Joxean Agirre

Sinaduren gerra

Eztabaida zaharra da. Ez zaizkit inoiz gustatu edozein kausa politikoren alde edo kontra manifestuak sinatzeko prest dauden intelektualak; ez dakit zergatik duten filosofo, idazle eta artistek auzi politiko baten aurrean zorroztasun gehiago, esate baterako, sendagileek, suhiltzaileek edo harakinek baino. Urteak eman ditut idazle eta artistei elkarrizketa luzeak egiten, eta, bakoitza berean miresgarriak, apartak eta are jenialak izan badaitezke ere, beren esparrutik ateratzen direnean galduta ikusi ditut, beste gremio batzuetakoak bezain galduak bai behintzat.

Kataluniako procés-aren aurrean lehenik eta erreferendumaren aurrean ondoren, badirudi intelektual guztiak mobilizatu direla. Aurretik ere zerrendak egon ziren alde eta kontra. Hilaren 17koa izan da mediatikoena: “Erreferendum-tranparen” aurkako manifestu bat aurkeztu zuten Madrilen ezkerreko 960 intelektualek. Tartean izen handiak: Marse, Isabel Coixet, Cristina Almeida, Cercas, Montero, Martinez de Pison eta asko miresten ditudan idazle batzuk ere bai tartean, Millas eta Marias, esate baterako. Manifestuaren sinatzaileok Parlament-aren lege tramitazioak juzgatzeko orduan zeinen eskakizun demokratiko zorrotzak zituzten ikusita, neure buruari galdetu nion ea non egon ote ziren 2006an Parlament horrek Estatutuaren erreforma tramitatu, Madrilgo Kongresutik pasatu, erreferendumean onartu eta lau urte geroago Konstituzionalak erabat inausita utzi zuenean.

Manifestua kaleratu eta hamar egunera kontseilaritzetako goi-karguak atxilotzeko, Generalitateko diru-kontuetan esku hartu eta adierazpen eskubideak murrizteko Guardia Zibila mobilizatu zenean beste manifestu bat aterako zutela pentsa zezakeen norbaitek, baina ez zen halakorik gertatu; sinaduren zerrenda gehituz joan zen aitzitik, eta bi milatik gora izatera iritsi. Onartzen dut kausa bat arriskugarria denean, jazarpen baten mehatxua dagoenean edo iritzi publikoaren kontrakoa denean behinik behin, sinadura batek izan dezakeela meriturik. Meritua tristea da, ordea, edozertarako prest dagoen Estatua alde duzunean.

Kataluniarrek kulturako ordezkarien beste zerrenda batekin erantzun dute eta hauek ere bi mila izenera iritsi dira. Munduan zehar zientzialarien zerrenda bat egiten ari omen dira erreferendumaren alde.

Jendeak zerrendak egiteko duen grina ikusirik, ez legoke gaizki independentziaren aldekoek eta kontrakoek zerrenda bana egingo balute Katalunian. Botoa ez zen sekretua izango, baina bai argigarria. •