GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Philippe Blanchet
Soziolinguista

«Glotofobia hizkuntza diskriminazioa da, xenofobia edo homofobia bezalako diskriminazioa»

Diskriminazio linguistikoa definitzen duen «glotofobia» terminoaren asmatzailea Euskal Herrira gomitatua izan da Euskararen Nazioarteko Eguna kari.


Rennes II unibertsitateko soziolinguistika ikertzailea da Philippe Blanchet. Eremu frankofonoetan dagoen hizkuntza aniztasunean eta frantsesaren aldaera ezberdinetan espezialista da. Aldi berean hizkuntza proventzala hedatzeko tresna didaktikoak sortu ditu, baita hainbat idazlan literario sortu ere. Duela bi urte argitaratu zuen “Combattre la glottophobie” liburuak arrakasta handia lortu du, eta, horren erakusle, astero bi edo hiru elkarrizketa egiten ditu terminoaren esanahia azaltzeko eta horren inguruan dagoen egoeraren berri emateko.

«Glotofobia» termino aski ezezaguna da. Zer esan nahi du zehazki?

Bada denbora asmatu nuela, baina orain anitz hedatzen ari da. Oro har errateko, diskriminazio linguistikoa da, baina terminoa ez zitzaidan egokia iruditzen, jendearekin hitz egitean ulertzen dutelako hizkuntzen gaineko diskriminazioaz ari garela soilik. Eta ez garelako konturatzen pertsona bera dela diskriminazioa pairatzen duena. Gainera, sarri erraten da hizkuntza aldatzea besterik ez dutela egin behar, horrela ez direla diskriminatuak izango. Baina hizkuntza nortasunaren ezaugarria da, eta norbaiti hizkuntza aldatzeko edo bestela mintzatzeko eskatzea beste norbait izatea eskatzea da. Nik nahi nuen erakutsi pertsonei egiten zaizkien diskriminazioak direla, ez soilik hizkuntzarenak. Horregatik, “glotofobia” hitzak antzekotasuna du “xenofobia” edo “homofobia” hitzekin, eta aski ongi funtzionatzen du.

Zerk bultzatu zintuen gaia jorratzera?

Soziolinguista naiz, beraz, gizartean hizkuntzek daukaten tokiari buruzko analisiak egitea interesatzen zait, baita gizarteak hizkuntzengan duen eragina eta mundu sozialari buruz hizkuntzek erakusten dutena. Gizartean hizkuntzek duten tokiari begiratuta laster konturatzen gara desparekotasun eta bazterketa fenomenoak daudela, hau da, diskriminazio fenomenoak.

Nire unibertsitateko ikerketa taldean deliberatu genuen programa bat egitea testigantzak bildu, behatu eta egiaztatzeko diskriminazio glotofoboak ote dauden, ondoren fenomenoa aztertu eta ulertzen saiatzeko. Nire lana oinarrian da jendearengana joatea testigantzak biltzera, hizkuntzari buruz mintzo diren diskurtsoak biltzea, baita prentsan eta politikan ere. Bilduma aski handia eginda, corpusa, konturatu ginen erregularki diskriminazio linguistikoa badela. Orduan saiatu ginen zergatik gertatzen den ulertzen, eta bereziki zergatik diskriminazio horiek hain hutsalak, hedatuak eta errazki onartuak diren, beste diskriminazioak bezain onartezinak direnean.

Zeintzuk dira glotofobia kasu ohikoenak?

Bizitza sozialaren eremu guztietan atzematen dira, baina batzuetan gehiago atzematen dira: eremu gakoetako bat hezkuntza da. Frantzian ikertu dut bereziki, nahiz eta beste herrialdeetan ere egoera parekagarriak atzeman daitezkeen, baina maila txikiagoetan.

Hezkuntza sisteman, orokorrean, ohikoa da irakasleek eta hezkuntza taldeak haurrak diskriminatzea beraien hitz egiteko eraren edo hitz egiten duten hizkuntzaren arabera. Umiliatu, mespretxatu, zigortu egiten dituzte haurrok, beraien hizkera edo hizkuntza erabiltzea aurpegiratzen diete... Pentsa, haurrak hori egiteko hezten dituzte, eta beraien bizitza osoan zehar jokaerok errepikatzeko. Normala dela erraten diete, hizkuntzen artean hierarkia bat dagoela, goi mailako eta azpiko hizkuntzak daudela, ongi eta gaizki mintzatzen den jendea; beraz, sinestarazten diete normala dela jendeari azpiko hizkuntzak deiturikoak mintzatzea eragoztea, hizkuntza batzuk inposatzea beste batzuen ordez.

Beste eremu profesional bat non aipatutakoa anitz atzematen den, hizkuntzarekin lotutako lanbideena da, hau da, kazetariak, aktoreak, harrera lanetan ari direnak... Profesionalok sarri ezin dute lana lortu beraien hitz egiteko era ez delako onargarria, hau da, hizkuntza “legitimo” bat mintzatzen dute baina azentuarekin. Eragina beste eremuetara ere heltzen da. Ospitalean, esaterako, jendeari erraten diote hobeki mintzatzeko, ez dela ulertzen zer esaten ari diren...

Zergatik gertatzen da hori?

Frantzian bada ideologia linguistiko bat, pixkanaka eraiki dena Frantzia modernoa sortu zenetik Iraultzaren garaian. Politikoek nazio homogeneo bat sortu nahi izan zuten, non estatua eta nazioa bera izan behar ziren. Iraultzaren garaian probintzietako jendearen gehiengoak ez zuen frantsesa mintzatzen, sarri ez zuten ulertu ere egiten. Politika linguistiko oso agresiboa ezarri zen frantsesa inposatu eta beste hizkuntzak baztertzeko, Euskal Herrian, euskara.

Politika hori ezartzea lortzeko, ideologia bat hedatu da, bereziki eskolaren bitartez, non ospea kendu zaien “herri hizkuntza” deitzen direnei, hau da, frantsesa ez diren beste hizkuntza guztiei, eta frantsesari balio handiago eman zaion. Horrela jendearen buruetan hizkuntzen arteko hierarkia bat ezarri dute. Testu historikoak irakurtzean, hori etengabe errepikatzen dela ikusten da; XIX. mendean eta XX. mendean lege testuak daude, eskuliburuak haurrentzat, diskurtso politikoak…

Egun ere atzeman daiteke. Hezkuntza ministroak duela egun batzuk ideia bera errepikatu du: Frantzian hizkuntza bakarra dago, gramatika bakarra, jende guztiak hizkuntza bera era berean mintzatu behar du... Ez dira soilik hizkuntza on eta txarrak, mintzatzeko eren artean ere bada ona den bat, Parisko burgesiarena, estandarra, eta besteak txarrak dira. Jendeak hori normaltzat jotzen du, baita biktimak direnean ere. Pentsatzen dute: «Gure hizkuntza ez da benetako hizkuntza, hobe da gure seme-alabek frantsesa ikastea». Erresistentzia egiten ahalko lukete, baina gehienak konbentzitu egin dituzte.

Gizartea sentsibilizatzen ari dela iruditzen zaizu?

Sentsibilizazioa txiki bat hedatzen ari da, horretan nire liburuak ekarpen handia egin du. Ez dut nire gloria handitzeko esaten, baina erreakzioa oso handia izan da, hedabideak ikaragarri mintzatu dira liburuaren gainean, bai Frantzian, bai beste herrialde frankofonoetan ere, Belgikan, Suitzan, Kanadan. Benetan eragina izan duena “glotofobia” hitza bera izan da, jende anitzek erran dit kontzientzia hartu duela, fenomenoa ikusten duela, izendatzen dakielako. Testigantza anitz jasotzen ditut, mezu elektronikoak, gutunak, prentsaren bitartez heltzen zaizkidanak... Horrek erran nahi du jende anitzek hori bizi izan duela eskualde hizkuntza bat mintzatzen duelako, hizkuntza immigratu bat, edo frantses popularra. Batzuetan testigantza hunkigarriak dira, sufrimendua pairatu duen jendearenak. Baina oso zaila da egoera iraultzea, jende anitzek egoera hori ez duelako ezagutu, eta bi mendez eraiki den ideologia linguistikoa ezin delako hain errazki alderantzikatu.

Zein da egoera uneotan Estatu frantsesean?

Frantzia ezagutzen diren kasuetan okerrenetakoa da: beste herrialde askotan baino azkarragoak dira hizkuntza bateratuaren ideologia, beste hizkuntzekiko mespretxua eta hizkuntza eskubideen ukapena. Araua diktadura linguistikoa da, eta hizkuntza eskubideak gauzatzea borroka bat da, hortik dator nire liburuaren izenburua bera ere: “Combattre la glotophobie” [Glotofobiari aurre egin].

Beste herrialde askotan, egoera hobea da. Espainian, adibidez, anitz hobe onartzen dira Estatuan hitz egiten diren beste hizkuntzak, konstituzioan bertan jasota daude, eta gazteleraren aldaerei dagokionez, askoz hobeki onartzen da jendeak gazteleraren aldaera latinoamerikarrak mintzatzea, ez da irririk eginen. Aldiz, Frantzian jendeari okerra, irringarria edo soportaezina iruditzen zaio Quebec, Algeria edo Senegalgo frantsesa. Pentsa, azpitituluak ere ezartzen dizkiete telebistan agertzen direnean! Hori ez da mundu gazteleradun edo ingelesdunean gertatzen, nahiz eta badiren diskriminazioak ere.

Eskualde hizkuntza deiturikoentzat egoera oso zaila da Estatu frantsesean.

Bai, ni ere eskualde hizkuntza bateko hiztuna naiz, proventzera. Gainera, Bretainian bizi naiz eta ongi ezagutzen dut bretoieraren egoera ere. Badira egoera batzuk hain okerrak ez direnak, Euskal Herrikoa kasu, herritarren erresistentzia handiagoa izan baita. Baina badira beste egoera batzuk non jendeak guztiz onartu duen bere hizkuntza uztea, non herritarrak beraien hizkuntzaz lotsatzen diren, non frantsesez mintzatzean ere frantsesez hitz egiteko beraien moduaz lotsatzen diren... Bereziki inguru popularretan, landa eremuetan, Frantzia erdi eta iparrean gertatzen da; jendea hain izan da estigmatizatua, guztiz barneratu duela. Badaude egoera soziolinguistiko aski desesperagarriak; seguruenik bukaeran gaude.

Zorionez ez da toki guztietan bera gertatzen, gune periferikoetan, Bretainian, Euskal Herrian, Rosello edo Ipar Katalunian, Korsikan, Okzitanian, Alsazian erresistentzia bada. Baina egoera larria da: Unescok egindako egoera larrian dauden Europako hizkuntzen sailkapenean, Frantziako hizkuntza gehienak larriki mehatxatuak dira. Euskal Herrian pixka bat hobetzen ari da egoera, baina, hala ere, egungo euskaldun kopurua duela 50 urtekoa baino anitz txikiagoa da. Bretainian, Proventzan… etorkizuna ez da segurtatua. Egoera ezberdina da itsasoz bestaldeko Frantzian, non, kreola, Kaledonia Berriko kanak hizkuntza edo hizkuntza polinesiarrak biziagoak diren.

Euskal Herrian egoera larria bada ere, hobea dela diozu.

Seinale oso argiak daude, erraterako, Frantzian eskualde hizkuntzatan eskolatutako haurren portzentaje handiena duen lekua da. Haurren %50 inguru murgiltze ereduan edo eredu elebidunean eskolatuak dira, hori anitz da. Bretainian edo Korsikan, proportzioa arras txikiagoa da; Bretainian, erraterako, %10 baino gutxiago. Azalpena historikoa izan daiteke, baita Hego Euskal Herriko laguntza moral eta logistikoa ere. Hala ere, Ipar Euskal Herrian ez da euskararen jarraikortasuna segurtatua.

Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara gonbidatu zaituzte. Zertaz ariko zara emango duzu hitzaldian?

Ideia nagusia informatzea da, ardurak dauzkan jendeari diskriminazio glotofoboa zer den azaltzea. Eskubide linguistikoak zeintzuk diren ere azaltzen dut, testu juridikoekin; izan ere, izan badira Frantzian bertan ere, nahiz eta legedia kontraesankorra den. Argudioak ematen dizkiet beraien eskubideak defendatzeko. Azalpen zehatza ematen dut egoera honetan zergatik gauden ulertzeko, ulertzen badugu, deseraiki dezakegu, badakigu zeren kontra borrokatu. Mintzaldietan adibideak ematen ditut, erakusteko jendea zer esatera ausartzen den, eta onartu behar ez dugula errateko. Egun ezin da diskurtso arrazista edo xenofoborik izan, legeak debekatzen duelako, eta jendeari erran behar zaio ez duela eskubiderik diskurtso glotofobo bat izateko. Egunerokotasunean ez dugu glotofobia onartu behar, ezta gauzatu behar ere.

Jendeak nola erreakzionatzen du zure ideien aurrean?

Bi erreakzio mota daude. Gaian interesa dutenek edo eraren batean beren buruei galderak egiten dizkietenek, normalean, ongi erreakzionatzen dute. Badira kontzientzia hartze handien testigantzak ere; aurrekoan Baionan emakume batek erran zidan ez zuela lorik eginen, esandakoak bere lana egiteko era guztiz aldatzen zuelako. Beste batzuek azaldutakoarekin bat egiten dute, maila ezberdinetan. Aldiz, badira konbentzitu ezin direnak ere, justuki hizkuntza bakarraren erlijioaren sinesmen horretan sartuak direlako; ez dituzte arrazoi arrazionalak entzun nahi, erreakzio pasionalak dituzte. Nazioaren bateratasunaz mintzatzen dira, hori egiten badugu katalanak bezala bukatuko dugula, Frantziak eztanda eginen duela, jendeak ez duela elkar ulertuko… Horrelako argudioak erabiltzen dituzte, guztiz gezurrezkoak. Baina maite dut jendeak hori erratea, horrela erantzun eta tronpatzen direla azaltzen saiatzeko. Argudioak desegiten ditut, baina ezin da jende guztia konbentzitu... Hala ere haziak landatzen ditut.

Hizkuntza bakarraren erlijioa erran duzu...

Bai, badira ikerketa soziolinguistiko anitz Frantzian hizkuntza erlijio bilakatzen dela erraten dutenak: sakratua balitz bezala gurtzen da, ukitu ezina da, zalantzan eman ezin daiteke, jainko bat bezalakoa da. Erlijioan, sinesmenean, lan zail eta handi bat bada gauzak arrazionalki begiratzeko.

Zer defenditzen duzu zuk?

Hezkuntza aldatu behar da, glotofobia eraikitzen duelako. Aniztasun linguistikoan oinarritutako hezkuntza behar da; badira gizarte anitz non nahi duzun bezala mintzatzen zaren eta jendeak hori normaltzat hartzen duen. Gizarte horietan bezala egin dezakegu.

Liburuaren arrakastaren ondoren, ze proiektu duzu?

Beste liburu bat egiteko asmoa dut. Lehen lanak unibertsitate estiloa du pixka bat, ez da denentzat irakurterraza. Beste bertsio bat eginen dut publiko zabalari zuzendua. Lankide batekin testigantzak bilduko dituen lan bat egiteko asmoa ere badut: hitza eman nahi diegu glotofobia sufritu dutenei.