GAUR8 - mila leiho zabalik

Figuranteak


Pasa den asteazkenean 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia pantaila handira eramango duen pelikularen filmaketan parte hartu nuen figurante lanetan.

Zorigaiztoko egun hartan Zaramaga auzoko karriketan gertatutako protestaldiak eta polizia armatuarekiko talkak irudikatzeko ehunka antzezle boluntarioren kolaborazioa behar zuten, eta neuk ere bertan egon nahi izan nuen; ez aktore bokazio ezkuturik daukadalako, baizik eta filmarena ekimen polita iruditu zitzaidalako geure herriaren oroimen historiko kolektiboari eusteko. Berrogeita bi urte geroago nekez espero dezakegu espainiar epaitegietatik triskantza haren inguruan justizia ezartzeko borondaterik; eta, gauzak horrela, testigantza zinematografiko hau tributu xume bat izan daiteke, justizia poetiko apur bat eskaintzeko egun kolokan ikusten ditugun eskubide zibil eta politiko asko konkistatzeko borrokatu zirenei.

Grabaketaren eguna hunkigarria izan zen. Ehunka aktore boluntariok berebiziko errealismoa eman zioten pasarte historiko haren antzezpenari. Eta hainbestekoa izan zen egoeraren errealismoa, non, filmaketa bukatutakoan, bildutakook, teknikari taldekoen harridurarako, aho batez jarraitu genuen oihuka: «Martxoak 3, ez dugu ahaztuko!».

Une batez, neuk ere sinetsi nuen handik abiatu, eta, beroaldiaren eraginez, bankuak erretzen has gintezkeela. Baina egungo borrokalariok, antza, figuranteak baino ez gara, itxura hutsezkoak. •