GAUR8 - mila leiho zabalik

«Parole, parole tra noi»


Asko maite dudan italiar kantu hura buruan, nik ere «gure arteko hitzak» ekarri nahi ditut orriotara. Nolabait hasteko, abertzale jendeak Kataluniakoa nola bizi duen kezkatzen nau. Bartzelonako Tibidabo jolas parkeko txirrista bezala, orain goian orain behean, gaurko hutsak eta biharko eraikuntza alternatiboaren hutsuneak, ordu mortuetan larrituta. Hango ekinak eta hemengo ezinak, hangoa hona eta hemengoa hara, sarritan planoak nahasiz, koordenadak galduta. Eta gauza jakina da depresioarekin gaizki pentsatu eta okerrago militatzen dela.

Aitortu behar dut Kataluniarekin entsaladilla errusiarrarekin gertatzen zaidan berbera sentitzen hasi naizela: neurrigabetasunak enpatxura narama. Goizetik eta iluntzeraino, Katalunia besterik ez, izan ordu txikietako kirol programa, lehen orduko albistegia ala bazkalostean amonak kontsolatzeko tertulia, dena Katalunia. Duela urte batzuk ETArekin egiten zuten bezala. Zarata, zarama, desolazio informatibo programatua… enpatxatzeraino.

Abertzaletasunak gauza eder hori ere badauka, argia eta indarra, argindarra bezalakoa dela. Pertsona hil dezake aulki elektrikoan edo jaio berria bizirik mantendu inkubagailuan. Orain, badirudi, zirkuitulaburra gertatu dela, hala Katalunian nola Euskal Herrian. Han aldebakartasunarena omen dago krisian eta hemen, aspalditxo, «kooperatibak-gudariak-ikastolak» aroa eta iruditeria agortu zaizkigula, bidea labirinto bilakatu zaigula eta egun apustu horiek ez dakartela errenta.

Ataka edo labirinto politikoetatik goitik ateratzen da, pentsamendua eta gogomirak airatuz, arnasa luze urrutiko horizonteetan sakonduz. Hartara, ondo dago lehertu behar dena lehertzea eta beharrezkoak diren polemikak piztea. Publiko egin daitezela, bizkortasun intelektuala eta boterea eskuratzeko bokazioa erakuts dadila, bai. Kontua, baina, ez dadila izan iraganeko fakturak pasatzea, euskaldunak ez bezala katalanak egurra jasotzen eta kartzela ekuazio politikoaren muineko egiten ohituak ez daudelako nagusitasun moralak azpimarratzea, marmarra soinu-banda bilakatzea edo, txikimunduetan gotortuta, ahalduntzea nartzisismo politikoarekin nahastea. Liberazioaren bidean, inutila da hori, zeharo inutila, beste hark esango zukeen bezala, Marlboroaren “r” hori baino inutilagoa.

Jendea ez dela aldatzen dioen iritzia hedatua dago, aldatu baino, aldatu denaren plantak egiten dituela. Agian hala da, eskema batzuetan funtzionatzeko trokelatuta gaude eta ez dagoen tokitik ezin atera. Agian bai, edo agian ez. Egia da, baina, oso zaleak garela dena ala ezer ez, irabazi ala hil eta gisako esaldi zuri-beltzetara. Zentzu horretan, gure azterketan oso biribil dabiltza «78ko erregimena hil da» bezalako epaiak. Eta gure lehengusu gorilen baimenarekin –espainolismoa beti oso gorila izan dela pentsatuz– azkenaldian are gorilago ikusten dut, indartuta, zilar-koloreko bizkarra duten gorilak bezala, lurraldea markatzeko harro-harro bularra kolpatuz. Kontuz eskela behar baino lehenago jartzeko tentazioarekin.

Halako egoeretan ikaragarri maite dudan Arundhati Roy idazle eta ekintzaile indiarraren hitzekin akordatzen naiz. Estrategia ez dela soilik Estatua konfrontatzea, hura setiatzea, oxigenoa kentzea; lotsaraztea eta hartaz trufatzea ere badela. Musikarekin, literaturarekin, pertseberantziaz, poza eta kontakizun propioa zabalduz. Bere ideiak, bertsioak, gerrak, halabeharrezkotasun nozio hori erosteari uko eginez.

Beste mundu posible baten aldekoa da Arundhati Roy eta nik ere hala uste dut: Euskal Herri libre bat ez dela soilik posible, bidean datorrela, lasaitasun pixka bat hartu, belarria jarri eta nola arnasten duen aditu besterik ez dugula. •