GAUR8 - mila leiho zabalik
DOLUA IKASTETXEETAN

Kepa Camiña: «Ikastetxeek heriotza aprobetxatu behar dute bizitzaren inguruan hitz egiteko»

Heriotzak ez dauka ihesbiderik ez eta atzera bueltarik. Horregatik, umeei heriotzari buruzko azalpenak ematea gomendatzen da, eta haurra hildakoaren agurraren partaide izatea ezinbestekoa dela dio Kepa Camiñak. Ikastetxeen erronka da tabuarekin apurtu eta haur eta irakasleen dolua kudeatzen jakitea.


Zer egin ikasgelan hutsik geratu den mahaiarekin? Nola jokatuko du irakasleak eguneroko zerrenda pasatzean? Jangelan, tokia gordeko diogu? Heriotzari ezin banandu dakioke egunerokotasun itxurarekin sotilaren lasta mingarria, ohiko galdera existentzialez gain. Biak ala biak kudeatzea eta dolua modu jasangarrian eroatea ez da erraza heriotza lurpean gordetzen duen gizarte batean. Are zailagoa da umeentzako, nortzuk galdera existentzialen erantzunak aurkitzeko ezgai, egunerokotasunaren gabeziek gogorrago jotzen dituzten. Saihetsezina da, ordea, heriotzaren gertutasuna, eta, batzuetan, ikastetxeetan bertan gertatzen dira ezbeharrak: haurrak, irakasleak edo haurren senideak hiltzen direnean, ikastetxearen eskuduntza da horiei guztiei aurre egitea hein batean behintzat, eta ikasleen dolua hezkuntzarako baliatzea, errealitateari begietara begiratuz. Ikastetxeak haurren doluaren bidelagun izan behar badira, egoeraren aurrean nola jokatuko duten izango da giltzarria.

Ikastetxeetan jazotzen diren heriotzei aurre egiteko bideak proposatu zituen Kepa Camiñak EHUko Uda Ikastaroetako “Nola bizi dolua eta galerak ikastetxeetan” jardunaldietan, Donostiako Miramar jauregian. EAEko ikastetxeetan ibilitakoa da bera, doluaren aholkulari gisa. Ikastetxeak, instituzio bezala, eman beharreko pausoak azaldu zituen, jakin-gose ziren irakasle entzuleen aurrean. «Heriotza baten ostean, ikastetxeak dolumina adieraziko die senideei, eta agurrerako ekitaldira ere agertuko da, izan hileta elizkizuna edo beste edozein ekitaldi», dio Camiñak. Zenduaren familiarekin kontaktatu behar dela esan du. Kasu askotan, ikastetxeetan badago norbait familia ezagutzen duena; kasu horietan, gomendagarria da pertsona hori izatea familiarekin harremana izatearen arduraduna.

Heriotza askoren lekuko izan da Camiña. «Behin, ume bat nekatuta iritsi zen eskolara, eta, medikuak goizean ezer ez zeukala esan ostean, arratsaldean bertan hil zen. Beste batean, auto batek irakasle bat harrapatu eta hil egin zuen. Patioan zeuden umeak gorpu hila ikustera gerturatu ziren. Bat-batean hil zen beste haur bat, ikasgelan klasea entzuten zegoela...».

Egoerari buruz hitz egitea

Kasuan kasu, haurren adina eta heriotzaren zioak gorabehera, desberdin landu behar da umeen dolua, baina Camiñak argi du zein izan beharko litzatekeen lehen pausoa beti: «Lehenik eta behin, tutorea ikasgelan sartuko da, baldin eta horretarako indarrez sentitzen bada –bestela, beste irakasle bat sartu beharko litzateke–, eta egoerari buruz hitz egingo die ikasleei. Helburua da sentimenduak adierazi eta ahoratzea, ez gordetzea, eta haurrek ere euren sentimenduak hustea».

Haurren hitz egiteko gogoa pizteko, Camiñaren ustez egokiena «galdera irekiak» egitea da, adibidez, «nola enteratu zara heriotzaz». Bestalde, dolua hezkuntzarako baliatu behar dela iritzi du: «Ikastetxeek heriotza aprobetxatu behar dute bizitzari buruz hitz egiteko». Batez ere, suizidio kasuetan: «Bizitza ospatu behar da, eta erruduntasun sentimendu oro deuseztatu».

Hori egin ostean, eskolak doluan dauden ikasleen adina kontuan hartu beharko du hurrengo pausoa emateko. Nagusiak badira –Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailatik gora–, Camiñak aholkatu du denbora librea uztea, «beraien artean hitz egin dezaten». Txikienen kasuan, erlaxazio jarduera batekin nahikoa da, «mandala bat margotzea», adibidez. Gelakide bat hiltzean, aholkulariak nabarmendu du umeak «estres egoeran» egoten direla. «Beraiei berdina pasatuko ote zaien beldur dira». Ikastetxeko profesionalek estres horretaz libratzen lagundu behar dietela dio. Ikasleetako askok, amorrua erabiltzen dute beraien barne-korapiloak askatzeko; eta, Camiñaren hitzetan, «amorrua beharrezkoa da, bizirauten laguntzen gaituen sentimendua baita, baina kudeatzen jakin behar da».

Zendu den haurraren gelakideen gurasoekin ere landu behar da dolua. «Ulertarazi behar zaie euren semea edo alaba egoera horretatik aterako dela, eta eurengan konfiantza izan behar dutela». Horrez gain, etxean gertatutakoaz hitz egitea gomendatzen du Camiñak, egoera uxatu gabe. Bestalde, komenigarria da gurasoek euren esperientziak partekatzea haurrarekin, izan ere, «norbaitek bere emozioak kanporatzen dituenean, ingurukoei berdina egiteko gogoa pizten zaie».

Agurra

«Ekintza kolektiboekin eman behar zaio agurra hildakoari», proposatu du aholkulariak. Camiñak korridorean zendutako ume edo irakaslearen argazki bat jartzea proposatu izan du lan egin duen ikastetxeetan. «Astebetez jarri ohi dugu argazkia korridorean. Bitartean, eskolako bakoitzak hildakoa agurtzeko aukera dauka, nahi duena esanez. Astebete igarota, argazkia paretan zintzilikatzen dugu». Berdin da ekintza horrek zer itxura duen: mural bat paretan, kontzertu txiki bat, dantzak edo beste. Horren ondoren, zendutakoa agurtzeko ekitaldia prestatu ohi da. Egokiena da umeek proposatzea zer egin nahi duten, irudimena dantzan jarri eta bakoitzak bere ideiak jaurtitzea. Modu horretara, ekitaldiaren prestakuntzan parte hartzaile bihurtzen dira, eta heriotzaren jakitun.

Ekitaldia abiatzeko, Camiñaren aburuz, eskolako zuzendariak hartu beharko luke lehen hitzartzearen ardura, egoera haurrei eta ekitaldira hurbildu den orori azalduz. Ondoren, umeen txanda da, eta aurrez prestatutako ekintzak gauzatuko dituzte, nola dantza batekin, hala zendutako pertsonaren ahizparen hitzekin, adibidez. «Erritual oso garrantzitsua da. Agur esateko modu bat baita, doluaren zirkulua ixten laguntzen du eta ekitaldiko benetako onuradunak zendutako umearen lagunak dira», azaldu du. Sarritan, baina, irakasle batek hildakoa «bere hildakoa» balitz bezala jokatu izan duela esan du Camiñak, eta hori ez dela zuzena: «Ez da irakaslearen hildakoa, haurraren familiarena baizik. Umea askatu behar da».

Behin ekitaldia gauzatuta, heriotza lantzen jarraitzea gomendatzen du doluaren profesionalak, zeharka literaturan landuz, kasu; eta zendutakoaren lagun hurbilenen sostengu izanez. Esaldi honekin laburbiltzen du Kepa Camiñak doluaren prozesua: «Besarkatzen zaitut, ondoren aske izateko». Hau da, umeen barne-korapiloak askatzen lagundu behar du irakasleak, eta, ondoren, gehiegizko babesa eman beharrean, sufrikarioaren arintzea gidatuko du.

 

Umearen parte hartzea sustatu, heriotzaren «jabetza, kontzientzia eta onarpena» lor dezan

Patxi Izagirre psikoklinikoak doluan dauden pertsonak artatzen ditu maiz Donostian duen kontsultan. Ikastetxeetan ere ibilia da, heriotzaren tabua apurtu asmoz. Izagirrek argi du ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzea ez dela biderik onena, eta berak iritzi du doluari aurre egiteko lehenengo pausoa «inklusioa» dela, hau da, haurra gertatzen ari den horren parte egitea. «Horrela, heriotzaren jabetza, kontzientzia eta onarpena lortzen ditu». Hori egin ezean, «umeek zer edo zer gertatzen ari dela sumatu eta informaziorik ez edukitzean sentitzen duten ziurgabetasunaren bidez eraikitzen duten azalpena, errealitatea baino traumatikoagoa izan ohi da maiz».

Era berean, heriotza bezalako gaiei «talde kohesioan» egin behar zaiela aurre dio Izagirrek. Bestalde, umeei zendutakoa agurtzeko aukera ematea gomendatzen du psikoklinikoak, «betiere aukera emanez, ez behartuz».

Sarritan, umearen gurasoetako bat hiltzen denean, alarguna triste ikusiz gero, umeak bere makulu bihurtzen direla ikusi izan du Izagirrek: «Txikiak guztiaz ohartzen dira eta alargunaren zaindari bihurtzen dira. Bere dolua hil eta amaren makulu bihurtzen dira, eurena ez den rol bat betez eta alargunaren sasi bikote bihurtuz». Erantsi du gurasoek askotan umeak euren mina eta ezintasuna ezkutatzera behartzen dituztela.

Haurraren adinaren arabera konplikatuagoa izan daiteke heriotzaren kontzientzia hartzea. Izagirrek dio sei urtetik beherako umeek ez dutela atzeraezintasuna ulertzen, eta, beraz, ez dakitela betiko galerak zer diren. Kontrara, «ez ulertzeagatik, ez ditugu baztertu behar», eta atzeraezintasuna garatu gabe duten haurrekin heriotza «joko sinbolikoekin» lantzeko gomendioa egiten du.

Izagirrerentzat garrantzitsua da hildako pertsona ez ahaztea, hori pertsona birritan hiltzearen parekoa dela iritzi baitu: «naturan hil egin da eta psikologikoki ere erail dugu».

Prebentzioa ere nabarmendu du; heriotzaren kolpearen aurretik gaia lantzea, alegia. Horretarako edozein aitzakia izan daiteke egokia. «Etxeko arraintxoa edo txakurra hiltzean, heriotzaren inguruko albiste bat entzutean...», nabarmendu du Patxi Izagirrek.