Juantxo EGAÑA

Euskaldunak, II. Mundu Gerrako Comete ihes sarean

1940an, Andree De Jongh gazteak eta Arnold Deppe soinu injineruak Comete izeneko ihes sare bat sortu zuten. Alemanek lurrera botatako pilotuak leku seguruetara eramatea zen sarearen betebeharra, babesean gordetzeko. Ezkutuan jarri, haien zauriak osatu eta Frantzia okupatua zeharkatzen laguntzen zieten. Ziburura iristen zirenean, Kattalin Agirrek hartzen zituen bere etxean, Bidasoan barrena Hego Euskal Herrira igaro baino lehen. Ipar Euskal Herriko azken fasea Bidegain Berri baserria zen. Han, Frantxua Usandizaga bizi zen. Florentino Goikoetxea hernaniar mugalaria zen iheslariei muga igarotzen laguntzeko arduraduna. Oiartzunera iristen zirenean, Ergoiengo Sarobe baserrian atseden hartzen zuten, ondoren Donostiara abiatu eta han Bernardo Arakama gudari ohiaren etxean ezkutatzeko. Hegazkinlarien azken helmuga Gibraltar zen. Artikulua ilustratzen duen argazkia 1946an Ziburun egina da, gerra bukatutakoan. Comete sareko kide batzuk ageri dira, besteak beste Kattalin Agirre (goiko ilaran, bigarrena ezkerretik hasita) eta haren ahizpa, hala nola zenbait hegazkinlari ingeles.