28 OCT. 2017 ESKOLA FEMINISTA LAB sindikatuak goitik behera feminista bihurtzeko bidea abiatu du LAB sindikatuak feminista bihurtu nahi du, goitik behera, esanean eta izanean. Ertz desberdinetako gogoeta batetik etorri da erronka, handia bezain interesgarria, eta sindikatua eta Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro Feminista ari dira elkarlanean bidea urratzen. Tresna bat sortu dute neurrira: Eskola Feminista. Última actualización: 28 OCT. 2017 - 08:38h Amagoia Mujika Telleria Feminista zarela esateak ez zaitu feminista bihurtzen. Eta emakumeen inkorporazioak ez du berez eta besterik gabe jardun parekidea ekartzen. Prozesuak denbora, borondatea eta formakuntza eskatzen ditu. Gogoeta hori eta beste batzuk abiapuntu hartuta, LAB sindikatu abertzaleak erakunde feminista bihurtzeko bidea abiatu du, Emagin bidelagun hartuta. Pauso bakoitza asmatu beharra daukate, aurretik tamaina eta ezaugarri horietako erakunde batek ez baitu halako apusturik egin. Baina, zein diagnostikok piztu du prozesua? «Diagnostiko bat baino, momentu batean diagnostiko edo bizipen desberdinak elkartu direla esango nuke. LAB kongresu fase batean sartzera zihoan aurten, eta, urtebete arinago, bi pizgarri garrantzitsu gertatu ziren. Batetik, birpentsatze prozesu orokor bat martxan jarri zen sindikalgintzaz –eta horren barruan feminismoaz ere hitz egin zen–. Eta, bigarrenik, LAB sindikatuak hausnarketa bat egin zuen urtetan egindako apustu feministaren inguruan: gauzatzen ari ote zen eta bidean zein arazo eta oztopo topatu zituen. Puntu horretan deitu zidaten niri eta prozesu bikoitz bat jarri genuen martxan: batetik, LAB sindikatuan feminismoaren bilakaera zein izan den aztertu genuen, eta, bigarrenik, bertako langileen lan hitzarmena aztertu genuen, baita ikuspuntu feminista batetik ere. Une batean, lerro desberdin horiek guztiak elkartu eta diagnostiko bateratu bat ekarri zuten: feminista zarela esatea erraza bada ere, feminista izateak prozesu bat eskatzen du. Eta prozesu horrek ezinbestean eskatzen ditu formakuntza, eztabaida, analisia... Horri guztiari bide emateko tresna bat sortu dugu: Eskola Feminista», kokatu du gaia Maite Barreñak. LABek eta Emaginek elkarlanean eta zerotik abiatuta sortu dute Eskola Feminista. «Ez genuen nora begiratu. Arakatu dugu Estatu espainolean eta Europa mailan adibide bila eta ez dugu topatu. Badaude eskola feministak, baina segregatuak dira, emakumeei bakarrik zuzenduak». LABen Eskola Feministak baditu berezi egiten duten ezaugarriak: sindikatu bat da, erakunde misto bat –gizonek eta emakumeek osatua– eta tamainaz handi samarra. Sindikatu abertzaleak gaur egun 350 langile, 4.200 delegatu eta 40.500 afiliatu ditu. «Feminismoan lanean gabiltzanentzat oso erronka garrantzitsua da. Guk beti esan izan dugu feminismoan heziz, feminista bilakatzen zarela. Eta hori posible da baldin eta asmoa, gogoa, borondatea eta baliabideak baldin badaude. Erakunde misto handi samar bat feminista bihur daitekeela frogatzeko aukera ezin hobea da», esan du Barreñak. Zenbakiak ez dira nahikoa Eskola Feministaren atzean, esan bezala, norabide desberdineko gogoeta bat dago. Batetik, sindikatuan eta beste erakunde askotan pentsatu izan da emakumeen inkorporazioarekin berez etorriko zela praktika feminista. Egunerokoak erakutsi du ez dela horrela. «LAB sindikatua adibide oso egokia da. Ez du bakarrik parekidetasun ikuspuntua txertatu. Idazkari orokorra emakume bat izan da eta aginte organo gehienetan emakumeak daude; eta ez bakarrik parekidetasun zenbakiak betetzeko, emakume horiek ardura esanguratsuak baitituzte. Horrek guztiak, ezinbestean, feminismoaren bilakaeran lagundu egiten du, baina frogatu da ez dela nahikoa. Batetik, LAB erakunde misto bat bilakatuko da bere kide guztiak feministak direnean, bitartean, ez. Eta, bigarrenik, erakundeetan sexismoaz ari garenean askotan zenbakitan geratzen gara, eta ez gara sartzen ez androzentrismoan ezta jarrera sexistetan ere», iritzi dio Barreñak. Izan ere, garrantzitsua da LAB sindikatua zein testuingurutan sortu zen gogoratzea: «Beste sindikatuen antzera, LAB gizonezkoen ereduaren arabera sortu zen, gizonezkoek une horretan zituzten beharrizanei lotuta eta eredu erabat maskulinoan. Androzentrismo horri buruz hitz egin beharra dago, pisu handia duelako: bileretan, agintea gauzatzeko moduetan, ordutegietan, zaintzaren presentzia faltan, alde sinbolikoan... Nahiz eta emakumeak egon, funtzionatzeko era androzentrikoa da eta gizona da eredua», iritzi dio Barreñak. Emagineko Miren Aranguren uste berekoa da. «Kontuan hartu behar dugu sindikatuak noiz eta zertarako sortu ziren. Urteetan zehar jokaleku berrietara moldatzen joan dira, baina ez dira hainbeste aldatu. Ikuspegi zehatz eta klasiko batetik sortu ziren, lanaren eta aberastasunaren banaketan eragiteko. Baina lanaren ikuspegi oso murritzarekin sortu ziren, asalariatutako lana baino ez zuten kontuan hartzen eta langileriaren inguruan maneiatu izan duten iruditeria oso maskulinoa izan da, buzodun gizon langileena nagusiki. 70eko hamarkadan agertzen diren gainontzeko mugimendu sozialetan beste aldarrikapen batzuk agertzen dira eta zapalkuntzaren beste ertz batzuetan ere jartzen dute arreta. Baina lehenagokoak diren egitura batzuei kosta egiten zaie aldarrikapen sozial horiek txertatzea, sindikatuei bezala alderdi politikoei. Horregatik feminismotik egiturazko aldaketa bat behar dela esaten dugunean, horretan jarri nahi dugu indarra: egiturak aldatu behar dira». Bizitza hobetzeko prozesua «LAB feminista izango da bere kide guztiak feministak direnean». Hortxe, abiatzeko baldintza bat. «LABen denetarik topatu dugu, baina egia da horrelako erronka bati eusteko aldeko baldintzak ematen direla: formakuntza politiko handia duen jendea da eta ezkertiarra. Hortik abiatuta, batzuk dagoeneko feministak dira, beste batzuek jakin minez begiratzen diote, eta, besteek, beldurrez. Izan ere, askotan feminismoaz saltzen den irudi interesatuak hori bultzatzen du. Baina egia da formakuntzan hasi orduko, erabat lotu direla gehienak, feminismoak bizitzaz hitz egiten duelako, denon bizitzaz. Finean, denon bizitza hobetzeko prozesu bati buruz ari gara. Tartean batzuek pribilegioak galduko dituztela? Noski. Batzuek beren jarrerak aldatuko dituztela? Noski. Horretarako da eskola. Askotan galdetzen digute nola jakin daitekeen pertsona bat edo sindikatu bat feminista bihurtu dela. Nik erantzuten dut feminismoak bizitza aldatzen dizula eta orduan konturatzen zarela zer-nolako prozesua egin duzun. Guk jakin badakigu feminismoari leihoa edo atea zabaltzen dion oro, horra lotzen dela. Feminismoak koherentziaz eta era justuago batean bizitzeko aukera ez ezik, erantzunkidetasunez eta zoriontsuago bizitzeko aukera ere eskaintzen du. Batzuek jabekuntza prozesu bat egin behar dute, beren eskubideez jabetzeko. Eta, beste batzuek, beren pribilegioak galdu behar dituzte. Baina pribilegioak, finean, lapurtutako eskubideak dira. Nork bizi nahi du lapurtutako eskubide batzuen kontura?», galdetu du Barreñak. Feminismoak jendarte justuago bat eraikitzen laguntzen du. Hori horrela izanda ere, eta Arangurenek zehaztu duenez, «gizon zuria eta heterosexuala baldin bazara, gauza batzuk galdu egingo dituzu. Horren kontziente izan behar dugu. Nik ere, europarra eta zuria naizen neurrian, gauza batzuk galdu egin beharko ditut jendarte justuago bat eraikitzeko orduan. Baina, hala ere, horren alde nago, badakidalako nik ditudan pribilegio batzuk lapurtutakoak direla. Hala ere, eskolara etorri diren gizonezkoak txip horretan daude; ‘zer egin dezaket nik, zer jarri behar dut zalantzan nire egunerokoan, zer nire sindikatuko jardunean...’, jarrera orokorra hori da, garbi izanda bidean gauza batzuk galdu egingo dituztela». Feminismoa lanketa prozesu bat dela ulertzen dute Barreñak eta Arangurenek, «prozesu formatibo eta analitiko» bat, denborarekin eta formakuntzarekin josten dena eta ez egun batetik bestera. Hartara, helburuen neurriko tresna bat sortu dute: Eskola Feminista. Formakuntza, beharrezkoa «Ez da nahikoa ‘feminista naiz’ esatea. Eta hori gertatzen ari da eremu askotan; hasi arropa marka ezagunetatik eta segi zenbait alderdi politikorekin. Ate-zulotik begiratzen diogu fenomeno horri, oraindik ez baitakigu neurtzen zein onura edota zein kalte ekarriko dizkigun. Baina bai LABen eta bai Emaginen oso garbi daukagu teoria horiek guztiak, irakurtzen ditugun gauza guztiak, gorpuztu eta sentitu egin behar ditugula praktikara salto egiteko. Eta, alderantziz, praktikan ez badira teoria horiek ikusten, nekez aldatuko dugu egoera. Baina egia da feminismoan, beste ideologia askotan bezala, amildegi handi bat dagoela praktikaren eta teoriaren artean. Horregatik, eskolaren bitartez prozesuak martxan jarri nahi ditugu, norbanakoak eta taldekoak bustiko dituzten prozesuak», agertu du Emagineko kideak. Hartara, praktikaren eta teoriaren arteko lotura oso presente izan dute Eskola Feminista diseinatzeko orduan. Lehenengo urratsean saio formatiboak jarri dituzte martxan. Ikastaro horiek presentzialak dira eta hausnarketa partekatuan oinarritzen dira. Ikusmira aldatzea, Feminismoa, Ahalduntzea eta Estrategia Sindikal-Feminista dira formakuntza saioen lan-ildo nagusiak. Momentuz, ikastaro horiek LABeko liberatu guztiengana iritsiko dira. «Asmoa da bi urteren buruan liberatu guztiek ‘Ikusmira Aldatu’ deritzon formakuntza ildoa jasotzea». Eskolak, baina, maila desberdinak ditu eta asmoa da mailaz maila osatzea prozesua. Kalitatea eta ondo pasatzea Barreñaren hitzetan, «hasieratik oso garbi ikusi dugu kalitatea eskaini behar dugula, eta hori ziurtatuta dago Emaginekin. Baina jendeari ahalegin bat eskatzen diogu –orduetan, desplazamenduetan...– eta, kalitateaz gain, zeozer dinamikoa eta erakargarria eskaini behar diegu. Horrek ez du esan nahi barrutik ez direnik mugituko edo une batean bertigoa ez dutenik sentituko. Hori beharrezkoa da. Baina eskola honek garrantzia handia ematen dio metodologiari; saioek mamitsuak eta dibertigarriak izan behar dute, jendeak eroso sentitu behar du eta denbora irabazi egiten duela sentitu, ez denbora galdu». Finean, Eskola Feministak LAB feminista bihurtu nahi du. Baina, horretarako, ezinbestean, parte hartzaile bakoitzaren baitan aldaketa pertsonal bat gertatuko da bidean. «Bilakaera feminista pertsonaletik hasten da, eta, gero, kolektibizatu egiten da». Eskolak badu beste tasun berezi bat: sindikatuaren baitan ardura oso desberdinak dituzten lagunek elkarrekin parte hartzen dute saioetan. «Oso interesgarria da, bakoitzak bere arduratik zer egina eta zer aldatua duela erakusten baitu. Horrez gain, ikastaro hauek oso biziak dira eta sareak sortzen dira parte hartzaileen artean. Eta sareak garrantzitsuak dira. Aliantza horiek mesede handia ekarriko diote sindikatuari, eta bilakaera feminista blindatzen lagunduko dute», gaineratu du Barreñak. Ikastaroak, esan bezala, martxan daude. Hurrengo fasean etorriko dira mintegiak. «Oraindik mintegiak diseinatzen ari gara. Baina, horiekin masa sozialera iristea da helburua. Eskualdeetan –LABek hamalau eskualdetan banatuta dauka bere jarduna– landuko diren saioak izango dira. Hirugarrenez, eskolak on line plataforma bat dauka eta bertan eskuragarri jartzen dugu materiala. Baina, aurrera begira, gunea bestelako materialarekin janzteko asmoa dugu eta formatzaileen eta sindikatuko kideen artean sare moduko bat ere sortu nahiko genuke. Azkenik, eta laugarrenez, sindikatuak bide bat zabalduko du herrietan mugimendu feministarekin batera, ikuskera feministatik ekintza desberdinak bideratzeko. Zergatik? Plazara ekarri nahi dugulako emakumeek lan munduan izan duten presentzia eta egitekoa. Emakumeak historian zehar militatu izan du lan munduan –lana era zabalenean ulertuta–, baina oso gutxi kontatu izan da horri buruz», esan du Maite Barreñak. Eskola Feministaren hasierako plangintza bi urtekoa da. Sindikatua feminista bihurtzeko prozesua, baina, luzeagoa begitantzen dute. «Orain hasi dugun prozesua erabat burutzeko urteak beharko dira. Baina garbi esaten eta onartzen dugu prozesu honetan LABeko kide guztiek parte hartuko dutela, era batera edo bestera. Alegia, sindikatura atxikitzen denak jakin behar du proiektu sindikal batera ez ezik, prozesu feminista honetara ere lotzen dela. Ez gara atzo jaioak eta badakigu bidean errezeloak eta ikuspuntu desberdinak izango direla. Baina, era berean, jakin badakigu gai izango garela horiei guztiei aurre egiteko eta aurrerapausoak emateko. Apustu oso serioa da», bukatu du Barreñak. Bide interesgarria irekitzen ari dira LAB eta Emagin elkarlanean, eta badakite ondorio mamitsuak aterako dituztela proiektu aitzindari honetatik. «Eskola Feminista gure marka propioa da, LAB sindikatuak sorturikoa. Baina marka hau gero eta gehiago kopiatu, hobeto. Bestelako eragileek antzeko prozesuak martxan jarri nahi badituzte, gu prest gaude gure esperientzia eta hausnarketak partekatzeko, zalantzarik gabe», bukatu du Maite Barreñak. Zintzotasunetik eta onarpenetik abiatzea Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro Feministarentzat apustu handia da LAB sindikatuarekin elkarlanean abiatu duena. «Ez da gure proiektua, baina guretzat sekulako erronka da eskaintzen ditugun ikuspuntua, metodologia eta prozesua benetan eraginkorrak diren edo ez neurtzeko aukera ematen digulako. Esperimentu nahiko handia da guretzat», aitortu du Miren Arangurenek. Bidearen hasiera honetan sentsazio «oso onak» dituztela aitortu du. «Feminismoari askok errezeloarekin begiratzen dio, baina segituan erlaxatu egin direla ikusi dugu eta oso jarrera positiboarekin ari dira parte hartzen formakuntzetan». Saio batzuk bananduta egiten dituzte gizonezkoek eta emakumezkoek, abiapuntua eta helburuak desberdinak direlako. «Lehen aldia da gizonekin bakarrik aritzen garena eta oso esperientzia aberatsa izaten ari da. Gu ez goaz ezer inposatzera, denon artean hausnartzea eta eztabaidatzea da helburua. Parte hartzaileentzat oso baliagarria gertatzen ari da, bai beren jardun sindikalerako eta baita beren eguneroko bizitzarako ere. Lehen egunetan aurpegiak serio samarrak ziren, baina aurrera egin ahala irribarreak ari dira nagusitzen», kontatu du Arangurenek. Lehen saioan ohikoa izaten omen da «hanka sartzeko» beldurra, «politikoki zuzena ez den zerbait esateko beldurra». «Guk hasieratik esaten diegu hau prozesu bat dela, denok ditugula jarrera matxistak barruraino sartuta eta garrantzitsua dela zintzotasunez jokatzea. Zintzotasunetik eta onarpenetik abiatuta baino ezin dira jarrerak aldatu», nabarmendu du. «Batzuek, beren pribilegioak galdu behar dituzte. Baina pribilegioak, finean, lapurtutako eskubideak dira. Nork bizi nahi du lapurtutako eskubide batzuen kontura?» «Orain hasi dugun prozesua erabat burutzeko urteak beharko dira. Baina garbi dugu prozesu honetan LABeko kide guztiek parte hartuko dutela, era batera edo bestera» Garrantzia handia ematen diote metodologiari: «Saioek mamitsuak eta dibertigarriak izan behar dute, jendeak eroso sentitu behar du eta denbora irabazi egiten duela sentitu, ez galdu» «Ez da nahikoa ‘feminista naiz’ esatea. Eta hori gertatzen ari da eremu askotan; hasi arropa marka ezagunetatik eta segi zenbait alderdi politikorekin»