Mikel Zubimendi Berastegi
«ZERTARAKO ARMA NUKLEARRAK, ERABILTZEKO BELDUR BAGARA?»

Trumpen doktrina nuklearrak dardarka jarri ditu denak

Eraso nuklearra jotzeko erabakia berea, eta soilik berea, dela dio oso egongaitza, aldakorra eta kixoteskoa den Donald Trumpek. Arma nuklear «erabilgarriagoak» barnebiltzen dituen doktrina berria iragarri du, munduan eta AEBetako «establishment» politiko eta militarrean beldurra eta kezka eraginez. Baina nork geldiaraziko du?

Duela gutxi arte, gerra nuklear baten kezkarekin ohetik jaikitzea ez zen ohikoa, Gerra Hotzeko oroitzapen lausotua zirudien, denborak horituriko erretratu baten erlikia, mugimendu antinuklear indartsu haien eta etxe azpian eraikitako babesleku antiatomikoen garaikoa. Donald Trump AEBetako lehendakariari kasu eginez gero, baina, kezka horiekin guztiz larrituta esnatuko gara. Arma nuklearrak hizpide, «suntsipena niretzat oso garrantzitsua da» esan duen presidentea da, beste herrialde bat «historiak ezagutu ez duen su eta suminarekin» mehatxatu duena, arma nuklearrak erabiltzea erabakitzeko «autoritate bakarra» bera dela. 2016ko hauteskunde kanpainan argi eta garbi esan zuen publikoki: «zertarako behar ditugu arma nuklearrak, gero erabiltzeko beldur bagara?».

Arma nuklearrik gabeko Gerra Hotzaren osteko horizonte amestua lausotzen ari da: desagertzear dago, eta, gainera, arma nuklearren belaunaldi berri bat dugu ate joka. Normalizatu egin nahi dira, eta mugimendu antinuklear sendo baten faltan, nork jarriko dio muga milioika pertsona, zibilizazio oso bat erradiazioz hiltzeko arriskuari?

Zeinek zokoratuko du Donald Trump bezalako buruzagi arriskutsu bat? Nola geldiaraziko dute? Kongresistak, senatariak eta militarrak oso kezkatuta daude. Trump bezalako presidente egongaitz, aldakor eta kixotesko baten esku jartzen bada eraso nuklear bat jotzeko azken erabakia, inongo kontrapisurik gabe, «herrialdea III. Mundu Gerraren bidean» jar dezakeelako. Horrelako erabaki bat Kongresuaren eskumena izan beharko litzatekeela diote. Eztabaida eta giro nahasi horretan oso deigarriak izan dira AEBetako aire indarraren jenerala eta komandante nuklear gorena den Scott Swiften hitzak. Eraso nuklearra jotzeko Trumpen balizko agindu «ilegalak» desobedituko lituzkeela adierazi berri du.

Historiaren paradoxa

AEBetako historian atzera begiratuz, Korearen aurkako mehatxuak ez dira berriak. Asiako herrialdea ahotan, sekula egondako «sarraski handiena» aurreikusi zuenik ere bada. Eta, hartara, Korean erabiltzeko, 34 arma nuklear eskatu zituen. Geroago aitortu zuenez, «30 eta 50 bonba nuklear taktiko artean» jaurtitzea aurreikusita zuen, Koreako iparralde osoa «kobalto erradiaktiboko gerriko» batekin estutzeko, «60 eta 120 urte arteko bizitza» izango zukeena. Ez, horrela hitz egin zuena ez da munduak sekula ezagutu gabeko «su eta suminezko erantzun» batekin Ipar Korea mehatxatu duen Trump presidentea, hitz horiek ez dira «kohete gizona» deitzen duen Kim Jong-un bertako presidentearekin daukan krisiaren baitakoak.

Hitzok 1950an esan ziren, Koreako gerra betean. Douglas MacArthur jeneralarenak dira, megalomanian eta autoestimu mailan Trump beraren pareko pertsonaia. Jeneralaren asmoa ez zen soilik korearrak txikitzea: Harry Truman presidente demokrata ere boteretik aldendu nahi zuen. Baina Trumanek komandante nagusi bezala jokatu eta, garaian neurriak aurkari ugari izan bazituen ere, MacArthur kargugabetuz erantzun zuen, gerra nuklearraren zale amorratuena zokoratuz.

Geldiaraziko ote dute militarrek oraingoan Trump? AEBetako indar nuklearren komandanteak iradoki duen bezala, bere aginduen aurrean intsumiso gisa jokatuko al dute? Paradoxa historiko hori itxaron al daiteke?

Doktrina berria

Munduan den bonba ez nuklear handiena omen dena, hots, GBU-43/B-MOAB (Mother of All Bombs edo “bonba guztien ama”), Afganistanen jaurtitzeagatik «oso-oso harro» sentitzen den presidenteak, beste gai askotan egin bezala, honetan ere Barack Obamak utzitako aztarna ezabatu nahi du. Obama lehendakari ohiak 2010ean ezarri zuen doktrinaren arabera, muturreko egoeretan salbu, AEBek ez dute sekula arma nuklearrik erabiliko. Hala, Obamak espresuki debekatu zuen AEBekin etsaitutako herrialdeak arrastoan sartzeko bitarteko gisa arma nuklearrak erabiltzea.

Pentagonoko belatzekin batera, AEBetako armategi nuklearra ez dela aski beldurgarria dio Trumpek. Armategia «erabilgarriago» egin beharra dagoela, «aukera nuklear berriak» behar direla. Berez hiri osoak kiskali eta zibilizazioak suntsitzeko bonba termonuklearrez lepo den armategia, nahikoa ez dela eta berritu behar dela defendatzen du. Gerra konbentzionaletan erabiltzeko bitarteko lez normalizatzeko, erabilgarriago egiteko. Baina horretarako bi baldintza bete behar ditu: bat, Obamaren doktrina aldatzea, horrelako armak gerra denboran nola erabili mugatzen duen traba oro altxatzea; eta, bi, munizio nuklear berrien garapen eta produkzioa bultzatzea. Horren guztiaren zehaztapena datozen asteetan argitaratuko den Trumpen doktrina nuklearraren eskuliburuan jasoko da.

Beste hitz batzuetan esanda, arma nuklear eta konbentzionalen arteko distantzia laburtuko du, txikiagoak, taktikoagoak eta erabilgarriagoak diren arma nuklearrak AEBetako armategira gehituz. Eta hala, Planetako armategi nuklear indartsuena are gehiago indartuko da. Eta horrek, dudarik gabe, Ipar Korea bezalako herrialdeak arma nuklearrekin kolpatzeko determinazioa areagotuko du, baita armok ez dituztenek antzeko armak ekoizteko beharra sentitzea ere.

Boterea eta diru irabaziak

Gerra konbentzionaletarako erabilgarri nahi eta urpekari, hegazkin, misil eta komando berezien esku jartzekoak diren arma nuklearrok lortzeko modernizazio programak 2 bilioi dolarretik gorako aurrekontua du. Broma gutxi.

Egitasmoak, baina, boterearekin eta diru irabaziekin zerikusi gehiago du kontsiderazio estrategikoekin baino. Egitasmoa II. Mundu Gerrarako arma nuklearrak egin zituen Manhattan Proiektuaren azpiegitura eta leku berdintsuetan gauzatuko dela kontsideratuz, honakoa azpimarratu behar da: Kalifornian eta Mexiko Berrian daude arma nuklearren laborategiak; ikerketa eta probak egiteko zentroa, Nevadan; buru nuklearrak muntatu eta desmuntatzeko instalazioa, Texasen; armon zati ez nuklearrak egiten dituzten fabrikak, Missourin eta Tennesseen; misil balistiko, hegazkin bonbaketari eta urpekari nuklearrak egiteko fabrikak, Connecticut, Georgia, Washington, Kalifornia, Ohio, Massachussets, Louisiana, Ipar Dakota eta Wyomingen. Geografia nuklear horrek eta “lanpostuak defendatu” beharrak bermatzen dute kongresista multzo handi batek, automatikoki, baiezkoa emango diola modernizazioari.

Sikiera, Ronald Reaganek, mugimendu antinuklearraren eta Kongresu barruko presioek behartuta, azkenean, gerra nuklearrak ezin direla irabazi eta sekula ez direla abiatu behar onartu zuen. Egingo al du berdina Trumpek? Konturatuko al da gerra nuklear txikirik ez dela existitzen?