02 SET. 2017 Entrevista EstherArrojeria Super amara bera bera «Hurrengo hilabeteetan, behintzat, ez dut oraindik nire burua jokatzen ikusten» Taldeko giltzarria izaten ari zen eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatuak gelditzeko agindu zion arte. Lesioa espero baino buruhauste gehiago ematen ari zaio. Ane URKIRI ANSOLA Bost hilabete igaro dira eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuenetik. Zer moduz den galdetzean ondo dagoela baieztatzen badu ere, herrenka dabil oraindik, eta horrek amorrarazten du. Egunak joan egunak etorri jo eta ke ari da Esther Arrojeria (Usurbil, 1994) ahal bezain laster jokatzen hasteko. Ez daki noiz izango den, eta ez da pentsatzen ere jarri. Egunerokoan zentratu, «eta etorriko dena etorriko da». Iaztik taldeko bigarren kapitaina da, eta Bera Berara 2012an iritsi zenetik hamabi titulu irabazi ditu dagoeneko. Denboraldia bukatu zuen legez, hasi ere harmailetan egingo du, urduritasun handiz. Pazientziaz beteta, lesioaren buruhausteak, egunerokotasuna, taldeko aldaketak eta hastear dagoen denboraldia (asteazkenean Castellon jokatuko du Ligako aurreneko neurketa Bera Berak) aztertzeko prestu agertu da jokalari usurbildarra. Martxoan espainiar selekzioak deitu zintuen estreinakoz. Berri on batetik, lesio larrira. Munduko ilusio eta poztasun handienarekin hasitako astea izan zen, eta amaitu zen inork espero ez zuen moduan; nik, are gutxiago. Bizitza horrelakoa da. Lesioak istant txarrenean etortzen dira beti, inoiz ez dira ongi etorriak. Hala egokitu zen eta ezin ezer egin. Une horretan zer pentsatu zenuen? Hobe selekzioarekin joan ez bazina? Hori pentsatzen hasita ere ez duzu lasai lo egingo. Etorri egin behar zuela pentsatu eta kito. Hor lesionatu ezean, taldearekin lesionatuko nintzateke agian. Ezin da jakin. Jarri nintzen pentsatzen aukera bat izan zela han egotea, nahiz eta gero lesionatuta bukatu. Saiatu nintzen aprobetxatzen han egondako une bakoitza. Ez dizut gezurrik esango, hori bai: esperientzia gazi-gozoa izan zen ezinbestean. Alde batetik, poz handiarekin hartu nuen deia, baina, bestetik, gaizki bukatu zen guztia. Baina, tira, oraindik noizbait itzultzeko esperantza gordeta daukat. Denboraldia hor bukatu zitzaizula onartzea kostatu zitzaizun? Bai, ez da erraza. Lesio luze bat da, gutxienez sei hilabeteraino luzatzen da normalean. Gogorra da. Une onean aurkitzen nintzen gainera, fisikoki ere oso ondo nengoen. Inoiz baino hobeto, nik uste. Eta, bat-batean, puskatu eta nire ibilbidean geldialdi bat edukiko dudala pentsatzea... Bai, gogorra da asimilatzea. Pixkanaka-pixkanaka, denborarekin, onartzen joaten zara, eta aurrera begiratzea besterik ez da geratzen, bestela ez zara aterako lesiotik. Zuk zeuk aipatu duzu zure ibilbideko unerik onenean aurkitzen zinela. Taldeko ikurra zinen. Lesioak zergatiren bat izan duela uste al duzu? Taldean nire lekua hartu nuen, minutu asko jokatu nituen txapelketa guztietan, bai Ligan eta baita Europan ere (Txapeldunen Ligako sailkatze fasea eta EHF Kopa). Dena jokatzen ari nintzen, kasik. Horrek zerikusia izan dezake. Gorputza nekatuago dago, mugaraino eramanda. Ondoren selekzioan ere goiz eta arratsalde entrenatzen nenbilen... Faktore asko batu ziren. Denboraldi guztiko nekeaz gain, selekzioan beste estres puntu batekin nengoen: aurreneko aldia zen, kirioak hor zeuden, baita beldurra ere... Martxoan ebakuntza egin ostean, uztailean operazio gelatik pasa zinen berriz. Orain astebete sare sozialetan idatzi zenuen pentsatu baino gehiago kostatzen ari zaizula sendatzea... Beste belaunean orain bost urte lesio berbera eduki nuen eta guztia bikain joan zen. Beraz, aurten aurreneko aldiz ebakuntza egin zidatenean, nire esperantza zen berdin joango zela guztia. Zoritxarrez ez da hala izan. Beraz, jada ezaguna zitzaizun lesio hau. Bai, eta horregatik, are gogorragoa egiten ari zaidala uste dut, aurrekoan ez bainuen inolako arazorik eduki. Martxoko ebakuntzaren ostean, mugikortasun arazoekin hasi nintzen: ez nuen lortzen belauna guztiz tolestu eta luzatzerik. Atxikidurak zirela eta beste ebakuntza bat behar nuela esan zidaten. Hor esperantza bueltatu zitzaidan. Bigarren operazioren ostean dena martxan jarriko zela pentsatzen nuen, jada dena ondo joaten hasiko zela... Eta oso kolpe gogorra izan da bigarren operazioaren ostean oraindik kostatzen ari dela ikustea. Belaunak handituta jarraitzen du, mugikortasuna ez dut oraindik guztiz berreskuratu. Eta hor nabil. Bost hilabete igarota, berez korrika egiteko moduan izan beharko nintzateke, kantxara noiz itzuli pentsatzen, baina oraindik ez naiz korrika ere hasi. Ariketa asko ezin ditut egin. Gogorra izaten ari da. Berez lesioa gogorra baldin bada, gauzak okertzean are eta gogorragoa da. Aurrera egitea besterik ez dago. Aterako naiz honetatik, eta, inoiz baino indartsuago, seguru. Noizko aurreikusten duzu errekuperazioa? Egia esan, oraintxe bertan ezin dut esan. Batzuetan ematen du hobetuz doala eta laster korrika hasiko naizela, baina hurrengo astean pixka bat atzera egiten dut. Ez dakit. Ez dut datarik ipini nahi, hobe pixkanaka ikusten joatea. Etortzen dena etorriko da, eta espero lehenbailehen izatea. Baina hurrengo hilabeteetan, behintzat, ez dut oraindik nire burua jokatzen ikusten. Hobe eperik ez jartzea estres puntua jaisteko? Zentzugabekeria iruditzen zait gaur-gaurkoz. Ikusiko banu belauna eboluzioren batean sartuta dela eta hobekuntza iraunkor bat dagoela, ezberdina litzateke. Baina ez nago momentu horretan, orduan oraindik zaila da data batekin pentsatzea. Nolakoa da zure egunerokoa? Ahal dudan guztia taldearekin egiten saiatzen naiz. Adibidez, beraiek pisua altxatzen dabiltzanean, nik gorputzaren goiko aldea lantzen dut pisua altxatuz. Astean hiru aldiz La Perlara joaten saiatzen naiz, eta eguerdietan Zubietara joaten naiz errehabilitazioa egitera, egunero normalean, Realak neurketarik eduki ezean. Bestalde, taldea pistan entrenatzen ari denean, nik nire ariketak egiten ditut hanka lantzeko. Orain hasi naiz baloiarekin jaurtiketak praktikatzen, aulki batean eserita, sentsazio horiek ere errekuperatzen joateko [barrezka]. Bestela, berriro baloi bat eskuetan hartu orduko, eternitate bat pasatu dela sentituko nuke... Askotan badirudi lesionatuta den kirolari bat geldirik dela. Lagunek esaten zidaten: «Orain, hartu opor batzuk balira bezala». Oporrak? Udaran batez ere, guztiak jai zutenean, ni jo eta ke. Goizetan Zubietara, arratsaldeetan La Perlara... Inoiz baino gauza gehiago egiten ari naiz! Gorputza ondo dagoenean, normal entrenatzen duzu eta horrekin nahikoa da. Lesionatuta zaudenean, aldiz, lan gehiago egitera behartuta zaude. Ez oporrik ez ezer. Lesio batetik lehenbailehen atera nahi duzu, eta zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta bizkorrago osatuko zara. Nire buruari asko exijitzen ari natzaio, askotan gehiegi, eta belauna haserretu ere egin da momentu batzuetan... Zer ari da izaten indargarri? Gauzak gaizki joan direnean zaila izan da indarra ematen duen zerbait aurkitzea. Orain taldea lanean hasi denean errazagoa izaten ari da. Orain arte bakarrik egon naiz. Errehabilitazioa bakarrik egin dut, prozesu hau bakarrik eraman dut. Familia hor zegoen, baina ni nahiko erreserbatua naiz halako gauzekin. Taldea martxan jartzean ikusi ditut jokalariak entrenatzen, ikusi dut denboraldia hastear dela... eta jada taldearen dinamikan sartzeak, pixka bat bada ere, indarra eman dit; laster hor egongo naizela pentsatzeak, alegia. Kanpotar asko iritsi dira. Bertigorik ez dizu ematen taldean sartzeak? Taldea asko aldatu da, jende asko etorri da, eta, gehienak, lehenengo lerrokoak. Egia da iaz postua nahiko seguru nuen bezala, aurten hor egon nahi badut lan egitea tokatuko zaidala [barrez]. Bertigorik ez, gogotsu nago. Badakit hasiera batean ez naizela hasierako mailan egongo, baina gutxika-gutxika ea lortzen dudan gerturatzea. Bestalde, nik uste dut etorri diren guztiak, nirekin alderatuta, oso profil ezberdinekoak direla. Hau da, fitxaketa asko kanpo jaurtitzaileak dira eta nire profila azkarragoa da, inkurtsio gehiagorekin. Agian, Ane Encinaren profilekoa naiz gehiago. Denontzako dago lekua taldean. Aulkian beti jokalari berdinek ez dute zergatik izan. Taldea ondo kudeatuz gero, gauza politak egin ditzakegulakoan nago. Lesionatuta zaudela, errealitatearen beste perspektiba bat garatzen omen da. Egunerokoa beste bat da. Udan une askotan bakarrik egon naiz, eta une horietan bai ikusten duzu zein dagoen gainean, zein arduratzen den, zein dagoen esku bat botatzeko prest... Ondo zaudenean bizitzen ez dituzun egoerak bizitzen dituzu. Jokatzen zeundenean edozein tontakeriagatik gaizki sentitzen zinela ohartzen zara, eta orain egoera horretan egoteagatik ordainduko zenukeela... Heldutasun bat ematen dizu. Gauza txar guztiek bere alde ona izaten omen dute. 23 urte dituzu eta lau Liga, hiru Kopa eta bost Superkopa irabazi dituzu. Aurreko lesioa pairatu nuenean, 2012an, Bera Berak fitxatu baino hilabete batzuk lehenago, sekula ez nuen pentsatuko hori guztia lortuko nuenik. Gaztea naiz eta zorionez taldearen urte onenean iritsi nintzen. Espero titulu horiek azkenak ez izatea eta palmaresa handitzen joatea. Aipatu duzu lesio larri baten ostean iritsi zirela titulu horiek guztiak. Oraingoan ere hori errepika daiteke. Hori ere egia da. Aurreko lesiotik atera eta gauza zoragarriak bizi izan nituen, eta, orain, zergatik ez da ba errepikatuko? Horrelako xehetasunei heldu behar zaie aurrera begiratzeko. Moralki baxu zaudenean, detaile edo inpultso txikienak ere oso handiak izaten dira. Zure seigarren denboraldia da Bera Beran. Asko ez jokatzetik, giltzarri izatera igaro zara. Nola bizi izan duzu? Giltza Txapeldunen Liga jokatu genuen denboraldian egon zen (2013-2014). Neurketa asko batu ziren hilabete konkretu batzuetan eta taldea ez zen oso zabala. Pixkanaka Ligako neurketak jokatzen hasi nintzen eta ikusi zuten ez nintzela hain gaizki ere moldatzen [barrezka]. Etorritako entrenatzaileek nirekin konfiantza izan dute, ni ere gero eta hobeto aurkitu izan naiz, taldekideen babesa ere beti eduki dut... Norberaren konfiantza handitzen doan heinean, jokoan ere islatzen da. Nola bizi izan dudan? Motibazio bat da. Hasi nintzen inongo protagonismorik gabe, ia minuturik jokatu gabe, eta, lanaren eta konstantziaren ondorioz, nire lekua lortu nuen. Beraz, bi aspektu horiek lesioari aplikatuta, ahalik eta bizkorren maila hoberenera itzultzearekin buru-belarri ari naiz orain. Nola ikusten duzu taldea irailaren 6an hasiko duzuen denboraldirako? Taldea nahiko berria da, baina, pieza guztiak bat etortzea lortzen badugu, garaikurrengatik borrokatuko dugu. Helburu nagusia Liga eta Kopa irabaztea da, edo, behintzat, lehia estuan egotea. Eta, bestetik, Europan pauso bat gehiago ematea lortu nahi dugu aurten. Printzipioz, egokitu zaizkigun kanporaketekin ikusten dugu posible izan daitekeela [Colegio de Gaia da aurreneko arerioa]. Guk ez diogu inoiz uko egingo tituluengatik borrokatzeari. Iaz Superkopa bakarrik lortu genuen, baina Kopan finalean egon ginen eta Ligan, eduki genituen arazo guztiekin, bigarren amaitu genuen. Zaila izango dela? Noski. Azken urteetan titulu asko irabazi badira ere, inoiz ez da erraza izan. Taldean potentziala ikusten dut, gainera, talde gaztea gara –alde onak eta txarrak izan ditzake horrek [irribarrez]–, baina taldekideak ilusioz gainezka daude, askok ez dute titulurik irabazi eta Bera Berara iritsita garaikurrak eskuratzeko aukera ikusten dute. Baina pausoz pauso goaz, taldea guztiz aldatu da eta, ondorioz, estiloa ere zertxobait aldatu egin beharko dugu. Titulu guztien zailtasuna nabarmendu duzu. Iazkoaren ostean gehiago baloratzen al da lortutako guztia? Irabazten duzunean, kanpotik erraz ikusten da guztia. Baina bertan zaudenean badakizu horretarako egin behar den lan guztia. Urrutira joan beharrik gabe, orain bi urte irabazitako Liga gol diferentziagatik irabazi genuen, bigarren sailkatuarekin puntuetan berdinduta. Taldeak gero eta parekatuago daude eta lehia gero eta estuagoa da. Iazko arazo guztiekin –zazpi lesio, horietatik lau epe luzekoak–, bukaeraraino hor egon ginen. Nahiz eta garaikurrik irabazi ez, gure espiritua islatu genuen. Inoiz ez genuen amore eman. Horra hor irabazitako guztiaren arrazoi nagusia. Denboraldi hasiera honetan harmailetan egongo zara. Sufritzen duenetarikoa zara? Kanpotik asko sufritzen da. Hain argi ikusten dituzu gauzak, esaten duzula: «Zergatik ez dira iritsi?» Horrez gain, berriro jokatzeko gogoa areagotu egiten da eta sufrimendu askoko uneak izaten dira. Hori bai, jada denbora dezente daramat harmailetan eta gero eta lasaiago hartzen dudala onartu beharrean nago. Iaz gaizki pasatu nuen, batez ere, Kopan. Kopak berezko tentsio puntu bat izaten du, Aliciarekin [Fernandez] ikusten nituen partiduak eta asko sufritu genuen, takikardia emateko zorian egoteraino! Zer eskatzen diozu denboraldi honi? Pertsonalki, lehenbailehen kantxara itzultzea eta ahalik eta maila hoberenean egitea. Talde bezala, denboraldi polita egitea, tituluak irabazi edo ez. Nahi dudana da taldean giro polita egotea, jokatzen disfrutatzea. Askotan presioarekin horretaz ahaztu egiten gara, eta hori ezin daiteke inoiz ahantzi. Disfrutatzen duzun unetik seguru emaitzak askoz hobeak izango direla. Beraz, taldeaz eta jokatzen disfrutatu nahi dut; eta tituluak lortzen baditugu, askoz hobeto. Presioa aipatu duzu. Azken urteetan bai sentitu dugu presio puntu bat. Kanpotik datorrena baino, guk gure buruari jartzen dioguna. Neurketa bat galtzean badirudi mundua gainera eroriko zaigula. Liga hain estua denez, partida bat galtzeak atzetik joan behar izatea esan nahi du, horri nola buelta eman pentsatzen jardutea, beste taldeen emaitzen zain egon beharra... Gure buruari presio puntu bat sartu izan diogula uste dut, baina, modu positiboan hartuta, hazteko balio izan digu. Beraz, ez dut zerbait negatiboa bezala ikusten. Indarra eta motibazioa ematen digu ditugun erronkei aurre egiteko. Taldekideek eta entrenatzaileak zer esaten dizute? Lasai hartzeko eta ez presionatzeko inoiz, garrantzitsuena ondo itzultzea dela. Guztien babesa ari naiz sentitzen. Behar dudan denbora hartzeko esaten didate. Edozein baliabide nire eskura jartzen saiatzen dira, eta inongo kexarik ez daukat. Alde horretatik oso pozik nago eta ezin diet ezer leporatu. Aurten, gainera, kontratua berritu duzu. Bai, lesionatua egonda klubak konfiantza erakutsi du niregan, eta oso garrantzitsua izan da. «Askotan presioarekin disfrutatzeaz ahaztu egiten gara, eta hori ezin daiteke inoiz ahantzi» IBILBIDEA 2012-2013 denboraldian gorengo mailara eman zuen jauzia Arrojeriak. Ordutik, lau Liga, hiru Kopa eta bost Superkopa irabazi ditu Bera Berarekin. Hasiera gogorra izan bazen ere, «lanarekin eta konstantziarekin» bere lekua egin du taldean eta bigarren kapitaina da.