Beñat Zaldua
KATALUNIAREN HISTORIA HURBILA

Irail zirraragarri eta trinko baten ondoren, urria Katalunia eta Espainia astindu zituen hilabetea izan zen

Urria ez da edozein hilabete Katalunian. Hil horretako seigarren egunean, 1934an, igo zen Lluis Companys Generalitateko jauregiko balkoira «Espainiako errepublika federaleko Estatu katalana» aldarrikatzera. Hamar ordu beranduago «Uruguay» itsasontzi militarrean zegoen preso bere sailburu gehienekin.

Errepikatu baino, historiak errimatu egiten duela zioen Mark Twainek, eta Kataluniak arrazoi ematen dio, gobernu erdia kartzelan eta beste erdia Belgikako erbestean dagoen egun hauetan.

Companysenak bezala, Kataluniako (eta Espainiako) historia liburuetan sartuko dira 2017ko urriko egunak ere. Dudarik ez. Egutegiak 31 egun ematen dizkio hilari, baina laburtzea omen denez xedea, lau egunetan utz dezakegu urriaren kontakizuna, Kataluniako historia hurbilera eta epe laburreko etorkizunera eramanen gaituzten mugarriak baitira.

Urriak 1

Zirraragarria izan zen iraila Katalunian. Gezurra dirudi hain egun gutxitan hainbeste gauza gertatu ahal izateak. Lehenengo astean Parlamentuak erreferendumaren eta trantsizio juridikorako legeak onartu zituen osoko bilkura polemiko eta mugitu batean. Ez zen indar subiranisten ekimen atseginena izan, baina urriaren 1ean iragarritako erreferenduma egin behar bazen, ezinbestekoa zen babes legal hori eskaintzea.

Egun horretatik aurrera, etenik ez. Diada jendetsu batek abiadura eman zion erreferendumaren kanpainari, Estatua nola edo hala oztopatzen ahalegintzen zen bitartean. Ez zuen lortu. Ez milaka polizia Espainiatik ekarrita –Piolinen itsasontzia da urte honetako irudietako bat–, ez irailaren 20ko sarekada handiarekin, ez zuen lortu hautetsontzi bakar bat ere atzematea.

Eta ez zuen lortu, jendeak bere etxean zituelako gordeta. Jendeak egin zuelako, instituzioekin elkarlanean, urriaren 1eko erreferenduma, munduari Espainiaren beste aurpegi bat erakutsi ziona. Bozkatu nahi zuen jendea jipoitzea eta hautetsontziak bahitzea ez baita Estatu batek eman dezakeen irudi hoberena. Baina bortizkeriarekin ere ez zuten erreferenduma bertan behera uztea lortu: milaka eta milaka lagunek parte hartu zuten (2,2 milioik). Kataluniak ez zuen independentzia irabazi egun hartan (%43k bozkatu zuten), baina aurrerapauso ikaragarria eman zuen.

Urriak 3

Erreferendumaren eguneko bortizkeria poliziala fresko buru-gorputzetan, sindikatu alternatiboek greba orokorra deitu zuten astearterako. Beste eragile asko batu ziren beste formulazio batekin: “Aturada de país”. Herri geldialdia. Milaka eta milaka lagun atera ziren hiri eta herrietako plazetara, eta Bartzelonako zentroa jendez gainezka kolapsatuta egon zen egun osoan. Puigdemontek urriaren 1eko erreferenduma Errepublika aldarrikatzeko mandatua zela onartu eta edozerk posible zirudien.

Estualdi nabarmenean zegoen Espainia eta Borboiko Felipe estatuburuak atera behar izan zuen zenbait gauza argi uztera. Bat, edozer gauza egiteko prest zegoela Espainiako batasuna mantentzeko. Armadaren komandanteburuaren ahotik zetorrela kontuan hartuta, mehatxua ez zen txantxa. Hurrengo egunetan Katalunian hartu ziren erabakietan ahaztu behar ez den faktorea da erregearen mehatxu garbia.

Urriak 10

Parlamentua Mossoek hartuta dago. Osoko bilkura erabakigarria iragarrita dago. Mundu osoko mila kazetarik baino gehiagok jarraituko dute saioa. Gai-zerrendan, puntu bakarra: Carles Puigdemont presidentearen hitzaldia. Uste izatekoa da independentzia aldarrikatuko duela, baina saioa hasi baino ordubete lehenago diskurtsoaren azken bertsioa iritsi da alderdi subiranisten mahai gainera: ez dago aldarrikapenik. Krisi unea nabarmena da, eta CUPek konfiantza kolokan jartzen du. Azkenean, Puigdemontek independentzia aldarrikapena iragarri baina stand by-n jarriko du, negoziaziorako tartea irekiz. Osoko bilkura bukatzean, diputatu independentista guztiek independentzia deklarazioa sinatu zuten beste areto batean. Aldarrikapena, beraz, ez da ofiziala baina existitzen da.

Hurrengo bi asteak nahasiak dira. Gauza asko argitzeko daude oraindik, baina badakigu, behintzat, nazioarteko eragileekin negoziazio edo bitartekaritza bat hasteko saiakerak bertan behera gelditu zirela Espainiaren ezetza dela eta. Erreferendumaren helburu nagusia negoziazio bat irekitzea zen, baina inork ez zuen Espainia horretarako behar bezainbeste estutu. Horiek horrela, bi aukera zituen Kataluniak: aurrera edo atzera.

Urriak 27

Hilabetea bukatzear dago eta Puigdemonten esku dagoen azken erabakia oraindik ez da ezaguna. Senatuak osoko bilkura dauka 27an, Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa onartu eta Generalitatea Madrilgo Gobernuaren esku uzteko. Bilerak amaiezinak dira. 27an, goizean goiz, zurrumurrua zabaltzen hasten da: Puigdemontek hauteskunde autonomikoak deituko ditu, independentzia aldarrikapena bertan behera utziz. Azken orduko mugimenduetan Iñigo Urkulluren eskua agertzen da.

Nahiz eta ERCko asko, ahapeka, ados dauden erabakiarekin, traizio akusazioak transbertsalak dira: CUPetik hasi eta Puigdemonten alderdiraino. Presidenteak, gainera, ezin du lortu 155. artikuluaren kontrako bermerik, eta azken orduan berriz aldatuko du iritzia: Parlamentuak erabakiko du zer egin independentzia aldarrikapenarekin. Azkenean, urriaren 27an bi titular nagusi eta kontraesankor nabarmentzen dira: Kataluniako Errepublikaren aldarrikapena eta Kataluniako autonomiaren esku-hartzea.

Addenda

Urria bukatu zen, baina Kataluniaren eta Espainiaren arteko auziak bere horretan jarraitzen du. Bortizkeriaren mehatxupean, aldarrikatutako Errepublika ez defendatzea erabaki zuen Puigdemontek, Belgikako erbestea hautatuz. Bitartean, 155a errealitate bihurtu eta Madrilek hartu du Generalitatearen agintea, Kataluniako Gobernu erdia kartzelatu ostean. Esku-hartzea mugatzeko Mariano Rajoyk deitutako hauteskundeetan, baina, katalanek berriz ere garaipena eman zioten independentismoari. Bueltatuko da orain Puigdemont Bruselatik? Bueltatuz gero, atxilotuko du Estatuak? Junqueras askatuko du Auzitegi Gorenak? Zer eginen du gehiengo subiranista berriak helburu duen Errepublika horretara hurbiltzeko? 2017. urtearen ondoren ezer ez da berdina izanen Katalunian, baina hemen ez da ezer bukatu. Erne, urte berriarekin batera, kapitulu berriak.