Mañel Larena
MALTA, ESTATU MAFIOSOA

Caruana Galizia kazetaria estatu-mafiaren «omerta» desafiatzeagatik hil dute

Paradisu turistikoaren atzean, Malta mafia estiloko Estatua da: Panaman kontu korronteak dituzten gobernukideak, bertako pasaportea duten nazioarteko despotak, «on line» apustuetan buru belarri sartutako mafia... Caruana Galizia kazetariak horiek guztiak eman zituen argitara eta prezio garestia ordaindu du: bonba bat auto azpian jarrita hil dute.

Malta hedaduran Europar Batasuneko Estaturik txikiena da. 420.000 biztanle ingururekin, Estatu eskuduntzak dituen hiri ertain batekin pareka daiteke. Kanpotik begiratuta, oporrak pasatzeko Mediterraneoko uharte ederra dirudi, paradisu turistikoa. Turismoaren boomari esker, gainera, ekonomia urtero hazten da –aurten ia %5 haziko dela dago aurreikusita–, ia ez dago langabeziarik eta Estatuaren diru kutxa beteta dago.

Kanpotik ikusten dena, baina, ez da barrutik gertatzen dena izan ohi. Eta Maltan bereziki, oso bestelakoa da barruko argazkia. Ekonomiaren oinarriak mafiaren bazkaleku gutiziatu izatearekin lotuta baitaude. Hala, dirua garbitzeko aproposak diren on line apustuek uhartearen barne produktu gordinaren %12 suposatzen dute. Maltako pasaportea eskuratzeko naziotasuna ia milioi bat euroren truke erosten duten munduko despota eta aberatsekin egindako negozioak, berriz, barne produktu gordinaren ia %10era iristen direla kalkulatzen da. Azkenik, paradisu fiskaletan kokatutako burtsak bertako agintari eta boteretsuen eguneroko ogi dira, diruz bustitako azpijoko eta abusuak bezala. Eta hori guztia Europar Batasunaren erdian, bertako agintarien oniritziarekin, munduko finantza sistema ustelen funtzionamendua normaltzat hartuta.

Interes kriminalen gatibu

Horixe zen, hain zuzen, auto azpian jarritako bonba batekin hil berri duten Daphne Caruana Galizia kazetariak salatzen zuena, hots, bere herrialdea, Malta, estatu mafioso bat bilakatu dela. Interes kriminalek Malta gatibu hartuta dutela aspaldi, ustelkeria eta dirua garbitzeko negozioak bertako kultura politikoaren osagai direla, eta sistema polizial eta judizialak ezgai direla, ez dutela inongo interesik erakusten estatu mafiosoaren sistemaren hariak mugitzen dituzten agintarien kontra ekiteko.

Afganistan, Honduras edo Turkian gertatzen diren hilketek ez bezala, Caruana Galizia kazetariarenak bazterrak aztoratu ditu bai Maltan bertan bai Europan. Estatu mafiosoaren barrenak eta logikak ikertzen zituen kazetari ausartak, Maltako egunkari guztiek baino irakurle gehiago zituen bere blogean zintzilikatutako post-ei esker. “Emakume bakar bateko WikiLeaks” gisa bataiatuta zuten kazetaria ez zen ez isilik geratzekoa. Mossack Fonseca, munduko offshore bulego handiena zenaren datuak bere eskuetara iritsi eta “Panamako Paperak” bezala ezagututakoak zabaltzeagatik nabarmendu zen.

Baina ez zen horretan geratu: lehen ministro Joseph Muscat eta bere gobernukideen kontrako salaketa latzak argitaratu zituen, Italiako mafiak Maltako on line apustuen negozioa nola infiltratu zuen eman zuen jakitera, Maltako politikarien poltsikoak Panamako burtsan nola betetzen ziren salatu zuen –eta nola burtsa operazio horiek Maltako pasaporteak erosten zituzten Errusiako oligarken eskutik egiten ziren–, Azerbaijango Aliyev presidentearen familiako kideekin egindako negozio ilunak azaleratu zituen, Maltako lehen ministroaren lagun min batek zoo pribatu bat baimenik gabe nola eraikitzen zuen salatu zuen… Ustelkeria ustelkeriaren gainean, eta guztien aurrean, kazetaria. Hitzarekin salatuz, arduradunak izen-abizenez seinalatuz. Azkenean, Caruana Galiziaren etsaiek nahikoa zela erabaki eta bere kazetaritza ondratu eta ausarta betiko isildu behar zela agindu zuten.

«Egoera desesperatua da»

Nazionalista eta laboristen artean oso polarizatuta dago Malta. Jendeak ezin dezake politikariengandik ihes egin eta politikariek ezin diete boto-emaileei bizkarra eman. Denek elkar ezagutzen dute, inork ezin diezaioke horri muzin egin. Horrek guztiak kultura politiko berezi bat sortu du, kode propioak dituena: mundu guztiak dakienaz ez da hitz egiten, mundu guztiak egiten duena egiten ez duena inozo hutsa da. Gaixotasun kolektiboa egon badago, baina hobe bere horretan uztea, azpiak gehiegi ez mugitzea. Horren aurrean jaiki zen Galizia eta larrutik ordaindu du.

Hil aurretik post iragarlea zintzilikatu zuen: «Lapurrak edonon dabiltza, egoera desesperatua da». Ordu erdira, auto azpian jarri zioten eta urrutiko mando batekin aktibatu zuten bonbak hil zuen. Bere hilketak Malta osoa atera zuen kalera, shock egoeran utzi zuen herrialdea, lehen ministroak AEBetatik FBI Ikerketa Bulego Federala ikerketetan laguntzera ekarriko zuela agindu zuen. Susmoak eta konspirazio teoriak ugari bai, baina, oraingoz, ez da egileen inguruko aztarnarik aurkitu.

Ezaguna dena, ordea, honakoa da: orain dela gutxi arte Europar Batasunaren presidentetza izan duen estatu batean praktika mafiosoak eta diru garbiketa ikertzen ari zen kazetari baten heriotzak, Estatu hori zein punturaino ustelduta dagoen erakusten du. Azken hamarkadan hamabost tiroketa eta bonba eraso izan dituen Estatuaren alde iluna agerian geratu da: zerga paradisua, industria nagusiak mafiak infiltratuta, herrialdeko aurrekontuaren %16 oligarkei pasaporteak saltzearen mende… Azken batean, agerian geratu da mafiak Maltan duen indarra, zuzenbide estatua, hauteskundeak eta epaitegiak nola bilaka daitezkeen show huts, egiazko boterea beste esku batzuetan den bitartean.

Bonbaren bi irakaspen

Gaur-gaurkoz ez dago garbi nor dagoen Caruana Galiziaren heriotzaren atzean. Maltako politikari guztiek hilketa politiko bezala definitu arren, ez dago garbi nolatan ez zuen Maltako Poliziak bera zaintzeko inolako neurririk hartu, are hilketa baino bi aste lehenago heriotza mehatxuak salatu zituela gauza jakina izanik.

Edonola ere, gauza bat argi geratu da: hiru seme-alaben ama eta herrialdeko blogari famatuena zen emakumearen bizitza ezabatzeaz gain, Caruana hil zuen bonbak estatu mafioso baten egia eta Europan diharduten kazetariak ez daudela salbu, ezta babestuta ere, erakutsi du. Europan ere hiltzen dituzte kazetariak euren lana egiteagatik.