Euskal Herriko Hazien Sarea

Hogei urtez Euskal Herriko hazien ondarea berreskuratu eta zaintzen

Euskal Herriko Hazien Sareak gaur bertan ospatzen du bere hogeigarren urteurrena. Bi hamarkadatan zehar, gure baserritarrek aukeratutako ortuari eta zerealen haziak zein fruta arbola barietate zaharrak berreskuratu, gorde eta zabaltzeko lanetan jardun da Euskal Herrien Hazien Sarea. Horretarako, prospekzio etnobotanikoak, hazien bankuaren kudeaketa, hazien zaindarien sarea, hezkuntza proiektuak eta baita tokiko barietateen erregistro parte hartzaileak sustatzen ditu. Gaur, egun osoko ospakizunaren bitartez, egindako lan eskerga bistaratu, tokiko barietateen garrantzia azaleratu eta beste hogei urtez (gutxienez) jarduteko asmoa jendarteratu nahi du.

Galtzen ari den altxor baliotsua

Nikolai Vavilov botanikari errusiarrak mundu osoko baserritarren eskutik elikadura espezie nagusien haziak batu, sailkatu eta gorde zituen XX. mendearen hasieran, sekula izan den hazi banku handiena sortuz. Gizon honen bizitzak merezi du artikulu luze bat, baina hori hurrengo baterako utziko dugu. Kontua da, Vavilovek elikadura espezieen sorleku nagusiei buruzko sailkapen bat egin zuela, eta Euskal Herria ez dago sorleku horien barnean.

Espezieen sorleku ez izanagatik, euskaldunok badugu kultura aberatsa hazien inguruan. Gariarekin izan dugun harreman estua, adibidez, Aguraingo Larrea auzoan duela mende askotatik ospatzen den “Barte” ogiaren jaian edota Martin Txikiren kondairan islatuta dago. Artoak berak, oso denbora gutxian, sustrai sakonak errotu zituen gurean. Finean, elikadura espezieak ez dira hemen sortu, baina gure baserritarrek erabili eta garatu dituzten barietateak eta espezieak ehunka izan dira. Euskal Herriko Hazien Sareak hogei urte hauetan zehar egindako prospekziotan jaso dituen ia 200 barietateak dira adibide garbiena. Baina galtzen ari den ondarea da. Antzinako garien katalogoek, Madozen entziklopediak, baserritar nagusien testigantzek zein argazki zaharrek hala frogatzen dute.

Hazien gaiari muzin egitea akats itzela izango litzateke. Hazien inguruko borroka ilun eta isil honetan gauza asko dauzkagu jokoan. Izan ere, Indian, Afrikan edo Amerikan gertatzen den eran, gurean ere hazien gatazka borborrean dago. Bere eraginak agerikoak dira: bioaniztasunaren galera, merkatuak hazi enpresa gutxi batzuen kontrolpean egotea eta nekazaritzarako lehengaien hornitzaileekiko menpekotasuna.

Menpekotasunetik ihes egiteko haziak

Barietate berriek lehengoen tokia hartzea normaltasunez ikus dezake norbaitek, garai berrien seinale. Oker dago. Barietate berriak sortu eta merkaturatu ahal izateko, erabat homogeneoak izan behar dira. Gainera, barietate asko arbaso komun baten hibridoak dira, edo beraien artean ia ikusezinak diren aldaketak dauzkate. Barietate asko sortzen ari dira, baina aniztasun genetiko txikikoak dira. Oro har, hazi berriak garatzeko orduan, gutxi dira nekazaritza ekologikora ongi egokitzeko pentsatuak daudenak (alegia, ez dezatela menpekotasunik izan ongarri, pestizida eta plagizida kimikoekiko). Ondorioz, gertatzen dena da askotan barietate zaharrek uzta errentagarriagoak bermatzen dituztela. Hor dugu, esaterako, Sabandoko (Araba) gari gorria, Frantzia eta Italiako nekazari ekologiko askok ereiten dutena.

Hazien gatazkaz mintzatzean isunak, salaketak edota manifestazioak eragin dituzten gertaerez ari gara. Nekazariek belaunaldiz belaunaldi mantendu duten haziak gordetzeko ohiturari esker dauzkagu gaur egungo barietateak, baina erregistratutako barietateez ari garelarik royaltyen ordainketa sartzen da tartean. Horiek direla eta nekazariek hainbat salaketari aurre egin behar izaten diete.

Transgenikoek beren sorreratik eragin dute zalaparta. Ipar Euskal Herrian, nekazariek moztu zuten baimenik gabe ereindako arto transgenikoa; Hego Euskal Herrian ere mobilizazioak antolatu izan dira transgenikoen aurka. Herritarrok ez dakigu, baina Monsanto multinazionala era ikusezinean bihurtu da Hego Euskal Herrian mintegien hazi hornitzaile nagusi. Multinazionalek baratzeekin lotutako merkatuaren %70 pilatzen dute (hiru multinazionalek osatutako konglomeratu handi batek mundu osoko hazi merkatuaren %61 eta pestizida eta plagiziden merkatuaren %65 kontrolatzen ditu).

Hazien kontrolak duen garrantziaren beste adibide bat “biopirateria” kontzeptuak ematen digu. Guk geuk pairatu dugu berau, enpresa handiek Gernikako piperrari edo Zallako tipula gorriari aldaketa txiki batzuk eginda hazi “berri” horiek merkaturatzeko eskubide esklusiboak berenganatu baitituzte. Zilegi al da?

Panorama triste hori gorabehera, badago isilpean bioaniztasunaren alde lan egiten duen gizarte sektore bat, txikia baina anitza; nekazariak, baserritarrak, ingurumen arloko hezitzaileak, teknikariak, sukaldariak... Horiekin batera eta horien artean dago Euskal Herriko Hazien Sarea, hogei urte bete dituen elkartea.