Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Hesirik handiena

Nora doa iparraldeko bidea, Izabatik aurrera, Belaguako zintzurrean barrena, parez pare Pirinioetako harresia besterik ez badauka? Nora doa, bi mila metroko gailurrek inguratutako zirku itxi batean?

Iparrera doa, Pirinioak ez direlako inoiz muga nahikoa izan. Bideek –bidexka umil, izerditu, hain gizatiarrek– urratsez urrats gainditu zuten mendikatea. Portuak igaroz, erronkariarrak eta ansoarrak Mauleko merkatura joaten ziren abereekin; zuberotarrek emakume deabrudunak (!) Gardera eramaten zituzten, Zuberoako Ama Birjinaren baselizan senda zitezen; eta 1880 eta 1935 artean, laurehun, seiehun, zazpiehun emakume gazte Belaguan elkartzen ziren udazkenero –Erronkaritik, Ansotik, Hechotik–, elkarrekin beste aldera pasatu eta Mauleko hogeita hamar espartin fabriketan lan egitera, sei hilabetez larruzko zolak txirikordatzera, oihalak jostera, lokarriak pasatzera. Udaberrian itzultzen zirelako eta beltzez janzten zirelako, izengoitia jaso zuten: enarak.

–Iparreko haizeak jotzen duenean, zirkua lainoz betetzen digu eta ingurune hau tranpa mortal bihurtzen da –esan dit Julian Gabasek, Juan Pitoren Bentan.

Benta orain errepidearen ertzean dago, 1.100 metroko altitudean –etxe zuria, teilatu beltza, tximinia oso lodia, mendizaleren baten motxila beti atean–. Tximinia horretatik irteten ziren izoztutako emakumeen baporeak, bentakoek elur-bisutsetan erreskatatu eta sutondoan jartzen zituztenean.

–Lainoa jaisten zenean, Juan bentatik irteten zen eta txilibitua jotzen zuen artzainak orientatzeko. Horregatik deitzen zioten Juan Pito. Mendi hauetan oso zona arriskutsuak daude. Ez duzu Cerro de las Latas ezagutzen, Arrakogoitiko lepotik gertu? Han zulo handi bat dago, eta lainoarekin jendea amildu egiten zen. Zutoin batzuk jarri zituzten eta lata batzuk zintzilik: haizeak astintzen dituenean, ondo entzuten da amildegia non dagoen. Enarak ere hemendik pasatzen ziren, jakina. Bentan egiten zuten lo, muga pasatu aurretik. Kontatzen zutenez, bueltatzen zirenean ikuskizun galanta izaten zen: dozenaka emakume, beltzez jantzita, Maulen erositako arropak, maindireak eta ontziteriak gainean zituztela, mugazainei iskin egiten. Gure bentan familiakoak zituzten zain, gurdiekin. Batzuetan ekaitzak harrapatzen zituen eta horko tximinia horretan jartzen zituzten, neska gaixoak, erdi izoztuta –dio Julianek. Antzinako Juan haren ondorengoa da, eta ziurrenik beste Juan zaharrago batzuena ere, etxeak 1820ko eskriturak dituelako, eta lehenagokoa ere izan daitekeelako.

Juan Pitoren Bentatik gora, errepidea Eraizeko gainera iristen da. Goi lautada bat da, 1.575 metrotan, hegoaldera erortzen den Belaguako zirkuaren eta iparraldera erortzen den Ehüjarreko arroilaren gainean. Hortik aurrera, errepidea Larrako mendigunean sartzen da: kareharrizko masa itzela, berrogeita hamar kilometro karratukoa, 2.000 metroko altueran. Euriek kareharria disolbatu zuten, pitzadurak zabaldu zituzten, gero eta luzeagoak, gero eta sakonagoak –San Martingo leizea munduko handienetako bat da, 1.410 metroko sakontasuna eta 80 kilometro inguruko garapenarekin–. Lurrazala labirinto kaotiko eta arriskutsua da mendizaleentzat, lainoa sartzen denean batez ere. 1973an dinamita sartu zioten eremu honi eta milaka tona kareharri lehertu zituzten, errepidea San Martingo Harriko leporaino eraman eta Baretos ibarrera jaisteko.

Harkaitzen suntsiketak gure garaiko sentsibilitateari min ematen dio, baina ni ez nintzateke ausartuko enara haietako bati errepidearengatik pena adierazten –hori da triskantza, mendietan asfaltozko errepide hau egiteko!–. Gizakion artean denbora baita hesirik handiena, edozein mendikate baino askoz ere handiagoa. •