Pello Otxandiano

Pobretze intelektual eta moral induzitua

Bueno, pues molt bé, pues adios. Horrela ihardetsi zion polizia buruak gazteleraz hitz egiteko eskatu zion kazetari espainolari. Oihartzun handia izan dute hitzok eta asko goraipatu da mossoen buruak adierazitako tinkotasuna hizkuntza hautuari dagokionez. Hizkuntza hautuaz harago, Josep Lluis Trapero deritzan gizonaren jarrera –polizia burua izateagatik miresten zaila zaigun arren– Kataluniak atentatuen ostean adierazi duen autokontzientziaren eta heldutasunaren adibide ona delakoan nago.

Esaten denez Kataluniak estatu gisa jardun du ordu batzuez, eta horrek, batez ere, esan nahi du administrazio katalanak territorioaren kontrol efektiboa izan duela krisiak iraun duen egunetan. Besteak beste, poliziaren jarduna –eztabaidatua, bestetik, atentatuaren ustezko egileak hil izanagatik– eta gertaeren inguruan emandako informazio ofizialaren gardentasuna eta zuzentasuna nabarmendu dira. Baina ez hori bakarrik, bi errealitate oso ezberdin urgaineratu dira gertaeroi aurre egiteko moldeetan, bi kultura politiko erabat ezberdin shock emozional eta soziala kudeatzeko moduetan: Katalunia vs Espainia.

Katalanek, egoeraren kudeaketa tekniko eraginkor bat egiteaz gain, oro har, erreakzio sozial pausatua izan dute. Atentatuaren bortitzak ez du drama humano honen konplexutasuna estali, eta, manikeismotik urrun, begirada mindu sakon bat eskaini digute hala hilotzen irudiak azalean zekartzaten egunkariak saltzeari uko egin dioten kioskeroek zein atentatuaren ustezko egileak ezagutu zituen hezitzaile sozialak, kasurako. Eztabaida politikoa ere nahikotasunezko mailara iritsi da hitzez eta ekintzez; erreakzio xenofoboei ateak itxi zaizkie irmo, eta shock egoera betean gertaeron oinarrian dauden arrazoi politiko eta ekonomikoen gaineko ahotsak entzun dira hain ohituak gauden doktrina moralisten gainetik. Idealizatu gabe, bestelakorik ere egongo baitzen, uste dut oro har Kataluniak kultura demokratiko aurreratu bat erakutsi duela egoera honi aurre egiteko orduan, eta errealitate kultural, sozial eta politiko berezitu gisa nabarmendu dela espainolen betiereko zabarkeriaren aurrean.

Eta inbidia sentitu dut, Euskal Herria oso atzenduta ikusten baitut, espainolizatuta erabat. Eztabaida politikoaren banalizazioa, arerioaren desprestigioa eta karikaturizazioa, komunikabide publikoen erabilpen partidista, edota epe motzeko interes politikoen nagusigoa ohikoak dira gurean. Ez nuke nahi nik ere kritika politiko baldarra egiterik, baina uste dut nabarmena dela Urkullu buru duen EAJren ildo politikoa dela panorama horren iturri emankorrena. Izan ere, EAJk autokonplazentzian instalatzen du herri hau, bere potentzialitateak autoinibitzera eramanez; PSE eta PP makulu gisa hartuz elektoralki minorizatu den espainolismoari arnasketa lagundua ematen dio, euskal soziologia artifizialki itxuraldatuz; Madril erreferentzia bakartzat hartuz politika publiko sozialki aurreratuak garatzeko bideak mozten ditu, euskal garapen eredu baten paradigma ezinezko eginez; baina, nire ustez larriena dena, pobrezia intelektual eta moralaren bideetan barrena garamatza.

Azken aste honi erreparatuz gero, turismo ereduaren eztabaidaren harira zenbait arduradun instituzionalen eta kazetariren erreakzioak negarrari emateko modukoak iruditu zaizkit: Urkulluren beraren txioak EH Bildu Donostiako ostalarien elkartearekin bildu ondoren –Seguro que Arnaldo Otegi y delegación que se ha reunido con hosteleros de Gipuzkoa, además de hacer turismo, leerán prensa internacional–; Gipuzkoako Ogasun Diputatua Sorturi eskatuz erasoak eten eta bazterrak nahastu ez ditzala, globala den errealitate baten gaineko eztabaida politikoa gutxietsiz eta alderdien arteko liskarren terminoetan kokatuz; Javier Vizcainoren txio erdeinagarria –Infieles y turistas, doblemente asesinables–; Zarauzko PSEko zinegotziarenari ez diot izenondo aproposik aurkitu.

Egunotan Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberria irakurri dut, eta aukera izan dut Agirre lehendakaria –eta haren inguruan ibili ziren zenbait– gertuagotik ezagutzeko. Nire buruari galdetzen diot zer pentsatuko lukeen Euskal Herriari aurrerabiderik eskaini ezinik akituta hil zen abertzaletasun historikoaren belaunaldi hark gaurko pobretze intelektual eta moral induzitu honetaz. •