Gaizka Amondarain
Irakaslea

Gaur ez bada bihar

Bat, bi, hiru... Vietnam txiki asko sortu beharra dago munduan». Halaxe utzi zuen idatzita Che Guevarak 1966an Boliviara iraultza egitera abiatu zenean. Hilabete batzuk beranduago, gainontzeko gerrillariekin oihanean galduta zebilela, atxilotu eta hil egin zuten Ernesto Guevara Lynch, La Higuera herrixkan. Urriaren 9an 50 urte bete ziren.

Joseba Sarrionandiak –Euskaltzaindiak “Euskal Harria” liburuaren 50.urteurrena dela eta argitaratutako artikulu batean– Gabriel Arestiren inguruko pasadizo ezezaguna ekarri digu akordura oraintsu [https://goo.gl/PpAFjs]. 60ko hamarkada bukaerako urte haietako batean behar zuen: Arestik, Zorrotzako portuko taberna batean trago erdi bat hartzen ari zela, Kubatik zetorren marinel bat ezagutu zuen inork ez daki oso ondo nola. Thales Godoy zuen grazia, han denek Julio Lopez deitzen bazioten ere, eta brasildarra zen izatez. Haren bidez, bere “Euskal Harria” poema liburuaren ale bat bidali zion Gabriel Arestik garai hartan Kuban bizi zen Xose Neira idazle galiziarrari. Lehen orrian honakoa idatzi zion euskal idazleak: Euskal Herria izango da hurrengo Vietnam.

Bazuen aieruren bat garai hartan hemen egosten ari zenaz Bilboko poetak hori idatzi zuenerako. Aresti eta Godoyren artekoa zein urtetan izan zen zehazki jakiterik ez badago ere, dakiguna da, Gabriel Arestik “Euskal Harria” argitaratu eta urtebetera hil zutela Txabi Etxebarrieta Benta Haundi aurrean, 1968ko ekainaren 7an. Eta gero dator gaurdainoko beste guztia. Efemeridez betetako mende erdi bat, hain justu.

Ez da harritzekoa beraz, orain hainbeste ospatu, orain hainbeste kondenatu eta orain hainbeste gogoratu beharra. Mende erdi bete urteurren daukagunean aukeratzeko. Hemen etengabe gauzak gertatzen ibili direnean. Saiatuta ere, zaila dago herri honetan lehenaldiaz libratzea. Bata ez bada bestea da, edo hurrengoa. Gaur ez bada bihar. Ospatu beharraren ospatu beharrak bizi gaitu sarritan. Gogoratu beharrak bezainbeste ahazten zaigun gainontzekoak. Eta iraganaren festa honen erdian, noizean behin, Sarrionandiak idatzi bezalako istorioekin egiten dugu topo. Jakin badakigu efemerideekin bakarrik ezin dela inor bizi. Baina eskertzen da noizbehinka norbaitek iraganetik berreskuratutako abenturatxoren bat edo beste kontatzea. Karamelu baltsamikoak bezala sartzen dira egunotan.

Eta hemen baikaude orain. Enegarren une historikoan sartuta, bete-betean. Bolivian, Evo Morales izan dugu presidente azken 11 urteotan. Bost urte dira hemen ETAk Txabi Etxebarrietarekin hasi zen borroka armatua utzi zuenetik. Eta Irlandan, Cheren aurpegia daramaten zigiluak atera dituzte gutun bat jasotzen dugun bakoitzean haren heriotzaren urteurrena gogora dezagun. Bilboko portuan lau metro luze den hormigoizko pareta bat eraikitzen ari dira bien bitartean, nagusiki albaniarrak diren migratzaileei itsasontziren batean polizoi sartzea galarazteko. Bukatu dira hemengo poeten eta hango marinelen arteko enkontruak taberna izkinetan. Bukatu dira koplak portu aldean. Katalunia izango da hurrengo Vietnam. •