Mikel Zubimendi Berastegi
ETXE-KATUA BASAKATU

Ikerketa zientifiko berri baten arabera katuak beren kabuz etxekotu ziren

Azken 9.000 urteetan bizi izandako berrehun katuren DNA mitokondriala aztertuta, zientzialariek hauen etxekotze prozesuari buruz hipotesi berri bat aurkeztu dute. Milaka urteetan bizi izan direla gizakien ondoan, basati. Basakatuok mundua konkistatu zutela itsasbideetan bidaide izanda. Maskota arrazek apenas dutela mende bat.

Ailurofiloek, katuekiko gustu edo maitasun espeziala duen jendeak, erdi serio erdi bromatan, sarritan esaten dute beren maskota kuttunek funtsean basatiak izaten jarraitzen dutela, beren ahaide basati eta handiagoen bereizgarri asko erakusten dituztela. Felidoek berezkoa duten bezala, beren denbora hartzen dutela gizakien besoetara jauzi egin baino lehen. Haien gustuaren defentsan, esan izan dute, adibidez, ez dela kasualitatea polizia-txakurrak dauden bezala, polizia-katurik ez egotea, eta abar.

Katuen maitaleok diotenez, behi, txerri, txakur edo ahuntzen hezte edo etxekotzearekin ez dago konparazio punturik. Beraien kutunak espezialak direla, jendearen ondoan bizi diren animalia basati direlako. Begiratzeko adi basakatuei, eta ohartzeko etxekotutako katuekin ez dutela ezberdintasun nabarmenik. Konparatzeko beren hortz tamainak, ea ikusten dioten infantilizatutako hazpegirik, otzantasuna neurtzeko. Etxekotze prozesua desafiatzeko gaitasuna dutela, toki propio bat aurkitu ahal dutela gizakien ondoan, haien lagun eginda, baina hauen erabateko kontrolpean sekula erori gabe.

Ba bai, ailurofiloak zuzen dabiltza, behinik behin antzinako katuen DNA aztertzen duen eta berriki argitaratutako ikerketa genetiko sonatu baten ondorioen arabera. Leuveneko unibertsitateko genetista den Claudio Ottonik gidatutako nazioarteko ikertzaileen taldeak "Nature Ecology & Evolution" aldizkarian argitaratutako txostenak horixe bera dio.

9.000 urteetako tartean, antzinako eta egungo berrehun katuren DNA mitokondriala aztertuta, Egiptoko momiekin lurperatutako katuen gorpuzkiak edo egungo Afrikako eta Anatoliako basakatuen subespezienak –katu moderno guztien arbaso basatiak– barne, beren geneak ia ez direla aldatu ikusten da. Katuak milaka urtez bizi izan direla gizakien ondoan etxekotuak izan baino lehen. Edo beste era batera esanda, etxekotze prozesua ez zela izan gizakiak basakatuak ehizatu eta kaiola batean itxita eduki ondoren etorri, gutxi gorabehera katuei beraiei beren erara etxekotzen utzi ziela gizakiak, nolabait, “autoetxekotu” egin zirela.

Gizakiok azken 10.000 urteetan bizi izan gara katuekin. Hala erakusten dute adibidez, Zipren aurkitutako 9.500 urteko antzinatasuna duen hilobiak, katua eta gizakia elkarrekin lurperatuta zituenak. Edo Egiptoko arte motiboetan aulki azpian arraina janez ikus daitezkeen katuak. Egun, gizakiekin etxea eta janaria partekatzen dute, eta milaka urtez nekazari eta marinelekin lan egin dute karraskarien izurriak desagerrarazteko. Baina katuak benetan ez badira etxekotu, nola bizi izan dira gizakiekin batera aparteko arazorik gabe?

Misterioa argituz

Ottonik zuzendutako ikerketaren arabera, Felis silvestris lybicaren –Afrikako edo desertuko basakatua bezala ezagutua– jatorri komuna dute egungo katuek. Afrikako edo Ekialde Hurbileko basakatuaren subespezie hori milurteko batean mundua dominatzen hasi zen, hein handi batean nekazaritzaren zabalkundeari esker. Nekazaritza bezala, basakatuok Egiptotik eta Asia hego-ekialdetik abiatu ziren, eta lagun eta zerbitzari on gisa onartu zituzten orduko populazioek, Paleolitoko populazioek antzinako txakurrak ehizarako lagun egin zituzten bezala.

Egungo etxe-katuen eta ezagutzen diren bost basakatu subespezien eskeletoek ia ezberdintasunik ez dutela kontuan hartuta, duela 9.000 urtetik hona bildutako berrehun katuren hezur, hortz, larru eta iletik hartutako DNAren ikerketak aurkikuntza txundigarriak utzi ditu. Hala nola, Erdi Aroan itsas portu bikingoetan aurkitutako Egiptoko katuen edo Erromatar Inperioko Itsaso Gorriko portuetan topatutako Asiako katuen askazi berbera dutela. Animalia territorialak izaki eta beren kabuz mugitzeko joerarik ez dutenez, datuok konklusio batera eramaten dute: katu bidaiarik zirela, itsasbideetan zehar eramaten zituztela karraskariak kontrolatzeko eta, denborarekin, portuetatik ihes egin eta beste lurralde batzuk konkistatzen hasi zirela, bertako basakatuekin gurutzatuz eta, aldizka, geneak ordezkatuz.

Felis silvestris lybica basakatuak Egipton bereziki oso maitatuak eta errespetatuak izan ziren. Bertako ikonografiak erakusten duenez, katuak animalia basa eta harro gisa errepresentatzen zituzten, Eguzkiaren jainkotzat zuten Ra mehatxatzen zuen sugea hiltzen, edo, geroago, zingiretan gizakiekin batera txoriak ehizatuz. Animalia politikoa izateraino iritsi zen, K. a 1.700 urtean katuen komertzioaren debekuak erakusten duenez.

Eta halere, Egiptoko katuok Europan barreiatzea lortu zuten. Gizakiekin batera bidaiatu bazuten ere, ez ziren erabat etxekotu, gizakiek ez zuten beren elikadura kontrolatzen. Gizakien munduaren eta natura basaren artean libreki mugitzen uzten zieten, eta sarritan aurkitzen zituzten basakatuekin gurutzatzen ziren.

Etxekotze berantiarra

Txakurrak, katuak ez bezala, zeregin zehatzetarako etxekotu ziren. Ezaugarri konkretuen araberako aukeraketa horrek ekarri du egun txakurren artean den arrazen dibertsifikazioa. Katuak, baina, ez ziren aukeraketa prozesu horretatik pasatu, ez zegoelako haiek aldatu beharrik. Ziren bezalakoak perfektuak zirelako beren eginkizunak betetzeko.

Ziurrenik gizakiek erabat etxekotutako lehen katu arraza Felis domesticus orbanduna izan zen. Aurrez egindako ikerketek bere larruaren mutazioaren genea aurkitu dute, eta, beraz, erraza da bere aztarnari segitzea. Tigre begiradako katuok, larru orbanduna duten Felis domesticus subespeziekoak, ez dira naturan basati bizitzen. Eta hari horretatik tiraka, segur aski, kolorearen eredu berri horren hazkundea katuen etxekotze prozesuan mugarri inportante bat izan zen.

Izan ere, katuekin dugun laguntasun historia luzean, Felis domesticusarekin lehen aldiz hartu zuten gizakiek beren gain katuon elikadura. Orduz geroztik, katuak etxekotuago egin dira. Baina honetan ere badago ezberdintasun nabarmen bat: denbora. Mila urte baino gutxiago daramagu katuak elikatzen, eta, aldiz, etxekotutako beste animaliak milurteko askotan zehar izan dira gizakien mende.

Lagun bai, kontrolpean ez

Egun 40-50 katu arraza inguru daude, gizakiak aukeraketa artifizialen bidez sorturikoak bere gustuko ezaugarri estetikoak asetzeko, izan gorputz edo aurpegiaren formak, edo ilajea, edo izaera otzana. Arraza aukeraketa hau duela mende bat pasatxo hasi zen, nahiz eta katuak gutxienez 9.000 urtez bizi izan diren gizakiekin batera, etxekotzeko inongo gogorik erakutsi edo beharrik izan gabe. Txakurraren etxekotze prozesuarekin konparatuz gero, askoz ere berantiarragoa da.

Bai, seguru asko, katuen etxekotze prozesuaren hasiera batean baino ez gaude. Eta hala ere hain presente daude herri jakindurian! Katuak gutxienez zazpi bizitza dituela esan ohi da, alturatik botatzean bere hankekin lurra hartzen duen bezala arazoen aurrean lur hartuko bagenu, zorte ona edo arrakasta ziurtatuta izango dugula; katuak joatean saguak jolasten eta dantzatzen hasten direla esaten da, edo gauez katu guztiak direla nabarrak.

Gaur egun, etxe-katuak eta basakatuak ia berdinak dira. Beharbada 8.000 urte barru txakurren arraza kopuru berdina izatera iritsiko dira, eta sanbernardoaren tamainako katu-panterak egongo dira. Edo auskalo, agian, etxekotze prozesua desafiatzen jarraituko dute, orain artean bezala. Gizakien lagun eginda, bai, baina hauen erabateko kontrolpeko ez diren animalia errepikaezin bezala duten lekua mantentzen jarraituz. Batek jakin!