GAUR8 - mila leiho zabalik

Angustia eta determinazioa


Kataluniako egoeraz idaztea testua argitaratu baino hiru egun lehenago, suizida da. Une honetan ez dakit zer gertatu den Auzitegi Nazionalean ostegun eta ostiralean. Beraz, azken-azken uneko gertaerak ezagutu gabe ere, aurreko hilean idatzi nuen “Dies que duraran anys” artikulutik tiraka, uztartu nahi nituzke Kataluniako gertaera politikoak eta teoria filosofikotik prozesu berritzaileei buruz ikasi duguna. Labur esanda, aurrekoan nioen sistema irauli egiten den unean ezinezkoa izaten dela aldez aurretik jakitea zertan amaituko den iraulketa, izan ere, badagoelako “pentsatzeko unea” eta “aritzeko unea”, eta orain bigarren une horretan dagoela prozesu soberanista katalana. Artikuluan azpimarratzen nuen subjektibitatearen garrantzia, subjektibazio prozesu horri esker gainbehera jartzen baita moral zaharra eta etika berria sortu.

Eztabaida akademikoetan askotan eztabaidatu dugun egoera balizkoa, Katalunian ari gara ikusten, zuzen eta bizirik: zer gertatzen da norbanakoak eta kolektiboak subjektibizatu egiten direnean? Elementu guztiak ditugu begi bistan, gizarte katalana (eta inguruko gizarteak) proba-landa erraldoi bihurtu zaizkigu ustekabean.

Zaharraren heriotzan eta berriaren jaiotzan inoiz falta ez den elementua angustia da. Lacanek zioen moduan, angustiak inoiz ez du engainatzen. Angustiak diosku gatazka sortu dela, arrakala agertu dela eta erabaki beharra dagoela. Erregimen zaharra hautsi da eta erregimen berri bati ematen ari zaio bidea, inortxok ez dakiela nolakoa izango den azken emaitza. Hala ere, une batean zirt ala zart egin beharra dago, ezinbestean: berriaren alde jokatu, apenas jakin gabe berriak zer ekarriko duen, ala zaharraren alboan geratu, norberak bere eginda atsotitz ezaguna: “hobe bat eskuan, auzoan bi baino”.

Erabakia hartu arteko angustia gainditu egiten da behin erabakita aurrera egingo dela, datorrena datorrela. Erabakitakoan, angustia desagertu eta bertigoa sor daiteke, ordea, pozarekin nahastuta. Bertigoa eta poza atzeman nituen agintari katalanen aurpegietan urriaren 27an Parlament-ean Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuten unean. Poza eta, aldi berean, ardura, zetorkiena sumatuta.

Norberaren angustia gainditu egiten da aurrera egingo dela erabaki bezain laster, baina horrek ez du desagerrarazten ingurukoen angustia, prozesuan segitzeko kemen nahikorik bildu ez dutenena. Eta kontu hori arazo bihur dakieke aitzindariei, aurrera egingo ez dutenek besteen porrota nahi dutelako, behar dutelako. Ezinbesteko dute prozesu osoak porrot egitea. Horrela justifikatuko dute atzean gelditu izana. Ahalegin guztia egingo dute prozesuak kale egin dezan, hutsean gera dadin. Apustuak arrakasta lortzen badu, agerian geratuko baitira, ipurdia bistan.

Norbanako angustiatuek handiagotuko dute arerioaren boterea, goretsiko dituzte zailtasunak, nabarmen utziko dituzte norberaren ahuleziak eta justifikatuko eragozpen-murraila horren aurrean ezer ez egitea, gaindiezina baita proiektua, eskuraezina, atzeman ezinezkoa. Eta halaxe saiatuko dira apaltzen angustia.

Aurrera segitzea erabaki dutenek branka eman behar diote ingurukoen presioari. Determinazioa kontrajarriko diote angustiari, eta zailtasunen aurrean konfiantza adieraziko dute. •