25 NOV. 2017 Entrevista Eugene GREEN zinemagilea eta idazlea «Euskarari eta euskal kulturari buruzko film politiko bat egin dut, baina poesiaren bitartez» «Faire la Parole» (Hitza egin) dokumentalak lau gazte Euskal Herrian barna jarraitzen ditu, gure hizkuntzari eta kulturari buruz mintzatzen, euskaraz. Idoia ERASO Euskal Herriarekiko duen pasioak eramanda gure lurraldea protagonista edo kokagune dituen hainbat lan egin ditu, eta beste zenbait ere prestatzen ari da uneotan. Eleberriak, haurrentzako liburuak, dokumentalak, fikziozko film luzeak... denetik egin du jatorri estatubatuarra duen baina duela 50 urtetik Estatu frantsesean bizi den Eugene Green idazle eta zinemagileak. 2014an grabatu zuen bere lehen dokumentala, “Faire la Parole”, estreinatu berri du, eta, bertan, euskara eta euskal kulturarekiko duen maitasunaren testigantza atzeman daiteke. Zergatik erabaki zenuen dokumental hau egitea? Bada denbora pixka bat anitz interesatzen zaidala bai euskal kultura bai Euskal Herria. Nire film bat Zuberoan grabatzen ari nintzela deskubritu nuen. Normalean ez dut dokumentalik egiten, fikziozko lanak egin ohi ditut soilik, baina oraingoan euskarari eta euskal kulturari buruzko zerbait egin nahi nuen. Zerk erakarri zaitu bereziki? Gertutasun berezi bat sentitzen du euskal kulturarekin. Ez dut sobera ulertzen, baina analiza dezaket. Alde batetik hizkuntza dago. Ikasi nahiko nuke, baina, nire adinean, ikasteko barnetegi batera joan edo urtebetez buru belarri aritu beharko nuke. Ikasten hasi nintzen, beste hizkuntza batzuk nik bakarrik ikasi ahal izan ditudalako, baina euskararekin ez nuen lortu. Egitura eta hiztegia zoragarriak dira, nire ustez, gizakiaren lengoaiaren jaiotzaren aztarna bizia. Bada pentsatzeko era bat ere, guztiz ezberdina hizkuntza indoeuroparrekin konparatuta. Gainera, kulturalki ere Europan eredu ezberdin bat sortzeko baliagarriak izan daitezkeen hainbat kontu daude, esaterako, euskaldunen harremana naturarekin eta lurrarekin, edo sakratuaren sentimendua. Hein batean, Euskal Herrian biziera bat atxiki delako, bereziki landa eremuetan, ez dena arkaikoa baina bai zerbait gizatiarragoa. Liburu bat ere idatzi dut, jada kalean izan beharko litzatekeena, baina arazo batzuk tarteko argitaratzea atzeratu egin da. Bertan laburbildu ditut nire ustez euskal kulturaren alderdi originalenak direnak, eredu alternatibo bat bezala aurkezteko. Filmaren izenburua «Faire la parole», nondik dator? Euskara ikasten hastean, “hitz egin” izan zen nire mirespena lortu zuen terminoetako bat. Hitza da gizakia animaliengandik bereizten duena, eta hitzaren jaiotza hain da zoragarria, non hitz egitea gizakiaren mirakulu handia den. Anitz hunkitu ninduen, eta izenburu gisa atxikitzea erabaki nuen. Dokumentalaren sorrerarako egitasmoa nola garatu zen? Lehen deskubrimendua eta gero, hainbat ikerketa egin nituen. Lagun batzuk neuzkan Baionan, baina askoz jende gehiagorekin elkartu nintzen. Dokumentalean hainbat alderdi erakutsi nahi nituen, musika eta kulturako beste eremu batzuk barne. Pastorala, esaterako, niretzat ez da batere folklorikoa. Lehen aldiz pastoral bat ikusi nuelarik anitz hunkitu nintzen. Hori dela eta, gazteak erakutsi nahi nituen pastoraletan, jarraikortasuna erakusteko. Film politiko bat egin nahi nuen, baina ez zentzu militantean, dogmak emanez, baizik eta zinema erabiliz, zerbait poetikoaren bitartez. Erakutsi nahi nuen euskal gazteak besteak bezalakoak direla, baina hizkuntzari eta kulturari loturik bizi duten egoera ez dela batere normala. Dokumentalean agertzen diren helduak, nik ezagutzen nituenak dira, baina gazteak ez; beste bide batzuen bitartez ezagutu ditut. Grabaketarako aurreikusitako data baino urtebete lehenago ezagutu nituen, eta, gerora, kontaktuan egon eta Euskal Herrira hainbat bidaia egin nituen. Fikziozko filmetan bezala egin nuen, non aktoreekin konfiantza zubiak sortzen saiatzen naizen; bada, gazteokin ere gauza bera egin nuen. Beraien interesa pizten duten gaiei buruz hitz egiten genuen, euskarari eta beraien kulturari loturik. Dokumentala grabatu genuenean, tokiak eta egoerak soilik zeuden finkatuta. Gero, beraiek nahi zutena esan zuten; guztia beraien iritziak dira, ez zegoen ezer idatzita. Nola hautatu zenituen dokumentaleko gazteak? Zinemagilea naizenez, aktoreak hautatzen ditudanean hainbat barne ezaugarri bilatzen ditut, irudiaren bitartez helarazten direnak. Euren egoeraren kontzientzia duten gazteak nahi nituen, hizkuntzaz euskaldunak. Laurence Larre, muntatzailea, euskalduna da, Baionakoa, eta Seaskako Bernart Etxepare lizeoan egin zen bideo bat igorri zidan, non baxoa euskaraz pasatzeko aldarrikapena egiten zen. Gazteok ikusi nituen, eta, nahiz ezer ulertu ez, bazen bat bere hitz egiteko eragatik interesgarria iruditu zitzaidana, Ortzi Murua hain zuzen. Berarekin elkartu nintzen, eta hitzordura Aitor Servierrekin etorri zen; horrela jada bi mutil neuzkan. Hasieran bi neska eta bi mutil izan nahi nituen, bi Hegoaldekoak eta bi Iparraldekoak. Beraiek neska bat aurkitzen lagundu zidaten, Ana Imaz, Iparraldekoa bera ere. Bederen Hegoaldeko norbait nahi nuenez, nire ezagutzen bitartez Ugaitz Agirre atzeman nuen. Iparraldekoekin hitz egitea erraza zen, frantsesa hitz egiten dutelako. Ugaitzekin, aldiz, italieraz mintzatzen ginen. Nik hiruzpalau hizkuntza latino ezagutzen ditut, eta italiera aski ongi hitz egiten dut, eta, Ugaitz, Italian ikasia zen. Filmean agertzen diren beste pertsonak, nola eta zergatik hautatu dituzu? Batzuk, lehenagotik lagun nituen, eta pertsona interesgarriak dira; bereziki kultura munduko pertsonak dira, bizitza intelektual handikoak. Nora Arbelbide, adibidez, kazetaria da, eta “Berria” egunkarian lan egiten du. Thierry Biscary, berriz, musikaria da, eta lan zoragarria egiten du musika tradizionalaren arloan, nahiz eta orain ez den Kalakan taldearen parte. Thierryren bitartez Erramun Martikorena deskubritu nuen, pertsonaia aparta, ahots oso ederrekoa. Maddi Oihenart ere Thierryren bitartez ezagutu nuen; Joel Merak idatzi zuen filmean leizean kantatzen den abestia. Joseba Sarrionaindiaren kolaborazioa ere izan duzu. Bai, oso garrantzitsua. Audrey Hoc nire laguntzaileak aurretik ezagutzen zuen, Kuban ikasketak egin zituelako, eta bertan berarekin elkartu zelako. Idatzi egin nion, eta nire azken filma eta garaiko azken eleberria igorri nizkion, zehazki, Euskal Herrian iragaten den “La bataille des Roncesvaux”. Filma ikusia eta liburua irakurri zituela erantzun zidan, eta anitz maitatu zituela. Josebaren testua luzeagoa zen berez, baina ezin izan genuen dena sartu. Lehen gutuna frantsesez idatzi zidan, eta oso ondo idazten du frantsesez! Geroztik gazteleraz idazten dit, irakur dezakedana, eta nik frantsesez erantzuten diot. Filmean kultura aipatzen da, baita euskararen gaia ere, ikuspegi zorrotz batetik gainera. Joseba Sarrionaindiaren hitzak oso gogorrak dira. Bai, dokumentalaren hasierakoak oso gogorrak dira, baina bukaeran ere jaso ditut, eta orduan optimistagoak dira bere hitzak. Gainera, bat datoz gazteek mintzatzen agertzen direnean diotenarekin. Zein da helarazi nahi duzun mezua? Alde batetik, bereziki ikusle ez euskaldunei, euskal kulturaren berezitasuna deskubriarazi nahi diet. Bestetik, gazte europarrak diren euskal gazteen egoera erakutsi nahi dut, nola, beraien egoera, hizkuntzari loturik, ez den normala. Ezin dute beraien hizkuntza egunero eta egoera guztietan erabili. Ia ekintza politikoa bihurtzen da beraien hizkuntzan hitz egitea, beste edozein hizkuntzatan aritzearen parekoa izan beharko litzatekeenean. Egoera politikoaren ondorio da, Estatu frantsesaren eta Estatu espainiarraren esku dagoena. Momentu honetan, ikusten dugularik Katalunian bizi den egoera hedabide frantsesetan nola aurkeztua den, jakobinismoa ideologia eta ia erlijio bat dela azalarazten da; jendearengan hain sartua da, non integristak bezala erreakzionatzen duten, heresia baten aurrean bailiran. Estatua zerbait sakratua bezala bizi dute, eta jendea, herriak, kulturak, zerbait laidogarri bezala. Zu euskalduna ez bazara ere, filma euskaraz da. Nola joan ziren grabaketa lanak? Filmean jorratzen diren gaiei buruz anitz mintzatu ginenez, banekien gutxi gorabehera zeintzuk ziren gazteen ikuspuntuak. Bat-bateko itzulpena izan nezakeen, baina ez nuen horretan kontzentratu nahi, beraiengandik ateratzen zen sentimenduan ezarri nahi nuen arreta, unean zehazki zer esaten ari ziren ez jakinagatik. Audrey Hoc nire laguntzailea elebiduna da; grabaketan zehar oharrak hartzen zituen eta ondoren esandakoaren laburpen aski zehatza egiten zidan. Nik ez nuen esan behar zutenaren gainean inolako oharrik egiten, pentsatzen zutena esatea nahi nuen. Muntaketa lanak hasi baino lehen itzulpen oso literala eginarazi genuen, eta azpitituluetan jarri. Muntaketan zehar ondoan euskara dakien Laurence Larre nuen, eta horrela dena ulertzearen sentsazioa neukan. Lan egiteko era aski berezia da, ezta? Bai, orain arte inoiz horrela lan egin gabea nintzen. Fikziozko filmetan hitzari garrantzi handia ematen diot. Entzuten ahal nuen ez dutela denek azentu bera, eta euskara ezberdina dutela, baina elkar ulertzen dutela ikusten nuen. Maila batean adierazi nahi nuen gauzetako bat erakusten du, euskaldunen kontrakoek esaten baitute probintzia ezberdinetako jendeak ez duela elkar ulertzen; baina hor denak euskaraz eskolatuak izan dira, eta elkar ulertzen dute arras ongi. Dokumental luzea da, ia bi ordukoa. Bai, hori gatazka iturrietako bat izan zen gainera hastapenetik produktorearekin. Berak 40 minutu kentzeko eskatu zidan, nahi nuena kentzeko baina dokumentala laburtzeko. Baina nik ezetz esan nion, iraupen hori nahi nuela. Film bakoitzak bere denbora dauka; ikuslea film batean sartzen denean, denbora ahanzten du, kanpoan gertatzen dena ahazten du, eta filmaren denboran sartzen da. Eta filmekoa, Euskal Herriaren denbora ere bada pixka bat, euskaldunak hor dira betidanik, eta denborak betierekotasun hein bat ere erakutsi behar du... Norengana heldu nahi duzu film honekin? Batetik, euskaldunak, segur da; gainera, kanpoko norbaitek bizi duten egoera nola ikusten duen jakiteko balio diezaieke euskaldunei. Baina ikusleen gehiengoarentzat, Euskal Herrikoak ez direnentzat, lehenik eta behin euskal kulturaren originaltasuna deskubritzeko aukera da, eta, gero, euskaldunek bizi duten egoeraren absurdoa eta injustizia deskubritzekoa. Banaketa nola egiten ari da? Azaroaren 15ean atera zen Frantzian. Parisen eta beste hainbat hiritan ari da erakusten, eta, Ipar Euskal Herrian, gela anitzetan. Estatu espainiarrean ez da benetako banaketarik, baina espero dut Hegoaldean zinema gela batzuek emango dutela. Zein izango da zure hurrengo proiektua? Finantziazioa aurkitzea lortzen badugu, fikziozkoa izanen da, euskaraz, Atarrabi eta Mikelatzen mitoan oinarritua. Gidoia frantsesez idatzi dut, eta euskarara Itxaro Bordak itzuli du. Aurten grabatu nahi genuen, baina ezin izan dugu egin finantziazio eskasiagatik. Hiru produktore baditugu, Parisen, Hegoaldean eta Belgikan, eta espero dut 2018an grabatu ahal izatea. Atzerriko produktoreen interesa piztu duzu, hortaz, euskarazko film bat egiteko. Bai, Dardenne anaiena; belgikarrak dira eta nire film batzuk ekoitzi dituzte jada. Produktore frantses bat ere bada nire beste filmak maite dituena, eta konfiantza eskaintzen didana. Hegoaldean, oraindik dirua aurkitu ez badute ere, Txintxua Films dago atzean, Asier Altuna eta bere emaztea. Zein da istorioa? Politikoa da, munduari lotua, baina espiritualtasunetik. Nire bertsioan, Atarrabik deabruak itzala lapurtu diolako kondenatuta dagoela uste du. Monje izan nahi du, baina monjeek ez dute onartzen itzalik ez duelako, baina, barne argia duenez, mirakulu bat egiten du. Bere anaia, aldiz, oso pozik dago deabruaren dizipulu bilakatzearekin; deabrua negozio gizon bat da. «Joseba Sarrionaindiaren kolaborazioa izan dut filmean. Dokumentalaren hasierako euskarari buruzko bere hitzak oso gogorrak dira, baina bukaerakoak optimistagoak dira» «Erakutsi nahi nuen euskal gazteak besteak bezalakoak direla, baina hizkuntzari eta kulturari loturik bizi duten egoera ez dela batere normala»