena eskura dugulako, ez ditugu hain ongi zaintzen altxorrak. Egia erran, nitaz ari naiz, armairu handi baten garbiketa egin berri baitut. Baina kasu honetan singularra plurala dela uste dut. •