GAUR8 - mila leiho zabalik

Ibilbidean aurrera


Errumaniako herri hartan oporretan nengoela jaso nuen deia. Ezer pasatzen ez zen herri hartan geunden, Danubioren deltako bazter batean “blokeatuta”, egunean behin ateratzen zen itsasontzia galdu genuelako eta hurrengo eguna arte itxarotea baino beste aukerarik ez zitzaigulako gelditzen. Adolf Huxleyren “The brave new world” irakurtzen ari nintzen, eguzki sargori hartatik ihesi, hoteleko terrazan. Dei bat jaso nuen. Aukeratua izan nintzen. Aukeratua izan nintzen, munduko telebista etxe handienetako batean lan egiteko. Batzuetan pentsatu izan dut oroimenean hain iltzatuta gelditu zaidan pasarte horrek munduko beste leku bereziago batean egotea eskatzen zuela. Eta, amorrazioa ematen dit, une hartako ilusioari eta marko erromantikoari dekadentzia ukitua ematen diolako izena ere gogoratzen ez dudan herri hartan jazo izanak.

Kultura anglosaxoian miresten dudan gauzetako bat esparru profesionalean aukerak emateko duten joera da. Aurreiritziak eta curriculumetan idatzitako deskribapen puztuak bigarren maila batean jartzeko jarrera adibidez. Erreferentzia berriro ere hasierako puntura itzuliko balute bezala da, minutu batzuetako analisi koherente bat egiteko. Bizitzako une konkretu batean irizpide eta esperientzia eskasarekin hartutako erabaki haiekin guztiekin dependentzia moztuz. Eta meritokrazian oinarritzen dute hasierako fasea: aukera ematen dizute, eta norberaren erantzukizuna da zenbat balio duen erakustea. Hain zuzen, aukerari etekinik ez badiozu ateratzen eta sortutako espektatibak ez badituzu betetzen, orduan eskrupulorik gabe esango dizute agur.

Geroztik askotan gogorarazi izan didate zergatik aukeratu ninduten. «Konbentzionaletik pixka bat atera egiten zinelako. Ez zeneukan eskatzen genuen negozio karrera. Ez zeneukan eskatzen genuen bezainbeste esperientzia. Baina, aldi berean, entzun nahi genituen erantzunak eman zenizkigun». Logikak zera dio: moldeetara mugatzen bagara, beti emaitza eta perspektiba antzekoekin amaituko dugula. Eta, batzuetan, apustu egin behar da. Zalantzarik gabe, egia da.

Hasieratik bi gauzek eman zidaten atentzioa: jendeak azaltzen zuen pasioa eta konpromisoa. Harro daude egiten dutenaz. Makina konplexu eta sofistikatuaren atzean dauden balioetan indarrez sinesten dute. Bertan egon gabe zaila da sortzen diren sentimenduak eta bertako dinamikak ulertzea. Nik ere hasieran mesfidantzaz begiratzen nituen, ez nekien konpromiso hura benetakoa ote zen. Denbora pasatu ahala, oharkapean, ni ere sare horretan harrapatu nindutela nabaritu nuen (baina, aldi berean horrek ez zidan inongo deserosotasunik sortzen); eta deskribatu ezin dudan erlazio sinbiotiko baten antzekoa sortu zen. Inkontzienteki babestu egiten duzu, bai bera eta bere ahotik datorren edozein gauza ere. Hori esaten zidaten askotan lagunek. Kritikatzen hasten badira, batez ere argudio sendorik erakutsi gabe, zure erantzukizuna bihurtu eta zerbait arrazoirik gabe inbaditzen ari direla sentitzen duzu.

Amaiera guztietan beti dago idealizazioetarako joera. Eta, noski, egon dira hamaika frustrazio eta ahaztu nahiko nituzkeen beste hainbat egoera eta kapitulu ez eraginkor.

Aldaketa bat behar dudan bakoitzean seinale garbiak nabaritzen ditut. Entzungor egiteak ez dit funtzionatzen. Aukerak azaltzen diren neurrian hartzen jakitea garrantzitsua dela ikasi dut azken hamar urteotan. Orain beste leku batean jarraitzen dut nire ibilbidea. Egunen batean berriro itzultzeko itxaropena galdu gabe noa. Pozik, ilusioz. Aldaketek ematen duten benefizioetan sinesten dut. Eta, beste perspektiba batzuk hartu eta gauza ezberdinak probatzea ezinbestekoa dela badakit, etorkizunean aukera hoberenak zein diren jakin ahal izateko.

Amaierak kudeatzen ez naiz ona. Paperean idazteak lasaitu egiten nau. Horregatik egin dut saiakera hau. Banoa baina gertutik jarraituko zaitut. Esperientzia ahaztezin bateko partaide izan naizelako. Harro nagoen bidaia bateko partaide izaten utzi didazulako. Orain naizenaren zati txiki bat behintzat zuri zor dizudalako. Mila esker. •