joseangel.oria@gaur8.info
THAILANDIA

Junta Militarrak aginteari eusten dio azken kolpearen hirugarren urteurrenean

Azken estatu kolpearen ondorengo laugarren urtea hasi berri dute thailandiarrek, baina militarrak agintetik kentzeko itxaropen handirik gabe. Uniformedunen Gobernuak ez du baztertzen datorren urterako iragarrita zeuden hauteskundeak berriz atzeratzea, maiatzaren 22an erietxe militar batean izan zen atentatuaren aitzakiarekin.

Maiatzaren 22an bete ziren hiru urte Thailandiako militarrek beren azken estatu kolpea eman zutenetik. Ez Gobernu militarrak ez oposizioko alderdiek ez zuten urteurrena zela-eta ekitaldi berezirik antolatu. Hala ere, ikasleen mobilizazioen sehaskatzat hartu izan den Thammasateko Unibertsitateko zenbait irakasle elkartu ziren diktadura eta errepresioa salatzeko. «Errepresioa oso eraginkorra da. Herria isilarazteko azken hiru urteotan hartu diren neurri guztiekin, inor ez luke harritu behar Junta Militarraren aurkako benetako oposiziorik ez izateak», adierazi zien kazetariei Saowanee Alexander hizkuntzalaritza irakasleak.

Thailandiako militarrek garai hartako ezegonkortasun politikoa erabili zuten aitzakia moduan beren estatu kolpea zuritzeko. Ustelkeriari aurre egiteko zenbait erreforma egitea ezinbesteko zela ere esan zuten kolpistek. Hiru urte geroago, ekintzaileek zein parlamentariek salatzen dute giza eskubideak ez direla batere errespetatzen Asiako hego-ekialdeko herrialdean eta demokrazia itzultzeko exijitu dute, nazioarteko berri agentziei egindako adierazpenetan.

Inolako disidentziarik ez dute onartzen uniformedunek. Ehunka ekintzaile, kazetari eta politikari atxilotu dituzte urteotan, eta kutsu politikoa duten ekitaldi guztiak debekatuta daude. Zentsura erabatekoa da.

Iazko abuztuan bizitza politikoan eragiteko militarren gaitasuna sendotzen duen Konstituzio berria (hemeretzigarrena 1932az geroztik) onarrarazi zuen Juntak, erreferendum bat antolatuta. Herritarren %61ek baiezkoa eman zioten militarrek mahaiaren gainean jarritako testuari, %38ek ezezko botoa ematen zuen bitartean.

Esanguratsua da militarrek kolpea eman zutenean agintean zegoen Pheu Thai (“thailandiarrena”) alderdi aurrerakoia nagusi den ipar-ekialdean ezezkoak irabazi zuela, hegoaldeko eskualde musulmanetan gertatu zen moduan. Militarrek egindako Konstituzioaren aurkakoek argudiatu zuten testuak Gobernua eta hautetsiak ahultzen dituela, burokratek menderatutako erakundeen eta militarren boterea indartzen duen bitartean. Punturik gatazkatsuenak zioen Senatuak legeak eta Konstituzioari egin nahi zaizkion erreformak geldiarazteko gaitasuna izango duela, eta ganbera horrek erabakiko duela Ustelkeriaren Aurkako Batzordean eta Konstituzio Auzitegian nortzuk esku hartuko duten.

Junta Militarrak esan zuen Konstituzio hori onartzea ezinbestekoa zela demokrazia berrezartzeko. Hasiera batean agindu zuen aurten egingo liratekeela hauteskundeak, baina deialdia atzeratu du eta une honetan dio 2018an egingo direla.

«Sistema ia demokratikoa»

Prayut Chan-O-cha jeneralaren erregimenak oinarrizko askatasunak bortxatzen ditu, Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez. New Yorken egoitza duen erakundeak uste du militarrek menderatzeko moduko «sistema ia demokratikoa» bultzatzen ari direla. Brad Adams eledunak erantsi du egungo Gobernuak ez duela onartzen inolako kritikarik, ezta era baketsuan eginda ere, jarduera politikoa debekatzen duela, hedabideei zentsura ezarri diela eta adierazpen askatasuna etengabe bortxatzen duela. «Juntak agindu du eskubideak errespetatuko dituela eta demokrazia berrezarriko duela, baina herritarrentzat zein nazioarteko komunitatearentzat adierazpen horiek gustu txarreko txantxa bat baino ez dira», Adamsek esan duenez.

APHR Asiako Hego-Ekialdeko Parlamentarien Elkarteak «atxiloketa arbitrarioak», disidentziak jasandako jazarpena eta Juntak ezarritako jarduera politikoen debekua salatu ditu. «Thailandia bide okerretik doa», adierazi du Charles Santiago APHRko presidente malaysiarrak: «Gidariaren eserlekuan militarrak jarrita eta datozen urteetan zeregin garrantzitsua izango dutela bermatzen dien Konstituzio berriarekin, Thailandia benetako demokraziara itzultzetik gero eta urrutiago dago». Horregatik eskatu die militarrei agintea gobernu zibil bati lehenbailehen itzultzeko.

Hauteskundeak egin izan direnean, bi alderdiren artean botoen %83 biltzen zituzten. Gauza batean bat datoz: Thailandiak aurrera egin dezan, demokrazia egonkor bat behar da, eta horretarako militarrek azken hamarkadotan izan duten zeregin politikoa albo batera utzi beharko lukete.

«Herritarren borondatea errespetatzen ez duten militarren gehiegikeriek eragin dute gatazka politikoa», laburtu du egoera Phumtham Wechayachai Pheu Thai alderdiko idazkari nagusiak. Alderdi Demokrataren ezaugarri nagusia tradizioei eusteko nahia da, eta, militarren eta zibilen arteko gatazkari dagokionez, aurrera begiratu behar dela diote.

2006ko iraila aipatzen dute analistek egungo gatazkaren sorburu moduan. Garai hartan Pheu Thaiko Thaksin Shinawatra zen lehen ministroa. Nazio Batuen New Yorkeko egoitzan zegoela baliatuz, militarrek agintea bereganatu zuten. Abhisit Vejjajiva Alderdi Demokratako burua lehen ministro izango zen 2008tik 2010era. Bere ustez, Thaksinen eta Estatuaren arteko gatazkak ez du atzera bueltarik eta horregatik esaten dio beste alderdiari buruzagia izandakoaren eragina atzean utzi behar duela, herrialdeak aurrera egin dezan.

Yingluck Shinawatra Thaksinen arreba politikan hasiberria zen 2011n, baina irabazi egin zituen urte hartako hauteskundeak eta Gobernua osatu zuen. Baina aurkako indarrek Exekutiboaren kontrako manifestazioak antolatu zituzten, herrialdearen jarduera ekonomikoa guztiz ahulduz. Testuinguru hori aitzakiatzat hartuta, 2014ko maiatzaren 22an estatu kolpea eman zuten militarrek, beste behin.

Berradiskidetze prozesua

Junta Militarrak demokrazia berreskuratu nahi duela esaten du, eta Thailandiaren Berradiskidetzerako Batzordea eratu zuen horretarako. Lau fase dituen egitasmo bat jarri dute abian. «Prozesua arrakastatsua izatea espero dugu. Abian jarri ditugun politika guztiak herrialdearen garapenaren oinarri izango dira. Dena ondo ateraz gero, Thailandia demokrazia sendo bat izango da», adierazi dio Efe berri agentziari Weerachon Sukondhapatipak Armadako eledunak.

Phue Thai alderdiak berak ere esku hartu du militarrek antolatu dituzten bileretan, baina garbi esaten du bide horretatik ez dela aurrera egingo, eta erakunde inpartzial bat eratu beharko litzatekeela, alderdikideen aurkako jazarpena ikusten baitu militarren egungo jardueran: Yingluck Shinawatrari «axolagabekeria» delitu bat leporatu diote epaileek (hamar urteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete) eta bost urtetan kargua betetzeko gaitasunik gabe utzi du Batzar Nazionalak, kolpistek bozketarik gabe izendatutako kideez osatutako erakundeak.

Batzar Nazionalarekin gertatzen dena pasatzen da Senatu berriarekin ere: Junta Militarrak aukeratuko ditu 250 senatariak eta erakunde horrek lehen ministroaren izendapenean esku hartuko du, «trantsizioarekin jarraitu ahal izateko», uniformedunek beraiek esan dutenez.

Phumtham Wechayachaik garbi dauka militarrek aginteari eutsi nahi diotela, kosta ahala kosta, eta Senatu berriak gatazkak baino ez dituela eragingo.

Abhisit Vejjajivaren ustez ere onartezina da militarrek ezarritako Senatuak «prozesu politikoa gidatzeko gaitasuna izatea», gauzak horrela eginez gero ez baita ez demokraziarik ez berradiskidetzerik lortuko.

Junta Militarrak agindu izan du datorren urtean egingo direla hauteskundeak, baina aste honetan bozketa berriz atzeratzeko aukera aipatu du, maiatzaren 22an Bangkok hiriburuko erietxe militar batean egindako atentatuaren eraginez. Egun hartan lehergai baten eztandak 25 zauritu eragin zituen. Weerachon Sukhonpatipak eledunak adierazi du egoera ezegonkorra baldin bada, hauteskundeak atzeratzea erabaki dezaketela.

 

Hegoaldeko negoziazio prozesua, ramadana bukatzean

Thailandiako hegoaldean azken hilabeteotan izan diren eraso armatuak «bakea eta egonkortasuna lortzeko atariko urratsak» dira, Gobernuarekin hizketan ari den matxinoen plataformak Efe agentziari esan dionez. «Bake prozesu bat abian jarri aurretik ohikoa izaten da indarkeria agertzea», adierazi du Abu Hafez Al-Hakim Mara Patani plataformako eledunak.

Hegoaldeko Pattani, Yala eta Narathiwat probintziak Thailandiatik ateratzea eta estatu propioa eratzea nahi dute bertako bost talde armatu musulmanek. Horien ordezkariak 2014an hasi ziren Bangkokeko kolpistekin harremanetan. Malaysiak egiten ditu bitartekari lanak.

Thailandiako hegoaldeko independentistek 2004an berrartu zuten borroka armatua. Geroztik 6.700 hildako izan dira, zibilak gehienak, hedabideen arabera. «Bi urteko elkarrizketa mantsoaren ondoren, elkarren artean konfiantza eraikitzeko fasera iritsi gara. Gatazkarekin zerikusirik ez duten zibilentzat ‘segurtasun eremu’ bat sortu nahi dugu», esan dio Eferi matxinoen eledunak, Malaysiako puntu batetik.

Ekainaren 25ean elkartuko dira berriz agintari kolpistekin, ramadan musulmanen hilabete sakratua bukatzean alegia.