Uberka Bravo

«NATURA OMNES HOMINES AEQUALES GENUIT»

«Naturak gizaki guztiak pareko sortzen gaitu», egileak izenburuan dioenez. Orain mundializazioak egiten gaitu berdintsu hangoak eta hemengoak, inongo bihurtzeko arriskuarekin.

Mikel Aranburu
Mikel Aranburu

Pasa berri den denboraldian gizonezkoen Athletic futbol taldeak Granadaren aurka jokatutako futbol partida batean, talde andaluziarrak 11 nazionalitate desberdinetako 11 jokalari atera zituen futbol zelaira hasierako hamaikakoan. Futbola mundializazio prozesuaren adibide esanguratsuenetakoa da. Ez jokalarien mugikortasunagatik soilik, baita epe labur xamarrean izan duen zabalpen izugarriagatik ere.

Ingalaterran duela 154 urte futbolaren bertsio gaurkotua sortu zenetik, hori bai, gauzak dezente aldatu dira. Pentsa, 1930ean jokatutako lehenengo Munduko Txapelketan 13 taldek parte hartu bazuten (boikot batzuk tarteko), azkeneko txapelketaren sailkapen fasean 203 aritu ziren.

Gaur egun ez dago kontinente bakar bat bera ere futbolaren sukarrarekin kutsatu ez denik. Horren erakusle garbiena FIFA Nazioarteko Futbol Federazioaren arabera mundu mailan dauden 270 milioi jokalariak dira.

Konprometituak eta besteak

Futbola kirol nagusia da munduko 150 estatu ingurutan, eta, horrek, bestelako kirol batzuk bere itzaletan egotera behartzeaz gain, diru mugimendu itzelak sortzera eta jokalariak pertsona erreferente bihurtzera eraman du. Nabarmena da haurrengan, bereziki mutilengan, futbol jokalariek duten eragina. Eta zoritxarrez denak ez dira Mikel Aranburu bezain umilak edo Oleguer bezain konprometituak. Messi eta Ronaldo bezalako super izarrek ahoa irekitzen duten bakoitzean sortzen duten auzo lotsa lekuko.

Mundializazioaz hitz egiten dugunean eredu unibertsal baten hedapenaz ari gara, kirola ez ezik bizitzaren beste esparru guztiak ere barnebiltzen dituena. Denok gabiltza ingelesa ikasi nahian, denok daukagu McDonald’s bat gure hirian eta asko gabiltza film berdinak ikusten zein antzeko musika entzuten.

Bangkok eta Andoain

Musikarekin kirolarekin bezala gertatzen ari da, antzeko prozesuak ari gara bizitzen. Larunbat gau bat oso antzekoa izan daiteke Bangkok, Buenos Aires edo Paris hirietako dantzaleku batean, Rihanaren abestiekin hasi eta Enrique Iglesiasek sinatutakoekin amaitu.

Gure kasuan, beste toki batzuetan bezalaxe, gaua guztiz mundiala izateko, reggaeton pixka batekin lagundurik. Ziurrenik aipatutako hiri horietan ere eszena alternatiboko tokiak egongo dira, Euskal Herriko Andoainen dugun moduan, baina horietan ere uste baina gehiagotan errepikatuko dira erritmo bertsuak eta hizkuntza bakarra: «yes, that’s right!».

Hiru dira munduko musika industria kontrolatzen duten enpresa taldeak. Eszena alternatibo bezala ezaguna den horretan ere eragin handia dutenak. Universal Music Group, Sony eta Warner. Hiru horien artean munduko diskogintza merkatuaren %70 kontrolatzen dute. Horrek esan nahi du musika mundutik eratortzen diren diru irabazien kontzentrazioa ere estua dela oso.

Ez hori bakarrik, mundu mailan sortzen diren musika joerak nolabait enpresa talde horiek markatzen dituzte, eta, gainera, haien presentzia ez da musikara mugatzen. Izan ere, talde horiek telebista kanaletan, bideo jolasetan, marrazki bizidunetan zein zineman duten eragina ere handia da.

Death metaletik pop musikara zabaltzen da industriaren eragina. Bitartean, TuneCore digitalaren arabera, auto-ekoizpenaren alde egiten duten musikarien %99,9 ez dira soldata minimoa jasotzera iristen.

Kulturaren adierazpideak gure bizitza estilotan duten eragina nabaria dela ezin da ukatu. Batzuetan modu zuzenean eta beste batzuetan ez hain zeharka.

Txikienak, gero eta txikiago

Zinemak, bideo jolasek, musika estilo ezberdinek, kirolak... erreferenteak sortu, ideiak –eta beraz pentsaerak– zabaldu eta eszena guztiak kontrolatzen dituzte, nagusienak deritzotenak zein alternatiboak. Kulturaren merkantilismo global horretan, txikienak dira babes gutxien daukatenak.

Musika tradizionala, herri kirolak, hizkuntza txikiak edota “Do It Yourself” (Zu zeuk eragin) zigiluak ez dute panorama erraza testuinguru horretan. Geratzen zaien aterabide duinena haien burua moldatzea, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea, eta, batez ere, botere esparru txikiak irabazten joatea da.

Bestela bereganatuak izatera edo gutxika-gutxika desagertzera kondenatuta izan daitezke. Euskal Herrian, munduko beste toki batzuetan bezala, autoantolakuntza eredu on asko daude zorionez eta horiek izan dira nagusiki herri honen kultur esparru ezberdinak bizirik mantendu dituztenak.