GAUR8 - mila leiho zabalik

Kartzelako lana, Korsikatik Euskal Herrira


Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa amaitu bada ere, BECeko harmailetan bildutako milaka eta milaka euskaltzaleen bihotzak berotu zituen goi mailako kultur ekimenak aukera eman dit atzerriari begira –baina etxeko supazterrari beha– jorratu beharreko lehendabiziko gogoeta honi norabidea ematen.

Parisko karriketan 11.000 herritarrek emandako pausoen oihartzuna isildu ez denean, bistakoa da periferiatik erdigunera igaro den kartzelako lanak aurrerantzean ere lerroburu izaten jarraituko duela. Are gehiago, zirt edo zarteko garai erabakigarrietan sartu garela baieztatzera datoz artisau lanean diharduten eragileen hitzak.

Arestiago ez jotzearren, udaberriko haziak bere lehenengo fruituak emateko prest direnean –konpromisoen kaiera mahai gainean dago eta horren egikaritzea izanen da gakoa–, komeni da atzera begiratzea, zeruan zabalduriko ostarteak iragartzen duen aldaketak dituen inplikazioen jabe izateko.

Inondik inora ere ez errelatoaren guda amaigabean enegarren lerroa idazteko xedez, inola ere ez bestearen gainean papoa hanpatzeko, baizik eta, arnasa hartuz, bide luze bezain bihurrian aurrera egiteko egin beharreko urratsak perspektiba alternatibo batetik aurreikusteko borondatez.

«Euskal Herria gelditu ez dadin euskal erdian/ bila ditzagun arnas ta ardatzak periferian»; oholtzatik Sustrai Colinak zapla bota zuen bertsoa ondoko garaietan garatu beharreko auzolanaren garrantzia eta tamaina marrazteko arkatz aproposa iruditu zitzaidan. Alde batetik, bildutako behin-behineko aurrerapauso kolektiboen jatorria identifikatzen laguntzen duelako, eta bestetik eremu batean lorturiko abantaila, txikiagoa edo handiagoa izan, bulkada partekatua bilakatzeko bidean premiazkoa dugulako pantaila berri batera pasatzea. Horretarako, gure herriaren hainbat esparrutan, geografiko zein emozionaletan, sumatzen den hoztasun sentsazioa apika epeltasunerantz eramateko, gure nazioaren ipar periferian garatutako lanari hobeki erreparatzea lagungarria izan daiteke. Oinak hormatuta eta bihotza bero, bidaia luzea egin ondoren karriketan ibili ziren herritarrek Parisko bulebarretaraino eraman gintuen ibilbideaz jabetzeko parada ukan zutelakoan nago. BECen bildutako herritarrek eta telebistaren bestaldetik bertsolarien balentriez gozatu zuten bertso fededun anitzek gogoeta emankor horri bidea zabaltzeko premia sentitzen hasiak al dira? Euskararen nazioa zentroaren eta periferiaren arteko banaketa klasiko bezain antzu horrekin puskatzeko zulatzaile lana egiteko prest al dago?

Zentrala bilakatu den periferian tendentzia aldaketa bidean dagoela ohar eginda, horren irismena zabaltzeko estatu bakarraren logika hausteko prestasuna urte berrirako agiantzen zerrendaren goialdean kokatu beharko genukeelakoan nago. 2018ko hastapenean, Euskal Elkargoa bere lehenengo urtemugara helduko denean, enbrioi horren hazkundeari begira, miraila bilakatuko da atzerri hurbilean, Korsikan, sortuko den lurralde elkargo bakarra. Dagoeneko presoen egoera aldatzeko dinamikari oihartzun berria ematera etorri da A9aren biharamunean subiranistek ereindako garaipena. Urteko bigarren seihilekoan Kaledonia Berrian egitekoa den autodeterminazio erreferendumak estatu jakobinoaren taulategian astindua eragingo duen esperoan, adi, korsikar eta euskal agenda gurutzatu (uztartu?) dira. •