Miguel FERNANDEZ IBAÑEZ
IJITO AHAZTUAK KOSOVON

Errefuxiatu eremuetan kutsatu ziren familiek erantzukizuna eskatu diete NBei

Kosovon administrazioa bere gain zuen Nazio Batuen misioak (UNMIK) ez du ezer egin berunez kutsatutako lurretara bizitzera eraman zituen ehunka ijito errefuxiaturen egoera arintzeko. Osasun arazoengatik kalte-ordainik ere ez die eskaini, Kosovoko Giza Eskubideen aldeko Erakundeak hala eskatu badio ere.

Kosovon gerrak okerrera egin du. 1999. urtea da. NATOren bonbardaketa kanpainari esker bueltan diren albano-kosovarrek Milosevicen erregimenaren kolaboratzailetzat dituzten ijitoak euren etxeetatik alde egitera behartzen dituzte. Mitrovice hiriaren hegoaldeko Mahalla auzoan bizi ziren 8.000 ijitoen etxeak erabat suntsitu ditu jende andanak. Ordurako Kosovon Administrazioaren ardura hartu duen Unmik-ek ijito horietako 600 Ibar ibaiaren iparraldera eramatea erabaki du, serbiarren kontrolpean dagoen eremura. Zhikoc, Cesmin Lug eta Peposaviq izeneko errefuxiatu zelaietan kokatuko ditu, Trepca meategi multzotik gertu.

Bide batez, gerra amaitu eta 2000. urteko ekainean hasiko dira berriro meategia ustiatzen. Sei aste baino ez dira igaroko eta NATOko tartekaritza indarrek (KFOR) berunaren eta beste metal astunen proportzio handia atzematen dute jada airean. AEBetako Armadak odolean dezilitro bakoitzeko 5 mikrogramo berun azaltzen duen oro etxeratzeko agindua eman du. Gobernu frantsesak soldaduei Mitrovicen asko jota 120 egun baino gehiago ez igarotzeko ohartarazten die, 30 egun ugaltzeko adina duten emakumeen kasuan. Are gehiago, bertako produktu freskoak eta ura hartzea debekatzen die eta ariketa askorik ez egitea gomendatu.

Abuztuan Trepcako galdategia itxi dute, baina era berean errefuxiatu zelaiak mantendu eta beste bi zabalduko dituzte inguruan, Kablare (2001) eta Ostende (2006). Nazio Batuetako ordezkari berezia zen Bernard Kouchnerren hitzetan –berau MSFko sortzaileenetarikoa– «mediku eta Kosovoko administrazioburu bezala alde egin beharko nuke mehatxu horrekin beste egun bat igarotzea utziko banu».

Beste aukerarik ez

2005ean mehatxuaren berri izan zuten arren, ijitoek errefuxiatu eremuetan bizitzen jarraitu zuten 2013ra arte. Gainera, bitartean Unmik-ek ur- putzuak zabaltzen jarraitu zuen, Zhickoeko zelaian kasu, bertatik edatea arriskutsua ez zela ondorioztatzera bultzatuz.

Egun substantzia kaltegarriekiko esposizioak eraginda gutxienez 138 ijitori hainbat gaitz atzeman dizkiete.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) aburuz, odolean berunak ez du dezilitroko 10 mikrogramo gainditu behar. Beruna arnasterakoan sartzen da gorputzean, beraz ariketa fisikoak eta bertako produktuak jatea kaltegarriak dira oso. Ondorioak are larriagoak dira haurrengan. Bertan jaiotakoek hainbat gaitz kroniko garatzen dituzte, hala nola oroimenari, hazkuntzari eta adimenari eragin diezaieketenak, entzumena ere ahaztu gabe.

Halil Gushani 50 urteko ijitoak informazio falta salatzen du. «Ni neuk Trepcan egiten nuen lan, eta banuen arriskuen berri, baina inork ez zigun ohartarazi Leposaviq-i buruz». Zergatik jarraitu zuen han, baina? «Ez nuen besterik eta gainera Mitrovicen segurtasunik ez zegoela esaten ziguten. Egia esan, jakinda ere ezin izango genukeen handik alde egin, gure etxeak erre zizkigutelako eta ez geneukalako dirurik», azaldu du Gushanik, egun 250 eurorekin hilabetea iraun behar duen familia-gizonak (140 Belgradeko Gobernuak ematen dizkio, eta gainerakoa hainbat «lantxotan» lortzen du). «Unmik-ek bazuen gure egoeraren berri. Berak dauka gure gaixotasunen errua, eta gutxienez tratamendua ordaindu beharko ziguten», exijitzen du jada guztiz eraberrituta dagoen Mahallako auzoan.

Borroka legala

Ijitoak, oro har kalteak jasan dituzten beste komunitateekin batera –askhaliak, hau da, albanieraz hitz egiten duten ijitoak, eta egiptoarrak–, 2005ean jabetu dira bizi duten arazoaz eta auzitara eraman dute Unmik New Yorken. Gaixo bakoitzeko 50.000 euroko kalte-ordaina exijitzen dute, tartean ustez kutsadurak eragin zituen gaitzek jota zendu ziren hiru kaltetuen senideentzat.

AEBetako hiriko epaimahaiak atzera bota zuen eskaera baina ordurako martxan zegoen Unmik-ek sortutako Kosovoko Giza Eskubideetarako Kontsulta Erakundea. Honek bere ikerketarako ardatz bezala onartu zuen New Yorkeko salaketa eta ebazpena kaleratu zuen 2016ko otsailean.

Ikerketaren arabera, «Unmik-ek erantzukizuna du errefuxiatu zelaietan bizi eta hazi zirenen bizitza, osasuna eta geroa era konponezinean konprometitu zuelako». Are gehiago, gutxienez 2000ko azaroaz geroztik arriskuen berri izanda ere, arriskuak gutxitu ez eta areagotu egin zuelako bertan bizi zirenak berunaren eraginpean jartzean eta behar ziren jarraibide medikoak eta higiene zerbitzuak martxan jarri ez zituelako. Horrela, bada, eta eskaerak aipatzen zituen hiru heriotzek kutsadurarekin zerikusirik izatea onartzen ez bazuen ere, Unmik-ek barkamena eskatu eta kalteengatik ordaindu behar zuela exijitzen zion.

2017ko maiatzean NBEk «benetako damua» agertu zuen baina ez zuen ez errurik ez kalte-ordainik onartu Europak pairatu berri duen osasun-krisialdi larrienetarikoaren inguruan. Hori bai, giza proiektuak bultzatzeko diru funtsa agindu zuen, estatuek bete beharrekoa. Haitiren kasuan, antzerako funts batek aurreikusitako 400 milioien %1a baino ez du lortu azkenengo bi urteetan. Kosovon 5 milioi baino ez lirateke, baina Katharina Rall HRWko eledunaren hitzetan, «sei hilabete igaro dira eta ez dago sosik ere eta gainera proiektuak ez dira kaltetuei begira osatu».

Hamazazpi urte igaro dira Bayram Babajboks-en familia Cesmin Lugeko zelaira iritsi zela. Duela zazpi alde egin zuten baina Farije emazteak min jasangaitza du haginetan. Leonard semeak belaunetan eta Anita bilobak bihotzeko arazoak ditu eta den-denaz ahazten da. «Tratamendua ordain diezagutela behintzat, askoz gehiago merezi badugu ere. Kazetari asko etorri zarete, baina denak berdin jarraitzen du», diosku.

Zigilu ofiziala duen dokumentu sorta erakusten digu, eta analisiek azaleratzen dituzten datuak beldurgarriak dira. Sekuentziak agerian uzten du zelaitik atera eta gutxira odolean agertzen den beruna goitik behera gutxitu zela.

Argi dago Unmik-ek ijitoak eremu hartatik berehala atera behar zituela, OMEk 2000n bertan agindu zion moduan. Aitzitik, kutsatutako zelai batetik bestera eraman zituen.

Zergatik ez zien Unmik-ek erreguei jaramonik egin? Ziurrenik, bere lehentasuna serbiarren eta albano-kosovarren arteko liskarrak saihestea zelako garai hartan. Ehunka ijitoren osasun egoera eta etorkizuna kolokan jartzerainoko lehentasuna, alegia.