Nekane Zinkunegi Barandiaran

Zapaltzen gaituenaren ispilu

Denok ezagutzen dugu etxean ispilurik ez duen norbait. Edo, behintzat, ispilura begi gardenekin begiratzen ez duela dirudien norbait. Haren sukaldeko zikinkeria ezkutatu nahian, besteren ezkaratzak erraztu beharraz aritzen dena. Jendearekin dituen liskarretan duen ardura estaltzeko, bera biktima den pelikulak asmatu, sinetsi eta sinetsarazten dituena.

Eta norbait horrek nekatu egiten gaitu, mindu, huts egiten digu. Baina nekatzeraino huts egin digunean, indartu ere egiten gaitu. Ikasi dugulako haren hitzei eman beharreko garrantzia neurtzen. Hark hartutako konpromisoen zain ez egoten. Ohi baino jatorrago datorkigunean, hotz antzean erantzuten. Eta errieta tonua entzuten diogunean, etxean falta duen ispilu horren funtzioa betetzen.

Noski, ipuinen korapiloak askatzeko mila modu ezagutzen ditu norbait horrek. Eta buelta ematen dio edozein istoriori: bera jartzen da biktimaren lekuan, eta guri, huts egin diogula leporatzen digu.

Ohartu gara, ordea, berak baino lehen, narratzaile papera guk hartzeak duen garrantziaz. Konplizeak topatzeak ematen digun indarraz. Norbait horrek, gu bakartzeko ahaleginean, antzera tratatzen gaituenak elkartzea lortzen duelako.

Mundua bere aurka dagoela esanez bere buruaren alde egiten duenak, finean, bere buruaren aurka diharduelako. •