24 JUN. 2017 IKUSMIRA ENEKO, BERE FINEAN, ETXEAN BEZALA Amagoia Mujika Eneko izeneko jatetxe berria inauguratu du Eneko Atxak Larrabetzun, Gorka Izagirre upategiaren gainean eta hiru Michelin izar dituen Azurmendi jatetxe distiratsuaren azpian. Sukaldariak zuzenean aritzen dira lanean, bezeroen begi-belarri-sudurren parean, zentzumen guztiak tente jartzen dituen esperientzia patxadatsua eskainiz. Patxadatsua, bere fintasunean mahaikoa etxean bezala sentitzea lortzen duelako, lasai eta zentzu guztiak esna, gozatzeko pronto. Eneko Atxak dio jende guztiak ezin duela Azurmendira gerturatu, esperientzia zabala zabalegia delako poltsiko batzuentzat. Erdibideko aukera bat izan nahi du jatetxe berriak, berta-bertako zaporeekin jositako proposamen tentagarria. Begiak itxita disfrutatzekoa. amagoia.mujika@gaur8.info