GAUR8 - mila leiho zabalik

Lurraren defentsa eta desagertze behartuak


Hilabete betetzera doa Santiago Maldonado gazte argentinarra desagertu zenetik, pasa den abuztuaren 1etik ez da-eta bere inongo berririk. Baina nor da Santiago Maldonado? 28 urteko bonaerense-a, artisaua, eta jatorrizko herrien aldarrikapenen defendatzaile sutsua da. Arrazoi horrengatik hurbildu zen uztail bukaeran Cushamen Argentinako probintziara. Departamentu horretako lof edo lurralde sailean borroka gogorra ari da aurrera eramaten maputxe herria 2015etik, Benetton arropa marka ospetsuaren jabe Luciano Benettonek bertan lursail zabalak erosi zituenetik. Ordutik ari dira euren arbasoenak ziren lurrak bueltatzeko eskatzen, eta ugariak dira bertan izaten diren protestak. Jazarpena eta errepresioa ere oso gogorrak dira multinazionalaren aurka altxatzen den ororen kontra. Gaztea desagertu zen egunean, bide mozketak ari ziren egiten Facundo Jones Huala maputxe liderraren askatasuna eskatzeko; ekainean atxilotu zuten eta egun Txilek emandako estradizio agindu bat bete zain espetxean dago Argentinan. Polizia gogor oldartu zen protesta egiten ari zirenen aurka, eta, hainbat lekukok adierazi dutenez, gomazko pilotez gain benetako balak erabili zituzten. Ezohiko indarkeria erabili zuten Guido Otranto epaileak agindutako polizia operazioan, eta, heriotza seguru batetik ihesi, Chubut ibaian gora joan behar izan zuten igeri protestagile ugarik. Orduan ikusi zuten azkenekoz Santiago Maldonado: ibaiaren bi aldeetatik tiroka ari zitzaizkiola ikustean, zuhaitz bati helduta gelditu zen poliziaz inguratuta. Eta orduan hasten dira bertsio kontrajarriak, nola ez. Alde batetik, bertan zeudenek esaten dute kolpatu eta furgoneta batean eraman zutela. Horren aurrean, Gobernuak esaten du ez dagoela Santiago bertan zegoenik ziurtatzerik ere, burua estalita zeramatelako protestagileek. Elkar ezagutuko ez balute bezala. Gainera, drone batzuk bidali nahi dituzte “ikerketa errazteko” aitzakiarekin guztia gertatu zeneko lurraldera, “ingurunea ondo aztertzeko”. Maputxeei hori oztopatzea leporatzen diete, ukatu egin dira-eta… Maputxeek, baina, droneak erabiltzearen eta lurraldea aztertzearen helburua oso bestelakoa dela uste dute, eta soberan dituzte arrazoiak hori uste izateko.

Kasu honetan, beste askotan bezala, badaude aipagarriak diren elementuak. Alde batetik, desagerpenaren lekuko nagusia zenak lekuko babestu estatusa zuen, bere segurtasunagatik. Haren izenik ez genuke jakin behar. Bada Ariel Garzi da. Patricia Bullrich Argentinako Segurtasun ministroak berak bota zuen Ariel Garzi izena Senatuan azalpenak ematen ari zela, lekuko nagusi lez kokatuz (eta bide batez, bere gurasoen izen-abizenak eta etxeko helbidea ere eman zituen).

Eztabaida politiko sutsua piztu du gaztearen desagerpenak eta Cristina Kirschnerrek ere (egun oposizioan), ez du aukera galdu gertatutakoa Macri presidenteari leporatzeko. Laster ahaztu du bera gobernuburua zen garaietan desagertutakoak eta hildakoak milaka izan zirela eta oraindik ere kasu horien inguruko egia aldarrikatzen dirautela senideek, lagunek eta giza eskubideen elkarteek, Correpi kasu, zeinak 2003-2015 bitartean (Kirschnerren gobernupean emandako garaiak) bortizkeria instituzionalak eraildakoen kopurua 3.000 lagun baino gehiagokoa izan zela salatzen duen. Kontuan izan, gainera, eta horretaz asko dakigu Euskal Herrian, inolako datu ofizialik ez dagoela, eta, beraz, elkarteek egin behar dutela salaketen eta testigantzen bilketa, banan-banan. Kontuak kontu, asko dira oraindik desagertutakoak.

Maldonadoren familiak idazki bat kaleratu berri du bere abokatu Veronica Herediaren bitartez, non Santiagoren desagerpena desagertze behartu bat dela baieztatzen duen. Nazio Batuek dioten moduan (eta instantzia horretatik ere Santiagoren inguruan zer gertatu den lehenbailehen argitzeko eskatu diote Argentinako Gobernuari), definizio horrek ezinbestean aurreikusten du gobernuaren parte hartzea desagerpenean. Desagertu behartua delitu jarraitua da: desagertutakoa agertu ezean gertatzen jarraitzen du, egun bakoitzean eta desagertu zen unetik bertatik. Eta horren aurrean, agintarien isiltasuna, ukazioa, faltsukeria, erruak aurkari politikoei botatzea. Familia eta hurbilenentzako, bitartean, tortura lazgarria suposatzen du desagertze behartu batek.

Maputxe herriak bere lurra defendatzeko duen eskubidearekin eta Santiago Maldonado lehenbailehen bizirik eta salbu agertzeko aldarriarekin bat egiten dut hemendik. •