GAUR8 - mila leiho zabalik

Gertatzen dena gertatuta ere, ezer ez da berdin izango


Bihoa aitorpena ezeren aurretik: ez dakit zer pasatuko den bihar Katalunian. Ezta etzi eta etzidamu ere. Eta norbaitek hau edo beste hura gertatuko dela biribil-biribil badio, egia errebelatua balitz moduan, %100eko ziurtasunarekin, onar iezadazue gomendioa: ez sinetsi. Mesfidantzaz jokatu halako edo holako pronostikoekin. Izan ere, egotekotan, pronostiko bakarra dago: pronostiko ziurrik egitea ezinezkoa da. Are, esango nuke ez Puigdemontek, ez Junquerasek, ez Rufianek, ezta Rajoyk ere ez dutela zehazki gertatuko denaz ziurtasun erabatekorik; susmoak eta desirak bai, baina ziurtasunik ez.

Horrelakoak baitira iraultza momentuak. Kaia atzean utzi duen itsasontzi baten modukoak dira: behin itsaso zabalean daudela, hainbeste eman eta hainbeste kentzen duen itsasoaren kapritxoen menpe, inork ezin ditu aldagai guztiak erabat kontrolatu, ezta lemazainek eurek ere. Dinamika propioa dute iraultzek, aurreikusitako planak ez dituzte zehatz mehatz jarraitzen eta beti dago letra larriz idatzitako “X faktore” bat, sorpresa eta indeterminismoa altzoan dakarrena. Halakoak dira historiaren azkartzea dakarten une iraultzaileak, Katalunian eta munduko edozein txokotan.

Tximeletak urdailetan dabiltza hegal egiten, nerbioen dantzan. Normala ere bada sentimendua, ezin ezkutatu edo erreprimitzekoa. Eszitazioa sumatzen da edonon, ilusioa, jakin-mina. Irekiko ahal dituzte hautetsontziak bihar goizeko bederatzietan? Eta arratsaldeko zortzietan zein izanen da mundu osoa begira eta zain duen mezuaren funtsa? Parte hartzea jakinda, nahiz eta azken emaitzak ez, lehertuko al da Kataluniako kaleetan zoriontasun eztanda frenetikorik? Edonola, gertatzen dena gertatuta ere, bi kontu oso argi geratuko direlakoan nago: batetik, Kataluniako herriaren zati oso handi baten borondate irmoa independentziarako bidea bururaino eramateko, eta, bestetik, Espainiaren eskaskeria, bere izaera errepresiboa, politikari muzin egin eta makilakadaren logikari atxikitzen zaion porrot egindako Estatu baten argazkia.

Nola eta noiz aldarrikatuko duen independentzia Kataluniako Govern-ak ikuskizun dago. Noraino eramango dituen Espainiak bere kolpeak ere bai. Euskal Herritik begiratuta, eta bost hamarkadaz asto makilatuarenak eta bost pasatu eta eutsi izanak ematen duen perspektibarekin, oraindik urruti, krudelkeriaren eremuetaraino eramateko tentatua izan daitekeela pentsatzerik badago. Edonola ere, herri mobilizatu bat daukate aurrean, oso preparatua, liberatua, irmoa.

Eta demostratu dute, ongi demostratu dutenez, irribarrea ezpainetan, arrosa eta botopaperak eskuetan, kaleen kontrola ez dutela sekula ere galdu. Badaramatzatela dagoeneko aste batzuk Espainiarekiko kateak hautsita, joko politiko osoa aldatu duen Kataluniako legalitate propioari obedituz, Espainiaren desesperazioari lasaitasunez erantzunez, masiboki, mobilizazio iraunkor betean. “Guardia Zibila da espainiar soluzio bakarra” logikaren aurrean defentsa kolektiboa lehenetsiz, askatasun zibil eta nazionalaren alde tinko, irabazteko batuta ekinez. Buruan testosterona dutenen aurrean, burmuina erabiliz, nerbioak ez galtzeko patxadaz eta begi zorrotzarekin beti.

Biharko egunak dakarren aro aldaketa oso aspalditik borrokatutako aukera da, denboran iraunkorra izan den ahalegin baten fruitua. Gaur-gaurkoz, Kataluniako legalitateak dioenaren arabera, independentzia aldarrikatzetik hamabost egun eskasera daude. Horrelako une eder eta kitzikagarri bat bizi ahal izateak, belaunaldi bezala, pribilegio bat izan behar du, ohore betea. Sentimendu hori denon barne erresumetan goxoki atxiki eta pozik atera behar da, harrokeriarik gabe baina oso harro. Besteak beste, hainbeste eman eta arrazoi bat edo beste biharko eguna bizitzerik ez dutenekiko errespetua erakustea delako. Han bizi eta biziko dutena beldurgarri ederra da, hemen bizi eta biziko duguna bezala. Askatasunaren ordua denontzat azkartu baitu Kataluniak. •