Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Ihesaz

Egin ihes. Egin ihes ordutegiei, egutegiei, telefono deiei, koadernoei; egin ihes urteko hilabete hotzenei, biharamuneko betebeharretan pentsatzen galdutako bezperei. Oporretan zaude. Atera argazkiak zure hortza zuriko irribarreari, inoizko gaupasa luzeenei eta inoizko hondartza egun eguzkitsuenei; lehiatu iazko oporrekin, edo orain dela bi urtekoekin; oporretan ere lehiatu; «inoiz ez naiz hain ondo egon izan», orain dela hilabete antsietateak eztarria estutu eta inork baino ozenago, inork baino gehiago, inork baino ziurrago hitz eginarazten bazizun ere «inoiz ez naiz hain ondo egon izan» eta joan uretara, etzan ur azalean besoak zabalduta eta sentitu eguzkia zure sabel busti, distiratsu eta beltzarana goxatzen; entzuten al duzu urpeko isiltasuna? Gero parrandan aterako zara eta biharamunik gabeko gau bat biziko duzu; zure gorputza muturrera eramango duzu eta korruaren erdian jarrita egingo duzu dantza zure hitzek nor isilarazten duten kezkatu gabe; zu zentroan jartzeak ertzera nor daraman kezkatu gabe; «inoiz ez naiz hain ondo egon izan» esango diozu mihia lodituta zabalik geratzen den taberna bakarrean ondoan jarri zaizun belarri pare bakarrari. Oporretan zaude, arina zara, hegan zoaz bizitzaren gainetik zure hankek lurrik ukituko ez balute bezala; munduaz ezaxola. Egunkariak irakurtzeari utzi diozu, zure bakea inork oztopa ez dezan; militatzen zenuen taldeko Whatsapp taldea isilarazi egin duzu hilabetez arnasa behar duzulako. «Inoiz ez naiz hain ondo egon izan». Toalla hondarretan zabaldu eta gainean etzan zara. Eguzkitako krema zenbat minututik behin eman da zure kezka bakarra; txindurritu zaizun beso hori, gaur bazkaritarako jango duzuna...

Ihes egin duzu. Ihes egin diezu ordutegiei, egutegiei, telefono deiei, koadernoei. Akaso aspaldian ikusi ez duzun lagun hari deitu beharko zenioke, baina hain ondo egoten da toalla gainean etzanda... «Inoiz ez naiz hain ondo egon izan». Urte osoan zehar eraiki dituzun loturei ihesi zabiltza hemen, eta ohola galdutakoan surflariek orkatilan izaten duten soka bera ikusten diezu inguruan etzanda dauzkazunei. Denok zarete libre. Askatasuna baita hondartza honetan etzanda egotea, zure inguruan daudenek ere halaxe sentitzen dute: zoriontasuna honek izan behar duela alegia; eguzkitako krema usain honek, jendetza honek, mundutik ihes egindakoen mundu honek; nork opor hobeak, lasaiagoak, arriskutsuagoak, exotikoagoak biziko lehian ibiltze honek.

Baina aisialdia asealdi bilakatuko zaizu irailean, eta ispilu aurrean begiratuko diozu eskumuturrean ordularia lotu eta begi zuloak sakondu zaizkion horri. Eta ingurukoei kontatuko diezu adrenalina hori ere behar zenuela, pilak kargatu dituzula eta lanak ere egin egiten zaituela, bete egiten zaituela; eta militatzen duzun taldeko Whatsapp taldeko gidaritza hartuko duzu, «inoiz ez naiz hain ondo egon izan», gauetan loak hartzeko pastillak beharko dituzun arren, antsietateak eztarria estutu eta inork baino ozenago, inork baino gehiago eta inork baino ziurrago hitz eginaraziko dizun arren. Orduan ere ez zara zure hitzek isiltzen dutenarekin kezkatuko; orduan ere ez zara zu zentroan egoteak ertzera eramandakoekin kezkatuko; udan apurtutako loturetara itzuliko zara berriz; itomen horrek seguru sentiarazten zaituelako, dena ematea maite duzulako; uda toalla batean etzanda pasa ondoren iratzargailuak bost ordu eskas lo eginda aterako zaitu zure ohetik; eta lehian ariko zara inguruan dauzkazunekin, nork lan gehiago egingo, nork arazo handiagoak kontatuko elkarri. Eta ohartzerako datorren uztailerako falta diren egunak kontatzen harrapatuko duzu zure burua, deskonektatu egin nahiko dituzu urteko hilabete hotzenetan dauzkazun loturak. Ertz batetik bestera jauzika ibiliko zara. Ispilura begiratu eta zalantza egingo duzu zein aldetakoa zaren zu. •