20 ENE. 2018 Programazioa, edonorentzako ikasgai Olatz Perez de Viñaspre EHUko Informatika Fakultateko ikerlaria Azken urteetan, jende asko hurbildu zait, informatikaria izan ez baina programatzen ikasi nahi zuela esanez. Gaur egunean, informatikarien gaitasunetara bakarrik mugatzen den gaitasun bat ematen badu ere, programatzen ikastearekin batera ia edozein lanbidetan erabilgarriak izan daitezkeen gaitasunak lantzen dira. Programatzen ikastean, pentsatzeko modu ezberdin bat ezagutzen da. Ez da matematiketan integral bat ebazten ikastea, pentsatzeko modu berri bat ikastea da. Hezkuntza formaleko curriculumean pentsaera konputazionala garatzeko iniziatiba ugari dago munduko herrialde askotan, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Hainbat herrialdetan, hasiak dira pentsaera konputazionala lantzen, hala nola, Erresuma Batuan ikasgai berri bat sortu dute, eta Finlandian, berriz, matematikako ikasgaian sartu dute. Pentsaera konputazional horretako gaitasun bat da programatzen ikastea. Baina zer da, ba, programatzea? Programatzean, ordenagailuari urratsez urrats adierazten diogu zer egin behar duen ataza bat ebazteko; horri algoritmoa deitzen zaio. Soluzioa ahalik eta orokorrena izan behar da, eta, ondorioz, programatzaileak ataza horren aldaera guztiak aurreikusteko gaitasuna izan behar du. Hau da, programatzen ikastean ere, orokortzeko gaitasuna lantzen dugu. Esan bezala, programatzean ataza bati irtenbidea bilatzen diogu. Irtenbide horren planteamenduan, jatorrizko ataza beste ataza txiki eta sinpleagoetan banatzen da, eta horrek asko errazten du prozesu guztia. Hau da, hasierako eginbeharra zatitu egiten da ataza txiki eta independenteetan, eta guztiak konbinatuz irtenbidea lortzen da. Hori horrela izanik, programatzen ikasteak arazoak zatitzeko eta sinplifikatzeko gaitasuna garatzen ere laguntzen du. Sormenari ere eragiten dio programazioak. Izan ere, ataza batentzat beti dago irtenbide bat baino gehiago, eta bide eraginkorrena bilatzea izaten da programatzaile baten lana. Horretarako, irudimenak, sormenak eta abstrakziorako gaitasunak berebiziko garrantzia hartzen dute. Code.org web orriaren arabera, Floresa irakaslearen hitzetan, «programatzeak sormena, inspirazioa eta berrikuntza pizten ditu, denak ezinbestekoak edozein lanbidetan». Baina ez hori bakarrik. Azken boladan, programatzen jakitea bestelako lanbideetan ere eskatzen hasiak dira, eta geroz eta ohikoagoa izango da programatzen dakien matematikari bat, biologo bat edota soziologo baten curriculuma eskatzea lanpostu berrietarako. Azpimarratzekoa da diseinu eta marketineko lanpostu berrien bi herenetan programatzeko gaitasuna eskatzen dutela, Burning Glass Technologies eta Oracle Academy enpresek kaleratutako ikerketa baten arabera. Programatzen ikasteak, inplizituki ekartzen dituen gaitasunen lanketaz gain, gaur egungo mundu digitala ulertzen laguntzen digu. Era berean, erabiltzen dugun ordenagailu zein mugikorren funtzionamendu orokorra hobeto ulertzeko ere balio du. Hamaika ikastaro daude sarean programatzen ikasteko, eta udaberrian Udako Euskal Unibertsitateak ere on line ikastaroa eskainiko du. Animatu, eta astindu burua! •