GAUR8 - mila leiho zabalik

Gure lehenengo harriak


Mugimendu zahar bat errepikatzera noa, bizikletaz, Donibane Garazitik Arnostegiko lepora. Azken hiru mila edo lau mila urteetan behin eta berriz gertatu da mugimendu hori: Europako historia martxan, Pirinioak zeharkatzen, Garazi eta Orreagako bideetan barrena. Hemendik pasa ziren Burdin Aroko artzainak, kolono zeltak, erromatarrak, barbaroak, arabiarrak, karolingioak, nafarrak, gaztelarrak, erromesak, Napoleon, Indurain.

Donejakue Bidetik igo naiz Thibaut gurutzeraino, eta gero, Leizar Ateka muinoa eskuinean utzita, altuera mantendu dut Arnostegiko leporaino (1.236 metro), Urkulu mendiaren altzoan. Gora begiratu eta paisaian eraldaketa bitxia ikusi dut: kareharrizko geruza oker eta arrailduak bata bestearen gainean pilatu eta bihurritzen dira, harik eta tontorrean bloke leunez osatutako zirkulu perfektu bat osatzen duten arte. Trantsizioa ia ohartezina da, baina geologiatik arkitekturarako urratsa dago hor: dorre erromatar baten arrastoak dira.

Leku honek liluratu egiten nau, solemnitateak urardotzeko erabili ohi ditudan esaldi ironikoak ez zaizkit etortzen eta zapatilak aldatzea besterik ez zait bururatzen. Bizikleta eta bizikletako zapatilak harkaitz batzuen artean ezkutatu, zapatila arruntak jantzi, eta banoa mendian gora oinez, hogei minutuz, aspaldiko langileek han goian banan-banan jarri zituzten harri landuak ukitu nahi ditudalako. Blokeak haztatu eta duela bi mila urteko esku haiek sentitzen ditut.

Harkaitz higatu eta zartatuek osatzen duten paisaia honetan, erromatarrek harri puska horietako batzuk hartu, arretaz landu eta bata bestearen gainean jarri zituzten, bata bestearen jarraian, orain gizakiok paisaian antzematen dugun ordena bat sortuz. Hori baita gizakion aztarna: kaosaren erdian, geometria pixka bat. Erromatarren bulkada bera jarraitu zuten historiaurreko artzainek, mendi honen magalean bertan, Azpegiko parajean eraiki zituzten harrespila horietan.

Harri ordenatuetan –harri ordenatuak bezalako egitura hain sinple batean– giza intentzio bat antzematen dugu, guretzat honezkero oso lausoa dena, baina paisaian bi mila, hiru mila edo lau mila urtez iraun duena.

Urkuluko dorrea, gaur egun, harrizko murru zirkular bat besterik ez da, hogei metroko diametroa eta hiru metroko altuera daukana. Hemendik goitik mendikate bakartia ikusten da, zerumugaraino olatuak bezala hedatzen diren muino berde eta grisak, baso ilunak, troka sakonak, erromatarrek sinbolo batekin otzandu eta etxekotu nahi izan zuten eskualde basatia. Dorrearen barruan, arkeologoek aldare baten arrastoak aurkitu zituzten. Antza denez, duela hogeita bi mende Akitaniako konkista ospatzeko altxatutako eraikuntza-trofeoa da dorre hau.

Desagertutako zibilizazio baten monumentua zela pentsatuz igo naiz, naturak ia irentsi duen hondakina, baina dorrera igo eta Pirinioak nire azpian ikusi ditudanean, benetako esanahiaz jabetu naiz: hemendik sartu zen gure lurraldera mundu mediterraneoa, hemendik sartu ziren olioa, ardoa eta gari ogia, galtzadak eta hiriak eraikitzeko ideia, latina eta fede kristaua. Urkuluko harri hauekin hasi ziren gure mundua modelatzen. •

www.anderiza.com