GAUR8 - mila leiho zabalik

Pedalkada gehiago


Betidanik miretsi izan ditut hamarkada batzuk dela beraien bizilekutik txirrindularitza lasterketa hasten zen punturaino bizikleta gainean joaten zirenak. Txunditu egiten naute istorio horiek. Ez autobus ez auto, beste garraio modurik ez zutelako bizikleta. Eta, badaezpada, burutik pasa ere ez haien aurrean bizikleta gutxiesterik, izan ere, garai hartan bizikleta heldu askoren eguneroko garraiobidea zen. Pertsona haietako batzuek goizean goiz etxetik lasterketa puntura ehun bat kilometro egingo zituzten pedalkadaka, euri, hotz zein eguzki, eta hara heltzean lasterketa hasiko zuten. Garrantzitsutzat izango zuten lasterketa irabaztea, baina haientzat probako ibilbidean ez zen ezer hasten ezta bukatzen ere; ibilbidea askoz luzeagoa zen beraien ikuspegian. Izan ere, proba bukatuta, etxera bueltatu behar izango zuten etorritako moduan, sariarekin edo saririk gabe, glamourrik gabeko egunerokoari adarretatik heltzen jarraitzeko.

Kirolari horien moldeak kutsu erromantiko handia dauka niretzat; horiek bai heroiak. Proban onena eman beharrean egongo ziren, baina, hala ere, bizitzak aurrera jarraitzen du eta egoerara egokitzea bizitza legea da, jakina. Auskalo zer ordutan irten beharko zuten etxetik, jatekoa ere etxetik eramango zuten eta horrela lehiatzea naturaltasunez ikusten zuten. Bizitza bera bezalaxe, bakoitzak aldean dituen zailtasun eta oztopo guztiak bizkarrean ahal den modu onenean helduta.

Ez naiz, egia esanda, inoiz kirolzalea izan, ez behintzat lehiak ikusi eta taldeen garaipen eta porrotekin loa galdu duen horietakoa. Kirola praktikatu ere ez dut askorik egin, nahiz eta iraganean lagunartean eserlekurik gabeko frontoietan jokatzea gustuko nuen, eta oraindik ere beste gauza guztiak alboratzen ditudanean atsegin dudan bakardadean aldapan gora eta behera oinez ibiltzea.

Orain familian kirolari profesional bat daukagu. Lehen mailan ari da arraunean, baina, kirol diziplinen artean sona handiagokoak eta txikiagokoak daudenez, estropadan gogor entrenatu eta lehiatzeaz gain tailerrean lan egiten du errelebotan. Urte asko darama uraren –eta beste elementu batzuen– kontra borrokan eta badaki berea iraupen luzeko lasterketa dela. Epe luzera begiratzen du eta halako emaitzetan sinisten du, ez egun batean eztanda egin dezaketen txinparta distiratsu horietan.

Orrialde honek argia ikusterakoan Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako jende asko Lakuntza aldean izango da, distantzia luzeko helburua (izan) duen Hatortxu Rock jaialdian. Larunbata izanda, elkartasun jaialdi honek zati handi bat emana izango du, baina aurretik egongo dira oraindik larunbateko eskaintza emankorra eta igandeko jai herrikoi borobila. Eta horren aurretik eta atzetik lan eskerga erraldoia.

Bide bazterretik, eserlekuetatik zein zutik txalotzeko modukoa da urtero-urtero halako tamainako jaialdia boluntarioek antolatzea; eta ia sinesgaitza da hogeigarren edizio honetarako prestatu dutena. Lau egun eta horrenbeste gau, bost agertoki, 85 musika talde, milaka pertsona eroso egoteko moduko azpiegiturak... Eta, adi, musika kartelari! Euskal Herriko –batez ere– eta Estatuko beste herrialde batzuetako punta-puntako taldeak. Gure herrian daukagun rock eszenaren lagin oso garrantzitsua, ia inor falta ez den irudipen benetakoa. Horien artean, gainera, badira Hatortxu Rockerako eta euskal presoak etxeratzeko helburuarekin aspaldiko partez lozorrotik irten eta agertoki gainera igoko diren zazpi talde handi ere. Historikoa den hogeigarren edizio honetan indar metaketa are eta izugarriagoa izaten ari da, eta azkenekoa izatea helburu izanda ere, horretan lanean edo parte hartzen dabiltzan guztiek dakite iraupen luzeko lasterketa dela hau eta etengabeko lanak, askotan ageriko emaitzarik erakusten ez badu ere, balio duela gauzak mugitzen joateko. Gurpila mugitzeko ezinbestekoa da.

Ondo dakite hori astero senitarteko zein lagunei berotasuna emateko errepideak zeharkatuz munduari buelta egiten dioten horiek guztiek, txapelik eta dominarik gabeko heroiak. •