Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

JUAN IBARRONDO

Idazle eta gizarte aktibista. Literatura, zinema, giza eskubideak eta beste plazer eta kezka asko ditu ohiko jardun. Horien inguruan gozatu eta sufritu du gaztetatik. Filmatzen hasi berri diren «Vitoria, 3 de Marzo» film luzearen gidoilaria da Juan Ibarrondo gasteiztarra, eta, gertakari latz haiez gainera, badu zer kontatua.

Gasteiztar idazle honen azken liburuak “Convertir el tiempo en oro” izenburua du. Desazkundeaz diharduen saio jakingarri hori ez da aberasteko gomendio-eskuliburua, ordea. Berak, behinik behin, ez du lortu denbora urre bihurtzerik, ezta luzatzerik ere; horregatik, estimatzekoa da bere zeregin ugarien zurrunbilotik kanpoko tarte urrietako bat GAUR8ri eskaini izana.

Denboran atzera egin dugu, 80ko hamarkadaraino, bere eta euskal herritar askoren bizitzaren parte garrantzitsua izan zen mugimendu kultural eta politikoak bete-betean harrapatu zuenean, 20 urte ingururekin, «gazte, baikor eta ero». Harro dago garai hartan egindako gauzez eta bere parte hartzeaz, betiere sorkuntza kolektiboa izan zela argi utzita. Hala Bedi irratiaren eta gaztetxearen sustatzaile izan zen Juan Ibarrondo, baita “Resiste” aldizkariarena ere. Aldizkari haren aleak berrirakurrita, ondo islatzen direla dio garaiko sentipen politikoa eta haren sustraiak; haietako bat, 1976ko Martxoaren 3a. Eta haren ingurukoa: asanblada lehenestea, borroka horizontalak, politika egiteko moduari egin zitzaion kritika, «kritika eztabaidagarria, jakina, beharbada gu ere ez baikinen inolako antolaketa dohainen eredu, baina bagenuen gure ulertzeko modua, eta nolabait uste dut gazteriaren parte esanguratsu batean halako kontsentsua sortzea lortu genuela ideia horien inguruan».

«Egin genituen oker guztiak kontuan izanda ere», mugimendu hura oso kulturala izan zela dio, batez ere musikaren ingurukoa. «Punka giltzarri izan zen ideia eta istorioak hedatzeko». Oker haietako bat aipatzearren, drogen ingurukoa seinalatzen du, «haien funsgabeko apologia. Hausteko bitarteko gisa begiratzen genien, baina ez ginen konturatzen horrek ekar zitzakeen arazoez». Hala uste du eta halaxe dio, ez omen zaiolako mugimendu hura idealizatzea gustatzen, bere ustez haize fresko bolada izan zen arren. «Gasteizen bereziki, oso hiri kontserbadorea baitzen, nahiz eta 76an asko aldatu zen»; hala ere, nolabait usain hura omen zerion artean.

Iruñean ere antzera gertatu zela gogorarazi du, eta Katakrak liburu denda edo Eguzki irratia dakartza gogora, besteak beste. Baina leku guztietan gertatu zen fenomenoa izan zela dio, berehala zabaldu zen-eta. Gasteizek, edonola ere, bere paper garrantzitsua izan zuela uste du, batez ere musikan: La Polla, Hertzainak, Cicatriz... «Tira, nafarrek, giputzek... berenak aipatuko dizkizute».

Garai hartako lehenengo urteetan Psikologia ikasten zuen Zorroagan, eta asko ikasi omen zuen fakultatean, «beharbada, Psikologia ez hainbeste, baina bai beste gauza asko». Aldi berean, Gasteizko Zapatari kaleko taberna batean lan egiten zuen, harik eta, 87an, bi lagunekin, Pintore kalean, Zuloa liburu denda zabaldu zuen arte. Liburu denda baino askoz gehiago izango zen, eta da. Hitzaldiak, kontzertuak eta askoz jarduera gehiago antolatzen hasi ziren bertan, eta ondoren haren «sukurtsal» bat zabaldu zuten Hedegile kalean, komikietan espezializatua, behe aldeko aretoa artegune gisa atondua. Bertan jarraitzen du egun liburu dendak, Gasteizko erreferentziazko kulturgune gisa. Ibarrondok 13 urte eman zituen Zuloan, eta asko ikasi zuen, literatura eta musika munduko jende asko ezagutu baitzuen.

Liburu denda utzita, zer kontatuta bazuela pentsatu zuen, nonbait, eta erakutsi ere egingo zuen. 2003an “Vivos, muertos y viajeros” narrazio liburua argitaratu zuen Arabera argitaletxearen eskutik, 80ko hamarkadako bizipenen gainekoa. 2005ean, Bassarai argitaletxearekin, “Retazos de la red”, zientzia-fikziozko eleberria –«oso liburu martetarra»– eta, bost urte geroago, “Las ruinas de la catedral nueva” arrakastatsua. 2011n, “El alferez doña Catalina” film luzerako egin zuen gidoia baliatuta, “Metamorfosis” eleberria idatzi zuen (Ttarttalo), diru arazoak tarteko bideraezina izan baitzen filma egitea. 2012an, “Gerotron-2050” bere azken eleberria argitaratu zuen (Libros en acción). Zientzia-fikzioa eta eleberri historikoa ditu genero gogokoenak. «Txanpon beraren bi aldeak» direla dio, «bai zientzia-fikziozko eleberri onak bai historikoak orainaldiaz mintzo baitira».

Kazetaritzan ere jardun izan du Ibarrondok, Hala Bedi eta Info 7 irratietan, “Diario de Noticias” egunkarian, eta, Euskal Herritik kanpo, “Diagonal” kazetan kolaboratzaile.

Kontatu beharreko historia

Eleberri bihurtu zuen gidoiaz gainera, beste batzuk ere idatzi ditu, zenbait film labur eta dokumentalenak. Baita beste film luze batena ere, egunotan filmatzen hasi diren “Vitoria, 3 de Marzo” lanarena, hain zuzen ere.

Ibarrondok 14 urte zituen 1976ko Martxoaren 3an Poliziak Zaramagako sarraskia eragin zuenean. Bere aitak irratian lan egiten zuen eta gertatzen zenaren berri ematen zion, eta Ibarrondok «ume begiekin» ikusi zuena kontatzeko, neurri batean bere familiaren historian oinarritu du filmaren gidoia . «Gidoilariok istorio-lapurrak gara: ideia bat lapurtu eta gure planetara egokitzeko moldatzen dugu nahierara», dio. Beste alde batetik, harreman handiak izan ditu martxo hartako gertaeretako protagonista askorekin, hala nola Jesus Fernandez Naves, Imanol Olabarria, Bego Oleaga eta beste askorekin. Lagunak ditu, haiengandik asko ikasi du, eta horiek guztiak filmean daude, ez beren izenekin, baina egon badaude, langile-lider horiek ere oinarri izan baititu pertsonaiak eraikitzerako orduan.

Duela bost urte Oskar Bañuelos kazetariak 1976ko sarraskiaren gaineko filma egiteko ideiaren berri eman eta argumentu bat eskatu zion. Berak, orain filmatzen hasi direnaren gakoak biltzen zituen zirriborroa aurkeztu zuen, eta prozesu luze bat hasi zen, lehenik dirua aurkitzeko. Azkenean, Sonora ekoiztetxearen bidez «saltoa» egin zuten. Hortik aurrera, produkzio lanari ekin, Victor Cabaco zuzendaria aurkitu eta gidoia moldatu zuten –Hector Amadoren lankidetzarekin–. Jarraian, beste ekoizle batzuk ere sartu ziren proiektura, hala nola Garisa eta Asier Bilbao, eta instituzioen laguntzarekin eta ETBren sostenguarekin –«gaur egun film bat egitea, atzean telebista bat ez badu, ia ezinezkoa da»– abian da «kontatu beharreko historia». Gidoilari gasteiztarrak Martxoak 3 Elkartearen beraren parte hartzea ere nabarmendu eta eskertzen du, hasieratik bere sustengua eskaini eta behar izan dituzten kontaktuak erraztu dizkielako.

Pozik ageri da Ibarrondo filmaketa lanekin. Joan den astean filmatu zuten eszena batean 500 lagunekin Los Angeles eliza mukuru beteta ikustean, «garai hartako langile asanblada baten aurrean nengoela iruditu zitzaidan. Orain, 78ko erregimena zalantzan jarrita dagoela, Kataluniako egoera dela-eta trantsizioaren meloia zabaldu den honetan, sekula baino garrantzitsuagoa da historiaren alderdi ilunduak, ez ilunak, ilunduak baizik, argitzea», dio.

Gizarte aktibista izan da Ibarrondo gaztetatik eta gizarte mugimenduen inguruan, edo barruan, segitzen du jada horren gazte ez dela. Gaur egun Argituz giza eskubideen aldeko elkartean dago, konponbide eta bake prozesuarekin konprometituta, eta Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataforman. Presoen aldeko borrokan, orain bezala borroka armatua indarrean zegoenean ere bai, «logikaz» eta maila pertsonalean haietako asko lagunak zituelako. Eta hor segitzen du, «behar denean nire sustengua emateko prest». •