Xabier Izaga

Eztabaida

Bartzelonako atentatuek udako ziraunak eta anakondak gordearazi dituzte, arnasaldi bat eman nahi izan baligute bezala. Arnasaldi samina, inondik ere. Estatuko hedabideek, edonola ere, narras jarraitu dute, ezin zantarrago, Kataluniak erakutsitako heldutasunaren aldean.

Gainontzean, udak ez du ezustekorik utzi. Eztabaida politikoaren mailak bere horretan segitzen du. Eztabaida saihestea da eztabaidari ekiteko modua. Besteari etengabe errespetua ez ezik autokritika ere eskatzen aritzen direnek, beren gustukoa ez den zerbait entzun orduko, prest dute purrustada. Gloria Vazquez Zarauzko zinegotziaren esaldi batek ondo laburbiltzen ditu maila horren agerpenak. Anna Gabriel diputatu katalanak elkarrizketa batean esandakoa irakurri omen zuen Vazquezek, baina ez zuen ezer gezurtatu, zehaztu, argitu... ez zuen Gabrielek esandakoaren kontrako ezer esan. Horretarako argudioren bat agertu beharra dago, baina Vazquezek ez du halakorik behar. Gabriel eta, bide batez, ezker abertzalearen aurka oldartu zen, ezin trauskilago, baina helburua, eztabaida saihestea, beteta: «eusko-nazi erako ile moztean ere bat datoz, hain da estua haien arteko lotura».

Urkulluk ere gauza bertsua egin zuen, maltzur baina irainik gabe, irainik gabe baina maltzur, EH Bilduko ordezkariak Gipuzkoako ostalaritzako zenbait enpresabururekin bildu zirenean. Badakigu Twitterrek ez duela argudiotarako tarte handirik uzten, baina bai eztabaida saihesteko adinakoa.

Adibide gehiago? Urrunera gabe, joan den asteazkenean Madrilgo Kongresuan, Gobernuko presidenteak bere alderdiaren ustelkeriaren gainean erantzun behar zuenean. Oskar Matutek hitz egin ostean, Iñigo Alli UPNko diputatuak originaltasun ikaragarria erakutsiz bota zuen: «EH Bildu ustelkeriaz mintzatzea espainiarren adimena iraintzea da». Absurdoa EH Bilduri ustelkeria egoztea eta absurdoa norberaren edo lagunaren ustelkeria ukatzeko beste batena seinalatzea. Absurdoa espainiarren adimena aipatzea Parlamentu horretan, haren osaera ikusita. •