Maddi TXINTXURRETA AGIRREGABIRIA
HITZ GUTXIKO BEGIRADA

EHUko ikasle talde batek irabazi du Aspacefilm film laburren lehiaketa

Lourdes Franco eta Emilio Mato Aspace Bizkaiko erabiltzaileak dira «En pocas palabras» film laburreko aktore protagonistak. Filmean, zinema areto batean gurutzatzen dira eta amodiozko istorio bat bizitzen dute: begiradak, pentsamenduak eta irribarreak konpartituz, elkarren konplize bihurtzen pixkanaka-pixkanaka...

Lourdesek begi berdeak ditu. Edo marroiak. Berdin dio, ile beltza dutenei edozein koloretako begiek egiten baitiete on. Emiliok, aldiz, betaurrekoak janzten ditu. Zer-nolako begiekin begiratzen ditu jendeak Lourdes eta Emilio?

Batzuek begi berdeekin ikusiko dute “En pocas palabras” filma. Beste batzuek urdinekin, edo betaurrekoekin, Emiliok bezala. Finean, milioi bat koloretako begiak gurutzatuko dira Lourdesen eta Emilioren begiekin. Izan ere, milioi bat pertsonak izango dute “En pocas palabras” 2017ko Aspacefilm film laburren lehiaketako pelikula irabazlea ikusteko aukera.

Honako hauek dira pelikularen sortzaileak, guztiak ere EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko ikasleak: Guillermo Rivas zuzendari eta gidoilaria, Alba Lozano gidoilaria, Sergio Marcos argazkigintza zuzendaria, Jon Santamaria muntaketa arduraduna, Jaime Venegas argiztapen arduraduna eta Iker Villa soinu bandaren egilea. “Errealizazioa I” ikasgaiaren baitan sortu zuten film laburra, eta Estatu espainol mailako Aspacefilm lehiaketa irabazi dute. Uztailaren 21ean jaso zuten berria, sari banaketaren egunean, Madrilgo Zinema Akademiaren egoitzan. Aktore onenaren saria ere Emilio Matok jaso zuen, pelikulako protagonistetako batek.

Aspacefilm Aspace konfederazioak antolatutako film labur lehiaketa da, garun paralisia duten pertsonen ikusgarritasuna bultzatzea helburu duena. Ondorioz, aurkeztutako film laburretako aktore protagonistak garun paralisia duten pertsonak izatea da baldintzetako bat.

Lourdes Franco eta Emilio Mato dira “En pocas palabras” filmeko aktore protagonistak. Ikus-entzunezkoan, zinema areto batean gurutzatzen dira ausaz, eta amodiozko istorio txiki bat bizitzen dute: begiradak eta irribarreak konpartituz, elkarren konplize bihurtzen dira pixkanaka-pixkanaka. Off-eko ahotsak gidatzen du filma, aktoreen pentsamenduak azalduz.

Filmaketa lanetan hasi baino lehen, Esther Turrado Aspace Bizkaiko komunikazio arduradunaren prestakuntza tailer bat jaso zuten EHUko ikasleek, garun paralisia aztergai. «Ikasleen ikuspegia zehatzagoa izateko egin genuen prestakuntza», azaldu du Turradok. EHUko ikasleek Aspace Bizkaia elkartearen laguntza jaso zuten proiektuaren hasieratik bukaerara. Prestakuntzaren ostean, talde bakoitzak hiru proiektu proposatu zituen, eta hiruretatik bat aukeratu zuen Aspace Bizkaiak. «Talde bakoitzak bere ideiak aurkeztu zizkidanean, pentsatu nuen zein zen ideia bakoitzerako aktore aproposena, eta, horren arabera, zentro batera edo bestera bideratu nituen ikasleak», dio Turradok. Ondoren, grabaketa prozesuari ekin zioten.

“En pocas palabras” filmeko lantaldeak, baina, azken orduko aldaketak egin behar izan zituen. «Aspace Bizkaia elkartekoek aukeratu zuten ideia aurkeztu genituen hiru ideietatik gutxien gustatu zitzaiguna zen. Horregatik, Aintzaneri [Pagadigorria] ideia berri bat pentsatzeko denbora gehiago eskatu genion», gogoratu du Guillermo Rivas zuzendari eta gidoilariak.

Talde bakoitzak bere filma amaitu ostean, egindako lanak aurkezteko proiekzio bat antolatu zuten EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko auditorioan. «Aspace Bizkaia elkarteko 70 kide baino gehiago bertaratu ziren, baita ikasleak ere», azaldu du Aintzane Pagadigorria EHUko irakasleak. Ekitaldian, film labur onenaren bi sari eman ziren: bata epaimahaiak hautatutakoa, eta, bestea, ikusleek. Lehen saria “En pocas palabras” filmak jaso zuen, eta, bigarrena, “Dream, Lola, dream” lanak. Bi filmok eta “Bahira” izeneko hirugarren bat bidali zituzten lehiaketara.

Ezintasunak planotik at

Pelikulan, garun paralisia duten bi pertsonen arteko istorio bat kontatzen da, baina berdin-berdin izan zitekeen garun paralisirik ez duten birena. Izan ere, sortzaileek ez dute gaia gurasokeriaz landu. Horren ordez, garun paralisia planotik atera eta bi pertsonen arteko maitasun istorioa kontatu dute. Pagadigorriak nabarmendu du filmak gaiok gurasokeriaz tratatzearen erronka gainditu duela, eta hori dela egindako ekarpen handiena. Esther Turradok iritzi bera du: «Ematen du aniztasun funtzionala duen pertsona baten inguruko film bat egitean bere ezintasuna gailendu egin behar dela. Bada, film honek garun paralisia dutenen beste errealitate bat erakustea lortu du».

«Talde bezala gure lorpen handiena da ‘En pocas palabras’», esan du filmaren zuzendariak. «Lan sozial bat egiteak ondo sentiarazi gaitu, jendeari lagundu baitiogu», gehitu du Jon Santamaria taldekideak. Ez da taldeak film sozial bat egiten duen lehen aldia, “Aforo limitado” (2015) labur sozialarekin Cine Invisible Express sariketako epaimahaikideen eta publikoaren sariak jaso zituzten-eta.

Orain, jakiteko dago zer-nolako iritzia duten pelikularen inguruan ikus-entzuleek. Estatu espainoleko 60 zinematan eta 8MadridTV telebista katean emango dute, eta milioi bat lagun inguruk ikusi ahalko dute. Sortzaileek Euskal Herriko zinema areto batean ere proiektatzea eskatu dute, hasiera batean ez baitzegoen aurreikusita bertan emititzerik. Oraindik ere ez dute inolako erantzunik jaso, eta ez dakite noiz hasiko den pelikula zinema aretoetan proiektatzen. Alabaina, film labur sarituak milioi bat begirada koloreztatzeko eta beste hainbeste kontzientzia astintzeko balioko du.