GAUR8 - mila leiho zabalik

Izaki hipermetropea


Argia zetorren lehenengo. Arrakala zuria laino artetik lurreraino erortzen. Flash bat. Aldian aldiko arteria ezberdin bat goiak lurrarekin lotzen zituena. Segundoak zenbatzen genituen gero: bat, bi, hiru, lau... Trumoiaren burrunba entzun arte. Hor uzten genion zenbatzeari, zerupe osoan nagusi zen zarata isiltasun bihurtzeko gai zen zanpatekoa gainean lehertzen zitzaigunean. Tximista gu geunden lekutik zenbat kilometrora erori zen jakiteko balio zuela esaten ziguten helduagoek. Zenbat segundo, hainbeste kilometro. Fisika hutsa.

Jolasak jolas izateari uzten zion argia ikusi eta trumoia entzun bitartean segundo bakar bat ere zenbatzeko astirik ez geneukanean. Orduan, aterpea bilatu beharra zegoen zenbait arinen. Inguru kamutsean ahal zela, punta zorrotzetatik urrun. Inoiz ez zuhaitz baten azpian edo aterki baten estalpean. Jakitun ginen ordurako mendiko animaliekin zer gertatzen zen tximistak tartean harrapatuz gero. Eta ez animaliekin bakarrik. Institutu garaian, gelakide bati etxean sartu omen zitzaion behin, telebistako antenan barrena. Asteak eman zituen eskuak bendaz estalita.

Uda ekaitz garaia da, izatez. Eskertzen da lozorrotik esnatuko gaituen gertaeraren bat tarteka. Une egokia izan daiteke, bestalde, aktualitateari beste patxada batekin begiratzeko ere. Zergatik ez. Denerako daukagu denbora, ekaitz eta ekaitz artean. Halaxe ohartarazten digu Gasteizko Udalak bere web atarian “Kazetaritza bertatik bertara” [https://goo.gl/oRnvbX] jardunaldien bosgarren edizioaren aurkezpenean: uda une egokia da eguneko gaiak sakonxeago aztertu ahal izateko, urteko beste garai batzuetako abiadura azkarretik aske. Ez dakidana da –edukiak interesgarriak izanagatik ere– abuztu amaiera den horrelako jardunaldi batzuk antolatzeko sasoirik onena, jendeak gogoeta horietan parte hartzea bada nahi duzuna behintzat. Bosgarren edizio honetako hamasei ekitaldietatik euskaraz bakarra izatea anekdota hutsa da honezkero. Lekuz kanpo eroritako oinaztarria, ekaitz elektrikoaren erdian. Munduan zehar gertatzen diren gauzei buruz hitz egiteko badaukagulako hizkuntza komun bat, unibertsala dena, denok elkar uler dezagun eman zigutena. Jakina delako, kazetaritza bertatik bertara askoz errazago egiten dela munduaren beste puntan eta euskara ez den beste hizkuntza horietan.

Tximistak hurbil jotzen duenean gehiago beldurtzen gara. Nahiago ditugu urrutian entzuten direnak. Umetatik ikasi dugun zerbait da. Ordenagailuaren aurrean eseri, albistea jaso eta hasperen egin bitarteko segundo horiek zenbatzearekin nahikoa dugu, gertaera lazgarria gu bizi garen lekutik zenbat mila kilometrora gertatu den jakiteko. Urteekin garatu dugun defentsa mekanismoa da. Urrutiko ezbeharrekin estaltzen ditugu hurbilagoko bidegabekeriak. Izaki hipermetropeak gara. Errazago zaigu munduaren beste puntan gertatzen diren injustiziekin solidario izatea eta hango giza eskubideen zapalketaren kontra agertzea, hemengoak salatzea baino. Akatsak norberarengan baino samurrago ikusten dira hurkoarengan beti. Munduaren egoeraz jabetu gaitezen, Sirian edo Nigerian gertatzen ari dena bertatik bertara ezagutzea ezinbestekotzat jotzen dugu, sarri askotan, hemengoak ahaztuta. Haraino joandako kazetarien ausardia miresten dugu eta haiek egindako lana txalotu. Nazioarteko kazetaritza da kritikotasunaren eta zorroztasunaren estandartea. Hemen, ordea, Ertzaintza Errekaleor auzoan sartu zenean han gertatzen ari zena “bertatik bertara” kontatu zuen kazetari bakarrari, poliziaren kontra oldartu zela leporatu eta Mozal Legea ezartzen zaio, eta kito. Adierazpen askatasunarekin arazoak dituzten herrialdeak beste batzuk dira. Han urrutian. Nonbait.

Bitartean, ekaitz egunetan, telebistari entxufea ateratzeko ohiturari eusten diogu. Tximista egongelaraino sartu zitzaion gelakideari gertatu zitzaiona akorduan. •