Iñaki Altuna

Aurrera egitea zein nekeza egin ohi duten batzuek

Kepa del Hoyo Galdakaoko presoaren heriotzak kartzeletako egoera lazgarria gogorarazi du berriro ere bortizki: sakabanaketa eta isolamendua, salbuespeneko legeri eta arautegiz horniturik. Urte luzez, une oro, gauzatutako bidegabekeria. Egungo testuinguru politikoak –2011n Aieteko Konferentziarekin abiarazitako garai berriak ekarritakoa– eta euskal herritarren nahiak aginduko balute, oso bestelako egoera batean geundeke. Kaleko errealitate horrek EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakunde nagusietan ere badu isla. Ez dago lehendakari bakar bat, ez eta hiriburuetako alkate soil bat ere, gaur egungo kartzela politikaren alde dagoenik. Estatuak, baina, inposizioari eustea besterik ez du buruan.

Euskal Herrian kartzela politikak egun jasotzen duen aurkakotasuna ez da beti hain nagusi izan. EAEko alderdi nagusiak, esate baterako, politika horren diseinuan bertan ardura zuzena izan zuen. Presoak ETAren «kontrolpetik» irtengo zirela esanez justifikatu zuen bere garaian EAJk Espainiako Gobernuari emandako laguntza zuzena. Sakabanaketaren ondorioak eta eragindako kaltea hortxe ditugu, ordea. Inork ez du oraindik egindako mina aitortu eta, are okerrago dena, kalte horrek bere horretan segitzen du, Kepa del Hoyoren heriotzak azaldu duenez.

Errepresio neurriak eta konponbidearen kontrako itunak azkar asko gauzatu izan ohi dituzte indar politikoek Espainiako Estatuaren ohiko jokabidearen itzalpean. Bakea egiteko ez, horretarako ez da posible izaten horrelako itun sendoak sinatzea. 2005-2007ko negoziazio saioan PSOEk eta PPk ezin izan zuten prozesu hura trinkotzeko estatu hitzarmenik egin, baina gerra itunak –legeria gogortzeko, ilegalizazioak bultzatzeko, tortura babesteko…– di-da egin ohi dituzte, baita horretarako giza eskubideak urratu behar badituzte ere.

Eta atzera egitea eta okerra zuzentzea ere ederki kostatzen zaie. Bildu legeztatzea oztopatzeko Espainiako Gobernuak (PSOEren esku orduan, ez dezagun ahaztu) azken unera arte egindako ahalegina gogoratzen besterik ez dago. Zer esanik ez kartzela politikari buruz. “Parot doktrina” indargabetzeko azkeneraino egin behar izan zen ibilbidea, Estrasburgoko Auzitegiraino bertaraino. Halaxe gertatzen ari da sakabanaketarekin ere. Garaia izan arren, ziaboga ematen ere ez dira hasi.

Garoñarekin, denak antinuklear

Zenbait kontutan, petralkerian, gogo biziz aritzen dira agintariak. Beste batzuetan, ordea, bide zuzena hartzeko denbora asko behar izan ohi dute. Aste honetan aurpegi antinuklearrena azaldu digute zenbait ordezkari politikok, kasu batzuetan kontraesanak ageri-agerikoak izan arren. Marotok eta Alonsok bere egin nahi izan dute garaipena, nahiz eta PPk direnak eta ez direnak egin dituen Garoña zabalik izateko.

Gaitz erdi. Euskal Herrian guztiek horrelako jarrera azaldu badute, gizartean iritzi batzuek nagusitasun handia lortu izanaren seinale dela bazik ezin da ondorioztatu. Bere garaian, Lemoizko zentrala egitea behar-beharrezkoa zela zioen Arzalluzek, bestela «kandelekin» ibili beharko ginatekeelako. Autodeterminazioa «azak landatzeko» eta ekologia ilunpean egoteko; horixe zen ikuspuntu arras atzerakoiei eusten zien alderdi demokristauaren doktrina. Gaur egun, EAJk pozarren hartu du Garoñaren itxiera. Nork daki, akaso PPrekin darabilkien tratuek ere izan dute zerikusirik. Garoña ireki zitekeela iragartzeak ez lieke jelkideei mesede handirik egingo ustelkeriaren txapeldunak sustengatzen ari diren honetan.

Garoña zabaltzea ezinezko bilakatzerainoko egoera sortu duten herri mugimendu ekologistak eta antinuklearrak egindako lana nabarmentzeko unea da, beraz. Giza eskubidetan eta eskubide sozialetan egindako aurrerapen denetan halaxe gertatu da historian. Halaxe gertatu beharko du sakabanaketa politikarekin amaitzeko eta kartzelak husteko ere. Zoritxarrez, agintariek berandu, maiz beranduegi, zuzentzen dituzte jokabide okerrak. •