Gaizka Amondarain
Irakaslea

Kasakatxanetik datozenak

Izan zitekeen Asia erdialdeko herrialderen bat. «Casa Cachan», ordea, garai bateko Gasteiz inguratzen zuen murruaren ondoan kokaturiko leku baten izena zen. Harresiak eskaintzen zuen babes eta erosotasunetik at zegoen bazter ospela. Toki arrotz bat orduko gasteiztar gehienentzat, txikienentzat batez ere. Bertara ailegatzeko resbaladero izenez ezagutzen zuten aldapa igo behar baitzen nahitaez, eta nonbait, ez zen egiteko erraza izango sasoi hartarako. Gaur egun oraindik, hemengo askok “kasakatxan” hitza darabil aparte dagoen paraje bati erreferentzia egin nahi dionean. Kutsu hori gorde digu hitzak. Kostata erdietsi daitekeen norakoa. Gure munduaren amaiera partikularra.

Klik batean nonahi egon gaitezkeen honetan ere, zenbatezinak dira lurrazalean zehar barreiatutako kasakatxanak oraindik. Askotarikoak han bukatzeko arrazoiak. Nor bere testuinguruak bizi baitu. Badaude, beren borondatez, munduaren beste puntan denboraldi bat pasatzeko hegazkin bat hartzen dutenak. Eta badaude beste batzuk, testuinguruak hala behartuta, haien herrialdea utzi eta lurralde arrotz batera bizitzera joan behar izan dutenak. Horietako asko gure bizilagunak dira, izen-abizenak dituzte, nahiz eta haien inguruan ezer gutxi jakin gehienok normalean. Ez bada kazetari edo politikoren bati eurei buruzko zerbaitekin matraka ematen hastea okurritzen zaiolako, oharkabean gurutzatu eta indiferentziaz begiratzen ditugun auzokide horiek baino ez dira guretzat.

Elkarrenganako ezjakintasun horri aurre egiteko ipini zen martxan Bizilagunak izeneko proiektua Araban, duela hiru bat urte. Parez pare bizi arren, sarri askotan elkarri buruz ezer ez dakiten familia zein norbanakoak mahai baten bueltan elkartzen ditu egitasmoak urtean behin. Jatordu bat elkarrekin egitearen aitzakian, hangoek hemengoak eta hemengoek hangoak hobeto ezagutzea da helburua. Geuk ere jarri genuen geure aletxoa pasa den larunbatean. Astean behin futbolean aritzeko elkartzen den hamabost laguneko taldea batu ginen afaritarako. Kamerun, Maroko, Mexiko, Ukraina, Sierra Leona, Ginea Konakry, Venezuela, Sahara, Egipto, Euskal Herria eta beste horrenbeste hizkuntza eta kultura mahai baten bueltan kontu kantari. Munduko selekzio bikaina litzateke, irabaztea borondate kontua baino ez balitz.

Berriki Euskal Kazetariak saria jaso duen Ane Irazabali entzun izan diot behin baino gehiagotan esaten, zein garrantzitsua den albiste bat ematerakoan gertaeren hurrenkera behar bezala kontatzea eta albistea bere testuinguruan kokatzea. Testuingururik gabe sentimendu hutsean geratzeko arriskua baitago. Eta horrelakoetan, berri horrek sortu digun horrorea edo amorrua baino ez da geratzen hondarrean. Gertaerarik lazgarrienak datuetara murrizten ditugu eta aurpegirik gabeko zenbaki bihurtzen dira biharamunerako. Ekialde Hurbileko gerretatik ihesi zetozen milioika horien dramari buruz ari zen Irazabal, baina berdina esan dezakegu beste edozein gertaeren inguruan komunikabideek hartzen duten jarrerari buruz ere. Pena sentitzeak karitatea ekar lezakeelako atzetik, kasurik onenean. Baina ez du inor bere inguruan gertatzen denaz jabetzera eramango. Eta ezjakintasuna oso gauza arriskutsua da, inkisizio hain suelto dabilen garaiotan. •