ZUHURTZIAZ JOKATU BEHARRA DAGO, BAINA EZ PATXADAZ
Madrilgo Kongresuko EAJko eledun Aitor Estebanek esan berri duenez, Gobernu espainoleko «maila garrantzitsuetan» badakite beste garai batean gaudela eta ez dela burutsua oraingo espetxe politika ezartzen jarraitzea. Jeltzaleak uste du Madrilgo Gobernuak «konbentzimenduz» aldatuko duela politika hori. Eta «zuhurtziaz» jokatu beharra dagoela, «gauzak ez behartzeko». Izan ere, zuhurtziaz jokatu beharra dago horretan eta kontu guztietan. Hala ere, Madrilen konbentzimendua mendeku gosetik eta interes politikotik datorkio. EAJren eleduna «gauzak behartzeko» beldur ageri zen bitartean, Ibon Iparragirre ondarrutar preso politikoa Madrilgo ospitale batera eraman zuten atzera berriro, tentuz eta nekez “(mal)bizitzera” behartzen duen gaixotasun larria dela-eta. Zuhurtziaz jokatu beharra dago, baina Iparragirreren eta beste hainbat lagunen egoerak patxadaz jokatzeari uztea behartzen du. Xabier Izaga Gonzalez