Joxean Agirre

Alcanar

Bizitzako oporrik berezienak Alcanarko sekta batean egin nituen gazteagoa nintzenean eta ondoko urteetan ingurukoak aspertzeraino kontatu nituen hango gorabeherak.

Sektak “antroponomia” praktikatzen zuen eta uste dut hitz horrek gorputzaren ezagutza esan nahi duela. Egunean bitan egiten genuen gimnasia borobilean jarrita Luisen gidaritzapean eta ariketak egiten ari ginen bitartean bakoitzak bere sentipenak kontatu behar izaten zituen. Han zeuden gehienak gaixorik zeudenez, bakoitzak bere minen berri ematen zuen gehienetan. Bazegoen Peñiscolako 29 urteko udaltzain bat bere bi anaia 30 urterekin hilda zituena, eta, hipokondriako totala zenez, sintoma arraro guztiak zituena. Luisek, gidariak, «eso es señal de que te estás curando», errepikatzen zion aldiko eta ariketak bukatu orduko erreskadan jarri eta ur txorrota indartsu eta hotz baten azpian egin behar izaten genituen pare bat minutu.

Sektako liderra eta egoitza nagusia Zaragozan zegoela dakit eta Luisen emaztea zela hierarkian bigarrena. Emakume jantzia zen eta azkarra. Atea zabaldu eta berarekin tupust egin nuen batean, «zu tauro zara» esan zidan, eta nolakoa nintzen eta nolakoa izango nintzen agertu zidan neu txundituta uzteraino. Bazegoen halako mistika xelebre bat ere, egun batean seme txikienari eskuetan tximeletak pausatzen zitzaizkiolako, «es un medium, es un medium», hasi baitzen guztiak espantuka. Ez dut jarraituko. Goizean goiz hondartzan meditazioa egiten genuen zerumugan ateratzen ari zen eguzkiari begira eta egunean zehar jaki gordinak bakarrik jaten genituen eta afalordua baliatzen zuen Luisek sermoiak botatzeko eta egunen batean Isaias profeta suzko gurdi baten gainean etorriko zela iragartzen zigun eta sinestunak salbatuko zituela eta hori esatean taldeko bi fedegaberi begiratzen zigun.

Alcanarko zelula jihadistak ere suzko gurdi bat edo kamioi bat Bartzelonaren bihotzean leherrarazi nahi zuela entzutean Isaias profetarekin gogoratu naiz, baina diferentziak erabatekoak dira, nire sektakoak onberak baitziren, gaitz sendaezinak zituztenei laguntzen saiatzen zirenak. Zelula jihadistakoek ez dute fede suntsitzaile bat besterik. •