Joxean Agirre

Zutabegileak

Ezustean eta asteburu luze bat aurretik dela, zutabea tokatzen zaizula jakinaraziz mezu bat iristen zaizunean formularen bat egon behar duela pentsatzen duzu ataka horretatik onik ateratzeko, Jeffrey Barnardek erabiltzen zuen hura esate baterako, “The Spectator” egunkarian zuen zutabea tarteka hutsik ateratzen baitzuen, ohar labur honekin: «J. B. is unwell», ez zegoela bere onenean, alegia. Nik ere horrelako zerbait egin nezakeen, baina, horretarako, Barnard izan behar da: hasteko, zutabeari goiburutzat “Low life” edo “Bizimodu golfoa” jarri beharko nioke, hark bezala, eta ez dirudi oso sinesgarria izan daitekeenik; gainera, eguerdi aldera altxatu beharko nuke egunero ohetik, eta ez da nire ordurik ohikoena, goizeko zazpietarako esnatzen bainaiz. Hark bai, eguerdi aldera altxatu eta sendagilearen aginduz bitamina pastillak irensten baitzituen, baina Veuve Cliquot botila astinduz, eta, ondoren, Sohoko pub batera joaten baitzen bazkaltzera. Alkoholizatuta zegoen. Bi eskuetan hainbesteko dardara omen zuen non behatzen artean zuen zigarrokina ahora eramateko esku batarekin besteari eutsi behar izaten zion.

Ez da nire kasua. Mezua jaso bezain pronto Azpeitira joan nintzen San Agustinen “Hiru lore beltz” etorkinei buruzko ikuskizun poetiko-musikal-militantea ikustera, eta, ondoren, bizpahiru garagardo edan eta gero, pentsatu nuen nik ere, beste batzuek bezala, idatz nezakeela zerbait etorkinez, indarkeria matxistaz, Gurtel kasuaz edo hainbeste interesatzen zaidan Kataluniako procés delakoaz, baina horretarako daude kazetari espezializatuak eta horretarako daude egunkariko beste orrialdeak ere, eta, gainera, neure erlijioak debekatzen dit zutabe batean gai potoloei buruz jardutea.

Horretan eta beste gauza askotan nire eredua Meyer Berger da, 50 urtean eta egunik hutsik egin gabe “The New York Times”-en gai xeheei buruz zutabe bat idatzi zuen gizona, salbu eta egun batean zuzendariak Al Caponeren kontrako epaiketa baten jarraipena egitera bidali zuen. 13 urterekin hasi zen idazten. Eserialdi batean 200 sagarretik gora jan zituen gizon bati buruz egin zuen bere lehen zutabea. Ez zuen gai transzendentalik jorratzen, baina haren zutabean agertzen ziren pertsonak pertsonaia bilakatzen zituen.

Ez dakit. Saninazioak dira eta hara joango naiz ea pertsonaia bilakatzeko moduko norbait aurkitzen dudan. •