Mikel Zubimendi

Gure-gurea den bakarra gure erabakiak dira

Kataluniak atrapatu eta hari begira jarri gaitu. Ez da gutxiagorako, asko dugu euskaldunok jokoan han, gure askatasun nazionala besteak beste. Ikaragarria da Kataluniako herriarena, ederra, inspiratzailea, iraultzailea. Aldaketarako lehenik nor diren ulertu eta zer nahi duten erabaki, hori izan dute abiapuntu. Ez izan beharko luketena pentsatu. Izan ere, pentsatzen dugunak baino, garenak gidatzen ditu gure erabakiak; erabakitzen duguna gara, gure-gurea den bakarra gure erabakiak dira.

Kataluniara begira egon behar da, dudarik ez. Begia han eta gogoa hemen, gurean aurreratzea haientzat ekarpen onena delako. Hartara, beharrezkoak diren elkartasun ekintza guztiekin batera, hemen erakutsi behar dugu maila. Eta horren inguruan, azken denboretan kezka nagusi dabil gurean: pobretze politiko eta kultural induzitua bizi dugula, gure kulturaren eta tradizioen onena ateratzeko gai ez garela, pultsua jaitsita antzematen zaiola herri honi, eta ia apokalipsiraino doazen diagnosiak: zainketa intentsiboetan dagoela herri hau, koma egoera paliatiboan. Ez nator bat, inondik inora ere, diagnosi medikalizatu horiekin. Ez dut uste shock tratamendu beharrean edo hil ala biziko atakan dagoenik Euskal Herria. Niretzat, txotxolokeria ugari dabil azterketa horietan, eta fundamentu gutxi.

Kataluniak inbidia ematen digula? Ulergarria da. Hango agintarien maila politikoa hemengoekin konparatuta, arazoa agerian geratzen da: mailarik ez dago. PPrekin bat eginda espainiar izateagatik dirua kobratzea euskal politika ona egitea dela saltzen digutenek ez dute mailarik. Bai, ordea, botoak. Gehiago ala gutxiago gustatu, Espainiak “pintto-pintto ekar ezazu pilota txikia” agindu eta otzan betetzen dutenek irabazten dituzte hauteskundeak. Telebista publikora “Txomin del Regato” bueltatu da, zortzi euskal abizenen metaforarekin; onbera, astakilo xamarra baina exotikoa, noblea eta otzana den euskaldunaren karikatura. Jakina daudela EAJri direnak eta bi esateko, direnak eta bost egiteko arrazoiak. Horretan tematzea, hori ildo egitea, hortik atarramentu onik etorriko den edo ez, beste kontu bat da. Inbidia sentitzeko, baina, ez da Kataluniaraino joan behar. Hemen bertan, Bidasoaz bestalde, jorratu diren dinamikek eta loratu den kultura politikoak inbidia ematen didate. Eta harrotasun existentzial bat. Eta itxaropenerako motibo asko: instituzionalizazioa lortzeko erabilitako modua, presoen aferan zein armagabetzean nola jardun diren, laborantzan jorratu dituzten proiektu ederrak... Banatuta ezina eta batera etekina datorrela jakinda aritu dira. Inspiratzailea benetan. Hori da bidea, hori da herria egitea. Ipar ala hego, Euskal Herrian horren ehunka adibide koloretsu eta osasungarri ditugu. Horientzat denontzat lur komun bat egitea, ardatzak eta sinergiak jorratzea, sare herritarrak trinkotzea eta mamitze horrek une zehatzetan eskatuko duen kristalizazio politikoa behartzea. Horra gakoa.

Herririk gabe politika hilda dago. Herria, komunitatea, haizeak hautsa bezala dispertsatzen ari da. Praktikan eta imajinazioan, atomizatzen ari gara. Beldurtuago, zati txiki-txikitan banatuago, lehenik gurea eta gero besteena bizilege. Lotura, enpatia eta adeitasuna itzaltzen eta boterea, estatusa eta fama balioa hartzen doaz. (Euskal) bizitza politikoaren berreskurapena komunitatea biziagotzetik pasatzen da, herri gogoa herri giro egitetik. Ez gobernuarena ezta merkatuarena ere ez den, eta sarri gutxietsia izan den, beste eremu hori indartzetik. Herria egitea ardatz duen kulturak beste politika bat sortzen du. Egiazki, maiuskulaz idatzitako politika dena. Elkartasun soziala ehuntzen du, mundu berri baten gogomira proposatuz eta goratuz. Itxaropenak absentzia bat dirudienean, presente egiten du. Jendeak bolantea, kontrola, bere esku hartzea ahalbidetzen du.

Ez dago formula magikorik. Talde ekinak, determinatuak eta ongi antolatuak behar dira, lana erruz eta serio egin behar dutenak, eta denok gaude interpelatuta. Denok egin dezakegu, inori baimenik eskatu gabe. •