Iker Barandiaran

Dosi txikietan landutako lorpen handiak

Arrasateko Kooltur Ekintza taldeak zazpi denboraldi egin ditu eta dagoeneko oso aurreratuta dauka Kooltur Ostegunak programazioaren zortzigarrena. Urritik maiatzera bitartean, denboraldi bakoitzean ostegunero kontzertuak antolatzen dituzte Arrasateko gaztetxean. Ostegunero talde bakarra eramaten dute gaztetxeko agertokira, emanaldiak beti 22:00etan puntuan hasten dira eta orain arte beti sarrera bost eurokoa izan da. Sarreran jasotako guztia artistarentzat da, eta ostegunetan tabernan jasotako diruarekin zazpi urtetan soinu ekipamenduaren inbertsioa ordaindu dute; orain argien inbertsioarekin ari dira. Kooltur Ekintzan parte hartzen duten kide guztiek lan boluntarioa egiten dute. Ez dira gaztetxeko asanbladako kide, ostegunero espazio horretara musika proposamena ekartzen duten erabiltzaileak baizik. Eta kideen artean badira soinuaz arduratzen direnak, argiez, afariaz, tabernaz, musika taldeen kontratazioaz, promozioaz, tabernaz… Bitxikeria moduan, kideen artean hiru belaunaldi jasota daude. Guztiak dira musika zaleak eta bakoitzak eginkizun zehatz batzuk hartzen ditu bere gain: gainera, beraien artean badira eskarmentu handiagoa dutenak eta baita hasiberriak diren gaztetxoak ere; nahasketa horrek izugarri aberasten du egunerokoa, eta, jakina, emaitza ere bai. Kooltur Ekintzaren helburua da Arrasaten kultura eskaintza bermatzea, eta hala dihardute gogo handiz.

Hasieratik pentsatu zuten musikari eta bestelako artistei merezitako tratua eman behar zitzaiela: emanaldietarako areto egokia, soinu eta argiteria aproposak, jatekoa, lo egiteko aukera eta, jakina, egindako lanarengatik ordaintzea. Hori guztia bermatzen ahalegindu dira astero-astero azken zortzi urteotan. Arrasateko gaztetxea emanaldietarako areto oso aproposa da, eta behin proposamena eginda gaztetxeko asanbladak gogo onez hartu zuen asmoa. Eta behin espazioa aukeratuta, lanean jarri aurretik, soinu ekipo duin bat eskuratu zuten, ostegunetan tabernan ateratako etekin apurrekin poliki-poliki ordaindu ahal izan dutena.

Argi dute gaztetxe baten testuinguruan emanaldietako sarreren prezioek ahal den heinean merkeak behar dutela izan, baina, era berean, ikusleak kulturaren truke ordaintzen heztearen aldekoak dira Kooltur Ekintzakoak. Horregatik, bost eurotan ezarri zuten sarrera, talde ezagunentzat zein proposamen berrientzat jarri ohi duten prezio bera; garestia ez baina duina haien esanetan.

Artista gehienak, errepikatzeko prest

Artista eta talde asko izan dira Arrasateko gaztetxeko Kooltur Ostegunetan: atzerrikoak, Euskal Herrikoak... Horietako batzuk oso ezagunak dira eta gehienek errepikatu nahi izaten dute. Denboraldi bakoitzean 30 bat kontzertu antolatzen dituzte; hortaz, dagoeneko, formatu honetan 200 emanalditik gora egin dituzte jada. Estiloetan ere oso anitza da Kooltur Ostegunetako proposamena: rock-and-roll indartsuenetik folkera, jazzetik elektronikara edo post-rocketik soulera, beste proposamen askoren artean.

Arrasateko talde honen helburua da kalitatezko proposamenak lortzea eta, ahal bada, estilo aniztasuna bermatzea; erabat irekita daude. Gainera, talde guzti-guztiei, txiki zein handiei, eskaintza bera egiten diete: soinu eta argiztapen ona, areto txukuna, jarrera profesionala, gertuko tratua, baldintza egokiak eta sarrerako dirua. Zortzi urteotan ostegunetan Arrasateko gaztetxeko agertokitik pasa den taldeen zerrenda amaiezina da, nahiz eta tamalez asko kanpoan gelditu ohi diren guztientzat lekua ez dagoelako, baina esperientziak bizi-bizi jarraitzen du. •