GAUR8 - mila leiho zabalik
UBA HARRERA ZENTROA

Adin txikikoentzat etxeko magalaren ahalik eta antzekoena izan nahian

Donostiako Uba larrialdietarako harrera zentro bat da, egoera zaurgarrian dauden eta babesa behar duten adin txikikoen aldi baterako magala. Bidaia migratzailea bakarrik abiatu duten gazteak hartzen ditu batetik, eta, bestetik, babes beharrean dauden haur autoktonoak. Zabalduz Kooperatiba Elkarteak kudeatzen du.


Uba bidean gora, Donostiaren ikuspegi patxadatsua eskaintzen du Uba harrera zentroak. Eta patxada oso garrantzitsua da hara iristen diren adin txikikoentzat, arrazoi bat edo beste tarteko, babesik gabe eta laguntza beharrean iristen direlako.

Larrialdi zentroa da Uba eta hiru programa hartzen ditu bere baitan. Bat, inoren kargu ez dauden gazte migratzaileak hartzeko; bigarrena, erreferente familiarrak dituzten eta larrialdi egoera bat bizi duten adin txikiko autoktonoak hartzeko, eta, hirugarrena, neurri judizialak dituzten eta Gipuzkoako Aldundiaren esku dauden adin txikikoen jarraipen judiziala egiteko.

Beren proiektu migratzailea bakarrik abiatu duten gazteen kasuan, egonaldia hiru eta sei hilabete bitartekoa izaten da. «Hemen pasatzen duten denbora horretan gaztearen –gehiengo zabala mutila da– profila ezagutzen saiatzen gara. Bere ezaugarriak, beharrak, indarguneak eta ahulguneak detektatzen saiatzen gara eta, horien arabera, baliabide sozial batera edo bestera bideratzen dugu hemendik», azaldu du Beatriz Maillok, Ubako zuzendarietako batek. Adin txikikoa normalean Poliziak lagunduta iristen da. «Zuzenean hezitzaile batek egiten dio harrera eta nondik nora iritsi den jakiten saiatzen da. Batzuk Estatu espainoleko erkidegoren batetik etortzen dira, bertako zentro batean egotetik. Eta beste batzuk zuzenean jatorriko herrialdetik, bidaia auskalo zein baldintzetan egin ondoren. Askok kamioi baten azpiko aldean egiten dute bidaia. Gehienak Marokotik etortzen dira» .

«Lehen harrera hori hezitzaile arabiar batek egiten die. Oso urduri etortzen dira, defentsiban jarrita eta polizia zibilak bagina bezala ikusten gaituzte. Mesfidati etortzen dira, oso nekatuta, galduta. Ez dakite nora iritsi diren ere. Eta hasiera horretan hezitzaile arabiarren lana izugarri garrantzitsua izaten da», gaineratu du Gaizka Larrañaga hezitzaileak. Guztira 45 hezitzailek egiten dute lana Uban eta laneko txanda bakoitzean bi hezitzaile arabiar izaten dira normalean, aipatu egoerak kudeatzen laguntzeko.

Hasierako une horretan «edozein etxetan bezala» hartzen dituzte adin txikikoak. «Dutxa bat, arropa garbia, jatekoa, deskantsua... haiek behar dutena. Askotan lehen egunak lo ematen dituzte. Badugu harrera protokolo bat, baina horren gainetik dago beti pertsona. Gaztetxo bakoitzak behar duena hartzen da kontuan, oinarri seguru bat eman asmoz, babesa eskainiz eta etxean bezala senti daitezen saiatuz», segitu du Larrañagak.

Larrialdiko lehen harrera horren ondoren, bigarren pauso batean adin txikikoarekin hizketan hastea da helburua. «Gaztetxoak ezagutzen saiatzen gara. Gero, Donostian kokatzen ditugu eta baita Gipuzkoan ere. Inguruak erakusten dizkiegu eta mapan kokatzen dugu non gauden, askok ez baitaukate ideiarik ere. Hemen geratzeko asmoa baldin badute, lanean hasten gara, beren bizimodua aurrera ateratzeko tresnak eta baliabideak eskainiz», esan du Maillok.

Uba larrialdietarako harrera zentroan oinarri bat finkatzen saiatzen dira; hizkuntza ikasi, autonomia landu, egoera legeztatzeko bidea abiatu... «Normalean bi kezka nagusi izaten dituzte; eskolako kontuak eta paperak legeztatzea. Eta berehala agertzen dute beren familiari laguntzeko beharra», esan du zuzendariak. Normalean 16-17 urte inguruko gaztetxoak izaten dira eta Heziketa Profesionalera bideratzen dituzte.

Familiak aipatuta, Ubako hezitzaileek diotenez batzuek badute beren seme-alaben proiektu migratzailearen berri, baina beste batzuek ez. «Zentrora iristen direnean familiari deitzen diote. Batzuetan familiak badaki bidaia abiatu duela, baina sekula ez da jakiten non eta nola amaituko den. Ez dut imajinatu ere egin nahi zer sentitu behar duten etxekoek dei hori jasotzean. Sekulakoa iruditzen zait. Adin txikiko hauek beren bizitza arriskuan jarri dute bidaia hau egiteko, ez daukate ezer, ez dakite nora iritsi diren... Pentsatzen dut telefono dei hori jaso eta semearen edo alabaren ahotsa entzuteak sekulakoa izan behar duela», iritzi dio Larrañagak.

Bizitzarako tresnak eskaintzea

Helburu nagusia, beraz, hiru eta sei hilabete bitarteko epean arrotza zaien jendarte eta kultura batean integratzen laguntzea da. «Tailer eta ekintza asko egiten ditugu egunero. Hizkuntza asko lantzen da, baina horrez gain bizitzarako tresnak ematen saiatzen gara. Batetik, komunitatearekin harremanak lantzen ditugu, iritsi diren gizartea ezagutu eta errespeta dezaten. Horrez gain, askotariko alderdiak lantzen ditugu: sexu heziketa, diruaren erabilera, garraio publikoaren erabilera, elikadura eta zapore berriak, etxeko lanak, kirola, baratza... ekintza asko egiten ditugu gaztetxoei bizitzarako tresnak emateko eta behar duten babesa eta konfiantza transmititzeko. Laguntza eta estimuluak eskaintzen dizkiegu ahalik eta azkarren gizarte honen parte senti daitezen».

Arauak eta mugak ere oinarrizkoak dira. «Maitasunetik eta babesetik aritzen gara lanean, baina exijentzia handiko zentroa da. Gaztetxoei asko exijitzen diegu, bakarrik aurrera egiteko tresnak ematen dizkiegu eta oso garbi adierazten diegu haiek direla aurrera egin behar dutenak. Beren integrazio prozesuaren protagonistak beraiek dira eta hala behar du, beren bizitzaren protagonista haiek izango direlako. Arauak eta mugak oso zorrotzak dira», agertu du Larrañagak.

Logelak txukuntzeaz eta garbitzeaz gazteak arduratzen dira, egunero sukaldean laguntzen dute, jatekoa banatzeaz arduratzen dira, mahaia jarri eta jaso egiten dute, baratzean aritzen dira... «Ardura hartzea ezinbestekoa ikusten dugu. Hezitzaileak, gainera, erreferenteak gara eta lan horietan parte hartzen dugu, ikus dezaten talde lanaren garrantzia. Hau guztia aurrera ateratzea denon ardura da, denok bultzatu behar dugu. Gure mezua da: zuk egin behar duzu eta, ezin baduzu, gu laguntzeko gaude, zuk bakarrik egiten ikas dezazun», gaineratu du Larrañagak.

«Etortzen diren egunetik alde egiten duten egunera sekulako aldaketa ematen da beren jarreran. Hizkuntzari dagokionez berehala ikasten dute. Sekulako interesa dute eta ahalegin handia egiten dute. Hezitzaileekin harremana ere asko aldatzen da; hasieran ez dizute begietara begiratzen eta pixkanaka gerturatzen joaten dira. Uban egun osoa besarkadak eta muxuak banatzen ematen dugu. Oso pozgarria da garapen hori ikustea», nabarmendu du Maillok.

Uba zentroko programak malgua izan behar du derrigor, gure jendartea den bezain malgua. «Finean, gizartea etengabe aldatzen ari da eta gure programak aldaketa horiei erantzun behar die, adin txikikoak gizarte horretan integratzea baita asmoa», gaineratu du Larrañagak.

Bistan da adin txikiko horiekin egiten den lanak arrakasta izan dezan beharrezkoa dela jaso dituen jendarteak bere aldetik ere jartzea. «Egia da gazte horiek urte askotan estigmatizatuak eta markatuak egon direla eta jende askok mesfidantzaz begiratzen diela. Baina azken urteotan komunitatearekin esperientzia oso positiboak izaten ari gara eta lan handia egiten ari da jendartea. Gaztetxoak errespetu handiz gerturatzen dira eta asko eskertzen dute harrera on hori».

Ubako egonaldia amaituta, adin txikiko gehienak Aldundiaren sarearen baitako emantzipazio etxeetara joaten dira. «Portaera arazoren bat dutenak zentro espezializatuetara bideratzen dira. Baina gutxiengoa da hori. Iaz, adibidez, bi edo hiru adin txikiko baino ez ziren baliabide horietara bideratu».

Larrialdi egoeran daudenak

Uban larrialdi egoeraren bat bizi duten haur autoktonoak ere hartzen dituzte. «Haurrok badituzte erreferente familiarrak, baina etxean larrialdi egoeraren bat gertatu da, gatazka larriren bat, eta zerbitzu sozialek haurrak etxetik ateratzea erabaki dute», agertu du Maillok.

Haur horiek txikiagoak izaten dira, 0-17 urte bitartekoak, eta beren etxetik atera egiten dituzte, ez da haien erabaki bat izaten. «Adin txikiko migratzaileen egoera oso gogorra da, baina haiek erabaki dute bidaia hau abiatzea. Haur autoktonoen kasuan, ez dute hemen egon nahi, baina ez dute beste erremediorik. Abiapuntua desberdina da». Haur autoktonoen kasuan, egonaldia bi eta lau aste bitartekoa izaten da eta neskak eta mutilak kopuru parekoetan iristen dira. Kasu askotan, gainera, familia bereko kide bat baino gehiago izaten da Uban.

«Kasu hauetan haurrekin lana egiteaz gain, etxekoekin ere esku hartze bat egiten dugu, gatazka sortu duen egoera hori konpondu nahian. Batzuetan aste pare batean haurrak etxera bueltatzen dira, hezitzaileen laguntza alboan dutela. Berez helburua hori izaten da, haurrak familiara bueltatzea. Baina, batzuetan, ez da posible izaten eta haur horiek bestelako baliabideetara bideratzen dituzte Ubatik», agertu du Maillok.

Haur hauek egoera bortitzean iristen dira Ubara. Beren etxetik ateratzen dituzte, batzuetan desorduetan, eta oso beldurtuta eta amorratuta iristen dira. Negar eta negar, besterik ez dute egiten hasieran. «Hasieran eustea izaten da gure lana. Hautsita etortzen dira, babesik gabe sentitu dira beren familian eta ondoan egotea da garrantzitsuena», esan du Maillok.

Haserrea, amorrua, tristura, ezin ulertua... haur horien prozesuak fase desberdinak pasatzen ditu. «Hezitzaileak badaki etapa desberdinak biziko dituela haurrak. Hasieran normala da amorrua sentitzea eta askotan amorru hori hezitzailearen kontra jaurtitzen dute. Beste etapa batean barrura begira dago haurra, sufritzen. Batzuetan haurrak errealitateari ihes egiten dio, gertatzen ari dena bere arazoa ez balitz bezala... Era askotako haurrak daude eta bakoitzak bere modura egiten dio aurre muturreko egoera horri. Hezitzaileak adi eta prest egon behar du», gaineratu du Koldo Loran hezitzaileak. Kasu hauetan haurrak eskolatuak egoten dira eta garrantzitsua izaten da beren errutinari eustea. «Beren eguneroko bizitzak berdin jarrai dezan saiatzen gara, ez dadila hausketa handia gertatu. Ez da samurra izaten, familia ere inguruan izaten delako. Eskolari informazioa helarazten zaio eta familiarekin lan handia egiten da. Bisitak ere izaten dira. Saiatzen gara familiarekin bitartekari lana egiten egoera bideratu ahal izateko», esan du Maillok. «Azken helburua Ubatik pasatzen diren adin txikikoak pertsona bezala ahalik eta ondoen garatzea da, eta horretarako tresnak jartzen ditugu haien eskura. Baina garrantzitsua da bakoitzaren egoera eta faseak errespetatzea», segitu du Loranek.

Uba zentroko hirugarren programa, esan bezala, neurri judizialen pean dauden eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dauden adin txikikoen jarraipena egitea da. «Kasu bakoitzaren jarraipena egiten dugu eta ahalik ondoen konpontzeko bideak jartzen saiatzen gara», bukatu dute hezitzaileek.